Gaspar Jauregi Urretxun jaio zen 1791ko irailean, Migel Jauregiren eta Eskolastica Jauregi Izagirreren seme. Artzaia zuen aita, eta txikitatik harekin batera ibili zenez, ederki ezagutzen zituen inguruko bazterrak.
1809an, frantziar inbasioa gertatu eta hurrengo urtean,[1]gerrilla batean sartu eta frantsesen zenbait mezulariri eraso zien. Napoleondar tropek bere gerrillari egindako presioaren ondorioz, Nafarroan babestu behar izan zuen, eta han Espoz Minaren "Corso Terrestre" gerrillan sartu zen. Espozen aginduetara hilabete batzuk eman ondoren, Nafarroan borrokan zebiltzan 60 bat giputz Jauregiren esanetara jarri zituen hark, gerrilla borroka Gipuzkoara hedatzen saiatzeko.
1811tik1813ko udan frantsesak bota zituzten arte, etengabe borrokatu zen Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian. Balentria ikusgarriak egin zituen Deban eta Lekeition, eta erabakiorrak izan ziren berak gidaturiko batailoiak Gasteizko eta IrungoSan Martzialgo guduetan. Tomas Zumalakarregi idazkari izan zuen, eta honek irakatsi omen zion irakurtzen eta idazten.[2] Gerra amaitzean, koronel maila zuen baina, karrera militarrean jarraitu beharrean, negozioetan hasi zen, tratulari, Urretxuko alkate izateaz gain.
Hirurteko Liberalean gobernuaren alde egin zuen, eta Boluntarioen Milizietan ibili zen gerrilla errealistan sartu ziren bere kide izandakoen aurka -Zumalakarregi tartean- borrokatuz. San Luisen Ehun Mila Semeen etorrerarekin batera monarkia absolutua berrezarri zenean, Frantzian erbesteratu zen. 1824koamnistia eta gero herrira itzuli zen, baina 1830ean berriro zegoen erbestean, Baionan hain zuzen ere. Han ibili zen sistema konstituzionala berrezartzeko inbasioa antolatzen, Espoz Minarekin batera. Asmo hark herriaren babesik lortu ez eta porrot egin zuenez, erbestera itzuli zen.
Fernando VII.a hil ondoren, agintari liberalek deitu egin zuten karlisten aurkako tropa gipuzkoarrak gidatzeko. Brigadier izendatu zuten eta gerra hartako gudu nagusietan ibili zen, Gipuzkoako Boluntarioen zutabe mugikorra, txapelgorriak. alegia, gidatuz. Bere laguntzailea izandako Zumalakarregiren aurka borrokatu behar izan zuen berriro ere, Ormaiztegin eta Deskargan adibidez, eta porrot latzak jasan zituen.
Karlismoaren aurkako jarrera irmoa izan zuen, baina herritar arruntak errespetatuz eta probintziari ahalik eta kalte gutxien egiten saiatuz. Horregatik, Rodil eta O'Donnellen tankerako jeneral ankerrei aurre egin zien. Osasunez pattal zebilenez bere ardurak utzi behar izan zituen. Gerra amaiera aldean MuñagorrirenBakea eta Foruak lemara gerturatu zen, gobernu konstituzionalari zion leialtasunak harekin bat egitea galarazi zion arren.
Bergarako besarkadaren ondoren, probintziako mugen arduradun jarri zuten Behobian. 1841eanEsparteroren aurka eta foruen alde matxinatu zen, baina arrakastarik izan ez eta erbesteratu egin zen berriro. Baionan bizi izan zen 1843an Esparterok boterea galdu zuen arte. Euskal probintzietako kapitain jeneral izendatu zuten orduan. Azkenean, Arabako komandante jeneral izendatu zuten, eta ardura hori zuen 1844anGasteizen hil zenean.