Friedrich Hölderlin (Lauffen, Wurtenberg, Alemania, 1770eko martxoaren 20a - Tübingen, Alemania, 1843ko ekainaren 7a) olerkaria izan zen.
Bizitza
Aita hil zitzaion oso gazte zela. Laster bereizi zuten amarengandik, eta teologiako ikasketak egitera eraman zuten Tübingengo apaizgaitegi protestantera; han Schelling eta Hegel ikaskideekin harremanetan jarri zen. 1793an ministro protestante izateko ikasketak egin zituen, gerora lanbide horretan sekula jardun ez bazuen ere. Frantziako Iraultzaren askatasun-ideiak kantatu zituen lehen poemetan (1789-1794), eta Grezia klasikoarekiko mirespena agertu zuen. Fichteren ikasle eta Schillerren adiskide izan zen Jenan, eta Weimarren Goethe eta Herder ezagutu zituen (1794-1795).
Frankfurten Gontard bankariaren seme-alaben irakasle gisa lan egin zuen (1795-1798). Haren emazte Suzettez maitemindu zen, eta hura izango da Diotima izenaren pean Hölderlinen obran agertzen den greziar emakume ideala. Harremanak moztera behartu zituzten (1799), eta Suitzan (1801) eta Frantzian (1802) bizi izan zen, zenbait familia ahaldunen etxeetan irakasle.
1804an adiskide bati esker eskuraturiko lanean, liburuzain jardun zuen, baina eskizofreniaren lehen zantzuek jota zuten orduko. Tübingengo eroetxean egonaldi bat egin ondoren, 1807tik hil artean, 37 urtez, zurgin baten etxean, Neckar ibaiaren ertzean, dorre batean bere burua itxirik bizi izan zen, Scardanelli goitizenez izenpeturiko olerki bitxiak idazten zituela.
Idazlanak
Hölderlinen obran poesia-lana da ezagunena. Frantziako Iraultzak eragindako ereserkien ondoren, Hymne an die Menschheit (1791, Gizadiari ereserkia), Hymne an die Liebe (Amodioari ereserkia), Grezia klasikoa eta hango mitologia orainaldiko egoeretan eta esperientzietan itsasi zituen, neurri klasikoetara hurbiltzen diren olerkietan: Natur und Kunst oder Saturn und Jupiter (Natura eta artea edo Saturno eta Jupiter), Ganymed (Ganimedes), An die Parzen, Hyperions Schicksalslied (Hyperionen patuari kanta), Der Archipelagus, (1800, Uhartedia). Beste zenbait poematan, hala nola Brot und Wein (Ogi eta ardoa), bere sorterriari kantatzen dio. Poesiaz gainera, Hölderlinek Hyperion oder der Eremit in Griechenland (1797-1799, Hyperion edo Greziako eremutarra) gutunez egindako eleberria eta Der Tod des Empedokles (Enpedokleren heriotza) tragedia bukatu gabe utzi zituen.
Erreferentziak
Azurmendi, J. 2011: "Filosofia eta poesia: Platon eta Homero, Heidegger eta Hölderlin" in Joxe Azurmendi (arg.), Filosofia eta poesia, Donostia, Jakin ISBN 978-84-95234-43-8
Kanpo loturak