Franco Corelli, jaiotza-izenez Dario Corelli (Ancona, Markak, Italia, 1921eko apirilaren 8a - Milan, 2003ko urriaren 29a) italiar tenorra izan zen.
Biografia
De Sabata orkestra-zuzendariak animaturik, adinez nahiko heldua zela sartu zen kantagintzaren munduan. Milanen musika-ikasketak egin ondoren, lehen aldiz 1951n abestu zuen, Carmen operan. Mario Del Monacoren ordezkapen-lanak egiten hasi zen, eta hark kantatzeari utzi zionean, haren lekua hartu zuen Milango Scalan eta New Yorkeko Metropolitan Opera Housen.
Giulini, Seraphin, Von Karajan eta Erede zuzendari handiekin eta bel canto-ko urrezko garaiko kantari nagusiekin abestu zuen, batez ere Maria Callasekin. Besteak beste, ondorengo operak kantatu zituen: Verdiren Aida, Il trovatore, Ernani eta La forza del destino; Pucciniren Tosca, Manon Lescaut eta Turandot; Bizeten Carmen; Belliniren Norma, eta verismoko lan guztiak.
1974an hartu zuen erretiroa, eta 1991 eta 1992an, Italiako Giuseppe Verdi eta Espainiako Francesc Viñas izeneko lehiaketetan epaimahaikide izan zen.
Erreferentziak