Euskal Herriko zinemaren aitzindariek 1895 eta 1936. urteen artean jardun zuten. Aitzindari haiek ez zuten baliabide ekonomiko handirik eta ekoizpen eta banaketa egitura ere ez zen ona. Horregatik, 1920ko hamarkadan aitzindariek zenbait film egin bazituzten ere ez zuten arrakastarik izan.
Hastapenak
1895ekoekainaren 4an, Parisko Boulevard des Capucinesko Grand Caféan eskaini zen zinematografoaren lehenengo emanaldi publikoa. Zazpi hilabete beranduago iritsi zen zinematografoaren lehen emanaldi publikoa Euskal Herrira.
Azken ikerketa historikoen arabera, Euskal Herriko zinemaren erabateko aitzindariak Antonio Salinas argazkilari gasteiztarra eta haren kide Eduardo de Lucas izan ziren. Pertsona horiek beren aurrezkiekin Lumière kamera bat erosi zuten, eta kamera horrekin 1897anGasteizko Plaza Zaharraren bistak hartu zituzten –gaur egungo Andre Maria Zuriaren plazan. Irudi haiek ekainaren hasierako hamabi egunetan hartu zituzten eta horregatik, estatuko zinemagintzako zaharrenak dira. Izan ere, Salida de Misa de 12 en el Pilar de Zaragoza” 1897kourriaren 12an filmatu zen, eta Coruñan filmatutako El Entierro del General Sanchez Bregua, berriz, ekainaren 20an filmatu zen.
Zimematografoaren asmatzaileekin izandako harremanak ez zuen jarraipenik izan eta horrenbestez, zinema mutuak ez zuen arrakastarik izan, gutxi egin ziren eta egin zirenak kalitate txarrekoak ziren. Nahiz eta batez ere Bizkaia industria hazkunde batean zegoen eta inbertsio berrietarako dirua bazegoen, hori ez zen islatu Euskal Herriko zineman, ez baitzen ekoizlerik egon. Zinematografiak Euskal Herriko lurraldeetan arrakasta ez izanaren beste arrazoietako bat eskaria handia eragiteko populazio handiko hiririk ez egotea izan zen.
Euskal Herriko zinemaren hastapenaren bigarren aldia
1920ko hamarkadan, euskarri ekonomikorik ez zegoen eta ekoizpen- eta banaketa-egitura ere urria zen. Hala ere, egon ziren zenbait ekoizle nahiz eta euren ibilbideak ez zuen luze iraun.
Ekoizleetako bat Teófilo Mingueza arabarra izan zen eta Josetxu lan amaitu gabearen egilea izan zen[1], txirrindularitzako izar, argazkilari, irratiko telegrafista izateaz gain. Nobelako pertsonaia Gasteizko zinema batean operadore izan zen nobelako pertsonaia bat zen eta bi objektiboko kamera batez hogeita hamarreko hamarkadaren hasieran erliebeko zine-sistema bat asmatu zuen, eta bista panoramiko ikusgarriak hartzeko angelu handiko kamera bat ere zuen.[2]
Ondorengo ekoizlea Manuel Intxausti kultur mezenasa izan zen. Zinemak herrien oroimenaren artxibo moduan eskaintzen zituen aukerez jabeturik, 1923 eta 1928 bitartean zenbait dokumental antropologiko filmatu zituen, Eusko Ikusgayak izenpean, gure herriko folklorearen eta usadioen alderdi nagusiak jasoz. Horrenbestez, Intxaustik ordura arte espainiar estatuan ezezaguna zen genero bat estreinatu zuen: zinema etnografikoa.
Hispania Film (1923-1925)
Intxaustiren ekimen pertsonalaz gain, Euskal Herrian helburu komertzialez ezarritako filmen lehenengo ekoizpen-enpresa izan zen Hispania Film. 1923anBilbon bizialdi laburreko zinema-akademia baten errautsetatik sortutakoa zen. Enpresa Alejandro Olabarria erlojugileak eta Aureliano González argazki-enpresariak jarri zuten martxan.
Hispania Filmek 1923 eta 1925 bitartean lau film ekoitzi zituen, Un drama en Bilbao izeneko metraje ertaineko filmarekin hasita. Filmaren gaiak ekintza eta melodrama uztartzen zituen: Ricardo izeneko gazte dirudun batek bere ama larri zegoela jakin zuen eta ziztu bizian beragana jo zuen; ez zekien Malaentraña bidelapurrak prestatutako amarru bat zela. Honek Kastrexanako gainean gaztea tirokatu zuen, gaizkideak txoferra erasotu zuen bitartean. Txoferrak ihes egitea lortu eta poliziarengana jo zuen eta honek Malaentraña agudo atxilotu eta gaizkidea hesitu zuen, eta azken hau Nerbioi ibaian itota hil zen. Ricardo ere hil egin zen, bere maitearen besoetan.
Hispania Film-en bigarren filma, 1924koLolita la huérfana izan zen. Dirudienez Aureliano Gonzálezek bakarrik egin zuen, Olabarria bere kide ohiaren gidoiaz. Kontakizuna: aita amatzakoek gaizki tratatutako neska-umezurtz behartsu bat Bilboko kaian atrakatutako merkantzia-ontzi batean gorde zen; alabaina, ezkutuko bidaiaria aurkitu egin zuten, kapitaina neskatoaz gupidatu eta bere istorio tristea konta diezaiola erregutzen dio. Flash backaren amaieran, marinelak, hunkituta, zorigaiztoko Lolitari etorkizun oparoa segurtatu zion.
Euskal Herriko zinemaren historiako lehen film luzea, Edurne, modista bilbaína izan zen. 1924koabenduaren 29an estreinatu zen, Bilboko Olimpia zineman. Hispania Film en hirugarren ekoizpen horretarako, Aurelianok bazkidetzat hartu zuen Telesforo Gil del Espinar, La Gaceta del Norte egunkariko zinema kronikak argitaratzen zituen posta-funtzionarioa. Honek gidoia idatzi eta filma zuzendu zuen eta Aureliano gerente lanetan aritu zen. Helburua zen filmean «Euskal Herriko eraikin bikain, fabrika, meatze eta abar guztiak» agertzea, berori herrialde orotara hedatzeko estrategia gisa, aurreko ekoizpenak ez baitziren Bilbotik kanpo erakutsi. Filmerik ekarpen handiena garai horretako ikusle aniztasunaren aurrean, ijito eta espainiar nazionalismoa eta eusko nazionalismoaren aurrean, bestelako bide bat agertzea izan zen, hau da, arazo sozial ugariko Euskal Herri hiritar eta industrial bat islatu nahi izan zuen.
Edurne, modista bilbaínak arrakasta handia izan zuen. Euskal Herriko zinemaren lehen arrakasta izan zen, eta hilabete batzuen buruan 7.600 pezetako hasierako inbertsioa bostez biderkatu zen. Hala ere, 1925ean Hispania Film desagertu egin zen. Hala ere, Aureliano González enpresaren sortzaileak Euskal Herriko zinemaren lehenengo komedia filmatu zuen: Atanasio en busca de novia.
Estudios Azcona (1925-1930)
Hispania Film-i Barakaldon kokatutako Estudios Azcona ekoizpen-etxeak eman zion jarraipena. Mauro eta Víctor Azkona argazkilariek Bizkaiari buruzko dokumental-sorta bat eta Espainiako zinemagintzaren lehenengo metraje laburreko publizitate filmak –Los apuros de Octavio (1926) eta Jipi y Tilín (1927) ekoitzi zituzten, esaterako.
El mayorazgo de Basterretxe filmaz Euskal Herriko zinema mutuak kalitate-mailan goia jo zuen 1928an. Film luzearen bereizgarri nagusia Euskal Herri tradizionala birsortzeko arreta formala izan zen, garaiko publizitateak adierazten zuen moduan: Joan den mendeko Euskal Herriko usadio xume eta patriarkalak zehazki deskribatzen dira. Baserriarekiko maitasuna. Itsasoarekiko jaidura. Amodio eztiak. Zekenkeria eta zitalkeriaren aurka. Filmean, industrializazio aurreko mundu ia ametsezko bat kontatzen da. Josetxu, Mirentxu edo Txomin izeneko baserritar zintzo eta langileek euren aurka azpijokoan zebiltzan Timoteo Castell, Paquito edo Lagarto burgesei aurre egin behar zien, euren zoriontasuna zapuzteko ahaleginean baitzebiltzan. Hala ere, porrot egin zuten burgesek euren nahia lortu nahian. El mayorazgo de Basterretxe filmak geroko Euskal Herriko zinema historikoan topiko bihurtuko zen eredu bat taxutu zuen.
Zinema soinuduna heltzearekin batera filma Madrilen eskaintzeko aukera ezerezean geratu zen, eta ezin izan zuten inbertsioa, 40.000 pezeta ingurukoa, osorik berreskuratu.
Hogeita hamarreko hamarkada
1929ko crackaren ondoriozko krisi ekonomikoak, Espainiako Bigarren Errepublika eta Espainiako Gerra Zibilaren garaiko egoera politikoak eta, gainera, zinema soinuduna filmatzeak eskatzen zuen inbertsio handiagoak eraginda Euskal Herriko zinemak gainbehera izan zuen. Lanik aipagarrienak gatazka politikoaren zerikusia zutenak izan ziren, dokumentalen generoak garapen handia izan zuen.
Espainian ekoitziriko propaganda ideologikoko lehenengo film luzeko dokumentalaren egilea Teodoro Ernandorena izan zen. Filma 1933koa da, eta Euzkadi du izena. 1936ko altxamendua baino apur bat lehenago estreinatutako Trotz Tichahuer alemaniarraren Sinfonía Vasca metraje laburreko filmak joera ideologiko bera agertzen zuen.
Hamarkada berean, Nemesio Sobrevila bilbotar dokumentalgile, arkitekto eta zinegileak Guernika (sic) ekoitzi zuen. Gerra betean, Sobrevilak –ordurako film esperimentalen egilea– Espainiako gerra zibilari buruzko irudiak filmatu zituen eta hori egiteagatik, erregimen frankistak Sobrevilari heriotza zigorra ezarri zion, eta horregatik Frantziatik egotzia izan zen.