Artikulu hau testu-tipoari buruzkoa da; ikurra gaitzat duena beste hau da: «Marratxo»
Gidoia (Heg.)[1][2], konta-haria[2] edo gertakizuna[2][3][4], komiki gehienek, film gehienek eta telesaio eta irratsaio askok oinarritzat hartzen duten testu-tipo bat da. Hari-idazleek asmatzen dute film edo irratsaioaren trama eta testu batean idazten dute zer gertatuko den, nola, non, etab. Pertsonaien arteko elkarrizketak izaten dira konta-harietako parte garrantzitsua. Horretaz gain hari-idazleek kontalari baten edo batzuen off-ahotsa eta beste hainbat baliabide erabil ditzakete.
Teknikak
Konta-hariak idaztea teknika berezkoa da, berezko ezaugarri dituena beste idazkuntza batzuen aldean. Ikasketak egiten direnean hainbat gauza aztertzen dira formaren alderditik, hala nola eskaleta, eszenaren barne-egitura edo elkarrizketak egituratzeko moduak[5].
Beste lanketa-puntu batzuk kontakizunak egituratzeari buruzkoak dira. Esate baterako, zinema-eredu klasikoenetan, Bordwell eta Thomsonen ildoak betetzen direla esan ohi da[6]:
Ekintza pertsonaia indibidualen erabakietatik bideratzen da. Pertsonaiak dira akzioaren kausa.
Pertsonaien arrazoi psikologikoetan ardazten da kontakizuna: erabakiak, premiak, izaerak...
Pertsonaiaren nahia da istorioaren motor nagusia, pertsonaiak helburu bat lortzeko duen grina.
Beste paradigma narratibo bat Syd Field hari-idazleak proposaturikoa da[7]:
Lehen ekitaldia, aurkezpena.
Bigarren ekitaldia, gatazka.
Hirugarren ekitaldia, argipena.
Ekitaldi batetik bestera igarotzean, plot points edo biratze-puntuak gertatu behar dira Fieldsen iritziz.
Fieldsen ideien gainean lan egin duen beste bat Linda Seger da, eta honek elementu pare baten garrantzia azpimarratzen du: Pizgarria (pisuzko ekintza bat, edo istorioaren barneko fase garrantzitsu bat hasten den unea), eta klimaxa, ekintza argitzen den unea, bilbearen punturik gorena. Klimax adibide onak lirateke: Hilketa bat, heriotza, misterio bat argitzen den unea...[6]
Antzerki-haria
Antzerki-haria, istorio-haria edo libretoa antzezlan baten egileak idazten duen liburuxka da, libreto-multzoaren ohiko izena, antzezlan dramatiko baten edo musikal baten testua jasotzen duena da, jendaurrean antzezteko idatzia, eta, ziur aski, kasuak antzezle eta antzerki-taldeko beste kide batzuentzako ohar eta jarraibideekin.
Antzerki-harien motak
Antzezlearen konta-haria edo pertsonaiaren konta-haria.
Zuzendariaren konta-haria, agerraldi-zuzendariaren hari teknikoa.
Oroitarazlearen liburua, hari tekniko mota bat da.
Konta-haria antzezpen bihurtzeko, ez bakarrik saioak dira beharrezkoak. Teknika erabilia da italiar mahaiarena (gaztelaniaz mesa italiana esaten da[8]) edo read-through delakoa (ingelesezko terminoa), non antzezleak hari-idazleekin eta ekoizpen zein zuzendaritza taldeko beste langile batzuekin biltzen diren, mahai baten inguruko lan-saioan, konta-hariaren irakurketa kolektiboa egiteko[9].
Gidoiak idazteko softwarea
Gidoiak idazteko edozein testu prozesadore erabil daiteke, hala ere, gidoiak propio idazteko softwarea ere garatu egin da. Enpresa batzuek online zerbitzuak eskaintzen dituzte, beste batzuek deskargatzeko softwarea... Hona zerrenda bat[10][11][12][13][14]:
↑Ibon Sarasola. (1998). «gidoi»Euskara batuaren ajeak. Alberdania, 95-96 or. ISBN848866950X. Aipua: «gidoi. Kontu latza hitz honena. Frantsesez scénario da, scenaggiatura alemanez, screenplay ingelesez eta Drehbuch alemanez, draiboek eta scenario nederlanderaz, scenearrangement eta drejebog danieraz, filmmanuskript suedieraz, polonieraz scenariusz eta scénář txekieraz. Kontu txarra. Gidoi, euskara batuko asmaketa da, hobeki esan espainol mozorrotua, konfidantza, fidantza eta horrelakoetarako -d- fantasiazko horren bidez "erredimitua", hots, bururik eta buztanik gabeko forma, berez. Are gehiago kontuan hartzen badugu Iparraldekoentzat ―eta Elsa Scheelen-eko Txillardegirentzat, esaterako― gidoin, bi gurpileko ibilgailuen gidatzekoa dela.
Hortaz, eta etsi-etsian, Ama Lur "lehen" euskal filmean guión-en itzulpen gisa erabili zuten hari hura erabili nuen hiztegian, aurrekoen ahaleginen begirunearen kariaz. Gaur egun, alemanezko Drehbuch-en oin harturik ―gaztelaniazko "guión"-ez gainera, "argumento"-ren kide ere baita― Mitxelenaren gertakizun erabiliko nuen ―eta gidoilariren ordez, alemanaren bidetik orobat, gertakizun-egile―. Arbitrarioa dela? Baliteke, baina ez espainolaren makuluari esker dirauen gidoi bezain arbitrarioa. Nolanahi ere, edozer gauza fantasiazko gidoi euskaldunen bereizgarri hori baino lehen.».