Gabriel Falopio[1] (Modena, 1523 – Padua, 1562kourriaren 9a) italiar anatomia-ikertzaile eta irakaslea izan zen, belarriaren eta ugalketa-organoen ezagueran aurrerapen handiak egin zituena. Haren abizenetik eratorriak dira umetokiko Falopioren tronpen eta belarriko Falopioren akueduktuaren izenak, besteak beste.
Biografia
Modenako katedralean kalonje zela, Ferrarako Unibertsitatean anatomia-ikasketak egin zituen, eta hango irakasle izan zen gero. Ondoren Pisako (1548) eta Paduako (1551etik aurrera) unibertsitateetan ere jardun zuen irakasle. Anatomiaren urrezko aroan aritu zen arlo horren irakaskuntzan: disziplina autonomo bilakatu zen orduan anatomia, ikerketa-esparru propioa hartuta eta teknika aurreratuekin egindako disekzioei esker. Paduako unibertsitatean, esaterako, Gabriele Falopiok urtean 7 gorputik gora disekatu ahal izan zituen, garai hartarako bitxia zena.
Umetoki eta obulutegiak elkarrekin lotzen dituzten hodiak (Falopioren tronpak), aurpegiko eta buruko nerbio nagusiak, barruko belarriko zirkulu erdiko hodiak (barakuilua) aurkitu eta deskribatu zituen. Andres Vesaliorekin batera berebiziko eragina izan zuen medikuntzak Pizkundean izan zuen aurrerapenean. Paduako lorategi botanikoko superintendente ere izan zen. Haren omenez landare genero bat Fallopia izendatu zuten.
40 urte bete baino lehen zendu zen Paduan, eta San Antonio basilikan hobiratu zuten.
Aurkikuntzak
Giza enbrioiaren anatomia argitu zuen lehen zientzilaria izan zen Gabriel Falopio. Dena den, haren lan nagusiak giza garunaren nerbio sistemari buruzkoak eta emakumeen genitalei buruzkoak izan ziren.
Nerbio sistema
Andres Vesalioren lanak zuzendu eta hobetu zituen Falopiok begiaren anatomiaren alorrean, kristalinoaren eta gorputz ziliarraren kokapenak zehaztuta.
Klitoriaren eta zakilaren arteko egiturazko analogiari erreparatu zion Gabriel Falopiok, eta erakutsi zuen koitoan zehar zakila ez dela umetoki barrura sartzen. Izan ere, umetokiaren lepoa eta baginako tolesdurak nahastu egiten zituzten lehenago. Hala, bagina hitza asmatu egin zuen.
Haren izena umetoki-tronpak edo Falopioren tronpak aurkitzeagatik da ezaguna, baina lehenagoko autore batzuek jada ezagutzen zituzten hodi horiek, esaterako, Antzinako Greziako Rufus Efesokoak.
Haren heriotzaren ondoren publikaturiko De morbo gallico (1564) lanean sifilis-az babesteko preserbatibo moduko bat erabiltzea proposatu zuen, 1.100 gizonezkorekin haren eraginkortasuna probatu ondoren. Honela deskribatzen zuen: « Demum cum coiverit ponat supra glandem et recurrat praeputium », koitoa izan ondoren erabili beharrekoa zela nabarmenduta.
Lanak
Hauek izan ziren Gabriel Falopiok argitaraturiko lan garrantzitsuenetako batzuk:
De Metallis atque Fossilibus, 1557.
Observationes anatomicae, Venezia 1561, Kolonia 1562 (sarean) et Paris 1562 (sarean) ; G. Righi eta P. Di Pietrok italierara itzulia, Modena, 1964.
Secreti diversi et miracolosi ne, Venezia, 1563 (sarean)
De medicatis aquis atque de fossilibus, Venezia 1569 (sarean)
De morbo gallico, Padua 1563, Venezia 1574 (sarean)
De partibus similaribus humani corporis, Nuremberg, 1575.