Errepublikaren alde borrokatu zen Espainiako Gerra Zibilean, kapitain-kargua zuela, eta gudua amaitzean erbestera alde egin behar izan zuen. Mexikon nazionalizatu zen, 1941ean. Ondoren, 70eko hamarkadan, Ameriketako Estatu Batuetara jo zuen, eta hango herritartasuna eskuratu zuen, 1978an.
Hormigoi armatuzko estalki ahalik eta meheenak nola egin izan zuen ikergai bizitza osoan. Ekarpen handiena, berriz, paraboloide hiperbolikoetan oinarritutako arrautza-oskolaren formako egiturak ditu, arkitekturan eraginkortasun handia dutenak.
Hauek dira Candelaren eraikin nagusiak: Mexikoko Unibertsitateko Izpi Kosmikoen laborategia (1952), horren hormigoizko estalkiak 15 mm-ko lodiera du; Mexikoko La Milagrosa eliza (1953); Xochimilcoko Los manatiales jatetxea (1958); eta Mexikoko 1968ko Olinpiar Jokoetarako, beste bi arkitektorekin batera, eginiko Kirolen Jauregia.
Bere azken lana egiten ari zela (Valentziako L'Oceanogràficakuario erraldoia), bihotz-gaixotasun baten ondorioz, Valentzia utzi eta Estatu Batuetara joan behar izan zuen. Han hil zen 1997ko abenduan.