Eskoziak 81.610 km²-ko hedadura du. Iparraldetik hegoaldera 441 km luze da eta ekialdeko kostatik mendebaldekora 39 eta 248 km. arteko zabalera du. Bi zonalde geografikotan banaturik dago: Highlands-ak eta Lowlands-ak. Horrekin batera, Shetland, Orkney eta Hebrida uharteak ere Eskoziaren parte dira.
Kokapen geografikoa
Eskoziak Britainia Handiko uhartearen goikaldeko herena hartzen du, europar kontinentearen ipar-ekialdean. Denera, 78.772 km²-ko eremuan hedatzen da.[1] Eskoziaren lur-muga bakarra hegoaldean Ingalaterrarekin lotzen duena da eta 96 km ingurutan hedatzen da, ekialdeko kostaldeko Tweed ibaitik mendebaldeko Solwayko fiordora. Ozeano Atlantikoak Eskozia iparraldetik mendebalderuntz ingurantzen du, Ipar Itsasoa berriz bere ekialdean kokatzen delarik. Irlanda Eskoziako Kintyre penintsulatik 30 km-tara dago, aldiz Norvegia Eskoziatik 400 km ipar-ekialderuntz dago, Feroe uharteak 310 km-tara eta Islandia berriz 798 km ipar-ekialderuntz. Eskoziako erdigune geografikoa, ohituraz, Badenochen dagoen Newtonmore herritik kilometro gutxitara dago, jendetsuenak diren eremuetatik iparraldera, halere honi buruzko iritzi ezberdinak daude, neurketak egiten diren eraren arabera, edota eskoziar uharteak kontuan hartzen diren ala ez.