Francisco Espoz Ilundain (Idotzin, 1781eko ekainaren 17a – Bartzelona, 1836ko abenduaren 24a), Francisco Espoz Mina izenaz ezagunagoa, nafar militar eta politikaria izan zen. Frantzisko Xabier Mina bere iloba izan zen.
Bizitza
Idotzinen jaio zen 1781eko ekainean, nekazari euskaldunen sendi apal batean.[1] Frantsesen inbasioa gertatu ondoren, 1809an bere iloba Frantzisko Xabier Minak gidatutako "Nafarroako lurreko kortsarioak" (gaztelaniaz: Corso terrestre de Navarra) izeneko gerrillan sartu zen oldezko gudari. 1810ean iloba espe hartu zutenean, Espoz gerrillako buru jarri zen haren ordez. Izugarrizko gogortasun, zuhurtasun, ankerkeria eta goranahi handiak erakutsi zituen berehala, ederki ezagutzen zituen bere gizonak eta inguruko lurrak. Nafar dibisioaren diziplinari eusteko, lehiakideak eta adiskide izandakoak fusilatu behar bazituen, ez zen kikiltzen. Ezinean eduki zuen frantses gudarostea Nafarroan, Aragoin eta Gipuzkoan. 1812an landa-marexal izendatu zuten.
Gerra amaitzean Fernando VII.aren aurka matxinatu zen, Cadizko Konstituzioa berrezarri nahian, eta azkenean erbesteratu egin behar izan zuen. 1820ko iraultzari esker, penintsulara itzuli eta Donezteben Konstituzioa aldarrikatu zuen urte hartako martxoan. Handik egun batzuetara Iruñean sartu eta Nafarroako komandante jeneral izendatu zuten.
1821eko urtarrilean Galiziako komandante jeneral izendatu zuten, eta sona errepublikazalea lortu zuen ardura hartan. Ordurako framazonerian sartua zebilen. 1822ko uztailean errealisten aurka borrokatzera bidali zuten Kataluniara. Bere indar handia eta gehiegizko krudelkeriak oihartzun handia izan zuten, erregezaleak menderatu ondoren Castellfollit de Riubregós herri txikia suntsitu zuenean, adibidez. Absolutismoa berrezartzeko frantziarrak Espainian sartu zirenean, bere aginduetara zegoen Bartzelonako gotorlekuan amore eman eta Ingalaterrara erbesteratu zen.
Ingalaterran eta Frantzian zeuden erbesteratuen konspirazio askotan esku hartu zuen. 1830eko Frantziako iraultzaren ondoren, inbasio liberal baterako garaia iritsia zela iritzi eta Berako espedizio ezaguna gidatu zuen urrian, Jauregi "Artzaia"rekin batera. Espedizio haren porrotaren ondoren, biek erbesteratu egin behar izan zuten berriro.
Karlistaldia piztean, Maria Kristina erreginordeak emandako amnistiaz baliatu zen, eta Nafarroako erregeorde izendatu zuten handik gutxira. 1834ko irailean haren esku utzi zuten karlisten aurkako borroka Euskal Herrian. Bi urte geroago hilko zuen gaixotasuna hartua zuen ordurako. Zumalakarregirekin borrokatu zen Larremiarko guduan, eta ozta-ozta ez zuten preso hartu. Porrot militarrek suminduta zeukaten, eta karlistek Lekaroz inguruan ezkutatutako kanoi batzuk kosta ahala kosta aurkitzeko irrikatan zebilen. Horregatik, informazioa eman nahi ez zioten herritar batzuk fusilarazteko eta herriari su emateko agindu zuen. Eliza eta hiru etxe baino ez ziren salbatu. Handik egun gutxira bere kargua utzi zuen.
1835eko urrian Kataluniako kapitain jeneral izendatu zuten, bere gaixotasunaren ondorioz denbora gehienean ohean etzanda egon behar zuen arren. Arrakasta militar gehiago ere izan zituen, baina Cabreraren ama fusilatzeko aginduak eta antzeko neurri ankerrek ilundu egin zuten haren entzutea. Bartzelonan hil zen 1836ko abenduan.
Erreferentziak
- ↑ Esparza Zabalegi, Jose Mari. (2012). Vasconavarros: Guía de su Identidad, Lengua y Territorialidad. Txalaparta, 264 or. ISBN 978-84-15313-41-0..
Kanpo estekak