Errealismo (literatura)

Errealismoa XIX. mendeko erdialdean agertu zen literatura-korronte estetiko bat da, literatura erromantikoaren aurkako erreakzio gisa sortua eta erromantizismoarekiko haustura ekarri zuena hala alderdi ideologikoetan nola formaletan.

Erromantizismotik errealismora

Gosbeck lukuraria, «Comedie Humaine»-rako irudia.
Gosbeck lukuraria, Balzacen Comédie Humainerako irudia.

1850 inguruan erromantizismoaren aurkako erreakzio bat izan zen Mendebaldeko literatura gehienetan; errealismo esan zitzaion, eta naturalismoa izan zuen alderdirik muturrekoena eta berandukoena. Baina ez dago erabat esaterik 1850etik 1890era Europan egin zen literatura osoa errealista izan zenik, 1800etik 1840ra literatura osoa erromantikoa izan ez zen bezala.

Errealismoak Frantzian izan zuen adierazpiderik erradikalena: erromantizismoa Europan Alemaniako erromantizismoaren bultzadaz sortu zela esaten den bezala, hala esan daiteke Europako errealismoa frantses errealismoaren ondorioa izan zela. Ez erromantizismoaren aurkako lehenengo erreakzioak Frantzian izan zirelako -Ingalaterran errealismoa 1832an hasi baitzen-, frantses idazleek errealismoa azken muturreraino eraman zutelako baizik, eta adierazpenen, manifestuen, hitzaurreen eta saiakeren bidez haiek mamitu zutelako -Zola, Flaubert, Maupassant, Goncourt anaiak-, gehienbat, errealismoaren teoria. Errealismoak Frantziatik kanpo izan zituen adierazpenik muturrekoenak frantses idazleen eraginez sortuak izan ziren gehienak, Zolaren itzala urrun heldu baitzen. Frantsesak ziren orobat erromantizismoaren eta errealismoaren arteko zubiak izan ziren bi idazle handi eta sailkagaitz: Stendhal eta Balzac.

Ingalaterran errealismoak ez zuen inondik ere frantses errealismoaren ezaugarri garbirik izan. Errealista esan izan zaio Viktoria erreginaren aldiko literaturari, baina errealismoa Ingalaterran literaturaren aspaldiko emaria zen, Defoe, adibidez, Thackeray bezain errealista baitzen. Gainera, ingeles erromantizismoa ez baitzen frantsesa bezain indartsua izan, ez zuen hain erreakzio bortitzik sortu; eta gizarte-ohituren zurruntasunak, bestalde, oso mugatu zuen naturalismoak, adibidez, eskatzen zuen artearen askatasun moral erabatekoa. Viktoriar Aroko joera asko aldez aurretikako joeren jarraipena baizik ez ziren izan. Hala, Carlylek modu erromantikoan salatu zuen erromantizismoa; Dickensek erromantizismoaren satira egin zuen, baina haren sentiberatasuna eta sentimenduak arrazoiaren gainetik jarri izana bete-betean dagokio erromantizismoari. Brontë ahizpen nobelak erromantikoak dira, eta garai bereko beste ingeles idazle asko ere aipa daitezke.

Apaldua zelarik Alemaniako erromantizismoaren goraldi ezin indartsuagoa, literatura alemanak luzarorako agortua zirudien. Dehmel, Holz eta beste poeta batzuk poeta errealistatzat har daitezke, baina bigarren mailako idazleak dira. Alemaniako errealismo osoa bigarren mailakoa izan zen, baita eleberrian ere. Antzerkian, berriz, naturalismoak halakoxe indarra izan zuen, Strindbergen, Ibsenen eta Antoineren antzerki librearen eraginez. Eta Nietzschek, Alemaniak garai hartan izen zuen pentsalaririk bikainenetako batek, zientziari, egiari eta buru-argitasunari ematen zion garrantzian errealismoarekin zerikusia izan bazuen ere, era berean da egia ez zuela garai hartako giroaren inongo kutsurik.

Estatu Batuetako erromantizismoak, ingelesak bezala, errealismoaren kutsu handia zuen: ez zen, beraz, beste herrialde gehienetan bezala, haustura garbirik izan joera batetik bestera. Amerikar erromantizismoari ezaugarri bereziak eman zizkioten Washington Irvingen umoreak, Emersonen soraiotasun krudelak, Cooperren deskribapenen zehaztasunak, Poeren idazkera zehatz eta bikain taxutuak, Hawthorneren ikuspegi zorrotzak; baina, bestalde, Walt Whitman olerkari errealistatzat hartu izan bada ere, Estatu Batuetako literaturako olerkaririk erromantikoenetako bat da, bere hitz-etorriagatik eta gehiegikeriagatik. Azkenik, askoz geroago, XX. mendean, frantses naturalisten eredua imitatu zuten idazleak baizik ezin har daitezke zentzurik hertsienean errealistatzat: Frank Norris, Theodore Dreiser, Upton Sinclair, Steinbeck, Caldwell, Dos Passos, etab.

1852 inguruan, eleberria nagusitu zitzaion Errusian olerkiari. Ordurako errusiar erromantizismoa errealismoz kutsatuta zegoen. Baina errusiar errealismoa frantsesaren oso bestelakoa zen. Bizitzako alderdi garratzenak adierazteko zaletasuna ez zen, Frantzian bezala, gauzak objektibotasunez, argi eta zehatz ezagutzeko borondate intelektualaren ondorioa, edo moralaren eta artearen konbentzioak iraultzeko saioa, karitatearen eta salbamenaren higuina baizik. Errusiar errealismoa, frantsesa ez bezala, fantasiari zegoen lotua, edo galdera espiritualek eta moralek sortutako kezkek bultzatua. XIX. mendearen bukaerako errusiar nobelagile handiek bereganatuak zituzten errealismoaren ezaugarri nagusiak.

Beraz, egia da 1850-1890 urteetan Mendebaldeko literaturan, oro har eta ezaugarri nagusietan, erromantizismoaren aurka sortutako joerak nagusitu zirela, eta, joera horiek guztiak, zein gehiago zein gutxiago, errealismoa esaten zaion joera zabal horren barnean sar daitezkeela.

Literaturaren aldaketa

Errealismoaren sorrerak erromantizismoarekin zuen kontraste handia puntu batean nabaritu zen batez ere, literatura-generoen hierarkia zeharo irauli izanean; generoek aldaketa handiak izan zituzten, eta, literaturarekin batera, idazlearen izatea bera ere aldatu zen. Garai bakoitza genero baten nagusitasunari lotua egoten da; hala, erromantizismoa olerkiaren garaia izan zen, XVII. mendea tragediarena, eta XVIII. mendea ideien prosarena. Eleberriak garrantzi handia izan zuen erromantizismoan, haina olerkiaren mende egon zen beti. Erromantizismoaren bukaera eta olerkiaren gainbehera batera gertatu ziren, eta esan daiteke erromantizismoaren eta sinbolismoaren artean lozorroan-edo egon zela poesia.

Errealismoaren garaia kritikaren garaia da: jakin-mina, ezagutzeko irrika eta errealitatea objektibotasunez atzeman nahia nagusitu zitzaizkion sentiberatasun subjektiboari eta irudimenaren indarrari. Nietzscheren arabera, «jakintza iristeko borondate mugagabea» zen garai haren ezaugarri nagusia.

Kritikan, historian, pentsamenduari zuzenean dagozkion alderdietan eman zuen agian garai hark bere neurririk zorrotzena, garai hartakoak baitira pentsamendua eta jakintza aurrerarazi zuten pentsalari eta obra bikain asko: Darwin, Comte, Spencer, Sainte- Beuve, Taine, Renan, Carlyle, Nietzsche.

Hala eta guztiz ere, nobela izan zen errealismoaren garaian genero nagusia. Bai kopuruz eta bai kalitatez, beste edozein genero baino askoz oparoagoa izan zen nobelagintza: etenik eta makalaldirik gahe egin zuen bere bidea, eta forma aski egonkor batean tankera hartuz joan zen, hori baita genero batek helduaroa iritsi duelako ezaugarri garbia.

Antzerkiaren bizitasuna eta arrakasta da literatura errealistaren beste ezaugarri bat.

Antzerkiak garai hartan izan zuen garrantzia estu lotua dago gizartearen bizi-baldintzekin: gizarte burgesaren egonkortasuna eta oparotasuna, aisiaren eta atseginaren goraldia, hiri handien arteko komunikazioa hobetu izana... Baina, batez ere, nobelarekin batera balio errealistak adierazi izanak eman zion antzerkiari arrakasta handia.

Erromantizismoaren garaiko drama historikoen ordez, errealismoak drama burgesa eta ohituren komedia jarri zituen boladan, eguneroko bizitzaren azterketa, eguneroko gertakizun soilak... Antzerkiko hizkuntza bakuna eta zuzena zen, eta agertokiaren eta antzezlanaren beraren antolamenduan aurreko garaietako konbentzio artifizialak baztertu ziren. Antzerkiaren eta nobelaren bilakaera antzekoak dira, eta, hala, nobela errealistak aise bihur zitezkeen antzerki-lan, eta antzerki-lan ezagunak, herriz, nobela.

Generoak finkatzeko eta definitzeko lehia hark poesia genero horietatik -nobelatik eta antzerkitik- bereiztea ekarri zuen: poesiaren balioak bere esparrutik uxatuz aurkituko zuten nobelak eta antzerkiak zeinek bere muina eta mamia, lirikaren kutsadurarik gabe. Eta horren ondorioz, poesia bere baitara sartu zen, eta era horretara araztu zen, soildu zen, eta kanpoko eragin alferrikakoak alde batera utzi zituen. Baudelaire poeta handiak hartu zuen, batez ere, bere gain ardura hori, nobela urratzen ari zen bidearen antzekoa eginez poesian.

Baina haren ahaleginak ez zuen fruiturik emango, harik eta sinbolismoa bete-betean sortu ez zen arte. Bitartean, garai hartako poesia lur arrotz eta mortuetan galdu zen: pasadizoetan, didaktismoan, bitxikerietan.

Nobelaren antolamenduak eta hobekuntzak nobela laburraren edo ipuin luzearen -frantsesez nouvelle esaten zaion horren loraldia eta arrakasta ekarri zuen. Errealismoaren garaiko nouvelle horiek erromantizismoaren garaiko kontakizun laburren oso bestelakoak ziren, eta Maupassant, Txekhov eta beste idazle bikain batzuen bultzadaz goren maila iritsi zuen aldi hartan.

Garai hartan ez zen soil-soilik generoen izatea bera eta haien arteko hierarkia aldatu, orobat aldatu ziren idazlearen izatea eta eginkizuna. Olerkari goiargiz betearen irudiari prosagile saiatua eta ekina nagusitu zitzaion. Erromantizismoan bat-bateko sormena zen artistaren ezaugarri nagusia; jenioari, izadiak emandako dohain agortezinari jenio kritikoaren dohaina, eskulangilearen sena gailendu zitzaion. Zirriborro behin eta berriz zuzenduak eta idatziak, irakurraldi luze eta jakin-minez beteak, lanbideari zegozkion kezkak, ardurak eta buruhausteak, esperimentazio zientifikoak, haiek guztiak izan ziren, besteak beste, idazle errealisten jardun nekaezinaren ezaugarri nabarmenak. Idazle erromantikoak idazle baino gehiagotzat zeukan bere burua, zeren eta jainkoen dohainez hornitua baitzen, eta haren bizitzari eta haren obrari halako kutsu sakratu bat baitzerion. Idazle errealistak, ordea, gizatasunaren alorrera ekarri zuen literatura, jainkoen zantzu guztiak kendu zizkion bere lan pazientzia handiz eta aspergaitz landuari, eta berehala zokoratu zuen erromantikoek sortua zuten obraren eta biografiaren arteko nahasketa hura.

John George Brown-en Zamaketarien eguerdia.
John George Brownen Zamaketarien eguerdia.

Errealismoa eta objektibotasuna

Hainbat joeraren eraginez gorpuztu zen literaturaren barnera errealismoak ekarri zuen aldaketa handi hura. Lehenik, erromantizismoak ihes egina zion eta desitxuratua zuen errealitate hari herari ohartu, hura aztertu eta ahalik eta zehatzen adieraztea zen errealismoaren ezaugarririk behinena; zientziaren helburu berbera zuen beraz: garbi ikustea. Zolak honelaxe adierazi zuen hori: «Naturalismoa letretan anatomia zehatza da, ikusten dena onartzea eta irudikatzea». Zientzia eta positibismoa nagusi ziren garai horretan, nobelak behaketari eta azterketari sakrifikatu behar zion fikzioa. «Literaturak zientziaren abiada hartu beharra dauka» esan zuen Flaubertek.

Errealismoak debekatuta zeukan erromantizismoak errealitatearen ordez jartzen zituen zera irreal guztiak: izadiaz gaindiko gertaerak, fantasia, ametsa, elezaharra, maitagarrien eta mamuen mundua...

Exotismoa eta historia ez ziren hala ere literaturatik desagertu. Baina ametsaren exotismoak behaketaren exotismoari eman zion bidea: Flaubert Tunisiara abiatu zen Salammbô idatzi ahal izateko. Baina Frantziako nobela errealista asko eta asko Parisko auzoetan eta probintzietan kokatuak dira. Frantziatik kanpo ere errealismoa leku jakin bati lotua egon zen: Stokholm-en girotuak Strindbergen obrak, Sizilian Vergarenak, Portugalen Eca de Queirozenak, Wessexen Thomas Hardyrenak. Literatura-mota hark leku jakin eta hurbil bati izan zion atxikimendua orobat nabari da olerkian: Mistralek Proventza izan zuen bere olerkigintzaren gai nagusia, Verdaguerrek Katalunia, Soniskyk Suedia, etab.

Historia, berriz, nobela errealista askoren gai eta ardatz nagusia izan zen, baina, erromantikoentzat ez bezala, nobelagile errealistentzat historia jakintza zehatzaren alor bat zen, eta ez ametsei bide ematen zien sorburu bitxi bat. Hortaz, idazle errealistek aipatzen zuten iragana heren gizarteen eta herrialdeen iragan hurbila zen: XIX. mendearen hasierako Espainian girotu zuen Perez Galdosek Episodios nacionales bere nobela-bilduma, eta Pedro de Alarcónek bere eleberriak; Napoleonen garaia aukeratu zuen Fontanek... Horren ondorioz, modernotasuna izan zen orobat literaturaren ezaugarri garrantzi handikoa. «Gaurko gizona zibilizazio modernoan», horrela definitu zuen Champfleury-k 1872an errealismoa. Modernotasun horrek ez zuen esan nahi idazle haiek bere garaia justifikatzen zutenik, ezta gutxiago ere, askok gogor eta zorrotz epaitu baitzuten; aitzitik, ikusitako gauzak baizik aintzat hartzen ez dituen ikuspegi baten ondorio zuzena zen. Irudimenak jai zeukan, beraz. Honela esan zuen Zolak: «Garai batean nobelagile batengatik esaten zen bezala: irudimen handia du; gaur egun, nahitaez esan beharra dago: errealitatearen sena du». Balzac-en eta Dickensen obrek duten irudimen handiak, sormen-ahalmen handiak erromantizismoarekin lotzen ditu nolabait, zeren eta behaketa zehatza baitzen idazle errealistaren ezaugarri nagusia. Kontua ez zen sortzea, ikustea baizik.

Ezin dira erromantizismoa eta errealismoa elkarren kontra jarri irrealitatearen eta errealitatearen aurpegiak balira bezala. Erromantizismoak mundu zehatza aurkitu zuen: hura da errealismoaren sorburua. Baina erromantizismoak errealitatea estutzen bazuen, presaka eta subjektibotasunez, errealismoa, berriz, haren ondorengo naturala zen, sintesiari analisia jarraitzen dion bezala, senari ikerketa xehea. Errealismoak, beraz, xehetasunen sena du bere barnean. Garbi zuten kontu hori sen hori bera izan zuten eta errealismoaren aitzindari izan ziren bi idazle handik; Balzac-ek honela esan zuen: «Xehetasunak izango dira modu desegokian nobela esaten zaien idazlanen merezimendu bakarra» eta egiazko gertakizun ttipia aipatzen zuen Stendhalek. Victor Hugok Waterlooko gudua deskribatu zuenean modu erromantikoan egin zuen; Stendhalek eta Thackerayk, berriz, modu errealistan.

Literatura errealistak berez hartu zuen bere idazkeraren helburutzat bere garaiko gizartea, haren egitura eta haren arazoak.

Literatura erromantikoa gizabanakoen literatura aristokratiko bat izan zen: haren irakurleria ez zen egonkorra, eta nahasia zen. Baina XIX. mendearen erdialdera gizartea askoz modu homogeneoagoan zegoen antolatua; burgesiak hartu zuen aristokraziaren lekua, eta hura izan zen mugimendu industrialaren zuzendaria; burgesia zegoen agintean, burgesiak erosten eta irakurtzen zituen liburuak, eta burgesiak ziurtatzen zuen antzerki-lanen arrakasta: burgesiarena zen garai hartako mundua.

Hala eta guztiz ere, literatura errealistak maiz salatu zituen balio burgesak. Burgesiari zioten gorrotoan oinarritu zuten bere bizitza Flaubertek eta goncourtarrek. Ibsen, Strindberg, Turgeniev, Tolstoi akusatzaileak izan ziren. Literatura hura burgesa zela esateak ez du berez esan nahi men egiten zienik balio burgesei, burgesiak ikusten zituen errealitate berberak eta arazo berberak ikusten zituela baizik. Burgesak aise ezaxolatu zitezkeen Nervalen eta Novalisen ikuspenez eta ametsez, baina nekez itzur zitezkeen Flaubertek edo Zolak aurkezten zien mundutik, hura beren mundua haitzen. Ezkontza, dibortzioa, amodioaren eta interesaren jokoak, adulterioa eta herentzia, probintzietako bizimoduaren asperra, Paris, dirua: horiek denak burgesiaren giroaren eta mitoen osagarriak ziren. Literatura hark orobat aurkezten zizkion burgesiari bere arazoak, akatsak eta obsesioak : E. Zolaren Germinal nobelako grebak, Pot-Bouilleko neskame-gelak, Dostoievskiren nerabeek beren krimenak prestatzen dituzten azken solairuko gela haiek, Lyongo fabriketan hamasei orduz lan egiten zuten tuberkulosoak, etab.

Bestalde, burgesia bera da bere burua salatzen duena: ez ziren proletarioak Kapitala (Marx) edo Ehiztari baten kontakizunak (Turgeniev) idatzi zituztenak. Literatura soziala edo helburu sozialak dituena, erreformazalea edo iraultzailea, populista edo errukizkoa, idazle burgesek idatzia zen. Eta orobat erromantizismoaren azken aldian sortu zen nobela herrikoia: Eugene Sueren, Hugoren, Dickensen, Balzac-en folletoiek herriaz hitz egiten zuten, eta herriari hitz egiten zioten, baina, batez ere, herriaz hitz egiten zioten burgesiari. Londresko eta Parisko galbidezko auzoek exotismo berri bat aurkezten zioten irakurleari, bide berri bat eskaintzen zioten idazleari, eta, aldi berean, bere erantzukizunen aurrez aurre jartzen zuten gizarte burgesa.

Errealismoaren beste ezaugarri nagusi bat erromantizismoak bere-berea zuen subjektibismoaren aurkako erreakzioa zen.

Karia horretara, hona, adibidez, zer idatzi zuen Carl Snoilsky-k: «Nik ez ditut jendaurrean agertzen nire bihotzeko poza eta oinazea».

Idazle errealista guztiak bat etorri ziren beren barne-egoeraren erakutsi zaleak gogotik gaitzesterakoan. Subjektibismoaren ukazio hori, ordea, ez zetorren hainbeste orokortasunaren borondatetik nola objektibotasunaren kezkatik: subjektiboa dena iheskorra da, ezin da kontrolatu, nekez onartzen du hari arretaz begira egotea. Partikulartasunak, ordea, ez zion batere higuinik sortzen idazle errealistari. Xehetasunerako zaletasunak gauza eta pertsona bitxi eta bakanen zaletasuna ekarri zuen: anomaliak, kasu psikologikoak, munstrokeriak lilura handia sortzen hasiak ziren idazleengan.

Baina ohiz kanpokoa den horrek objektiboa behar zuen izan, kanpotik aise antzemateko modukoa.

Errealismoaren anbiguotasunak

Errealismoarentzat edozer gauza izan zitekeen artelan baterako lehengai; errealistek edozer gauza irudikatu nahi zuten, baina «edozer gauza» hori alderdi bertsutik agertzen zen ia beti. Errealitatea bera zen axola zuena, nahiz errealitatea tristea izan; errealismoak eta ezkortasunak oso lotura estuak izan zituzten, zeren eta zerbaiten alderdi etsigarriak ziurtatzen bide baitzion idazleari zera horren errealitatea bera. Aldi berean, errealismoak gogotik salatu zituen aurreiritziak eta konbentzio moral eta erlijiozkoak, gizarteak izadiaren eta bizitzaren alderdi askori ezarria zion debekua altxa zuen, eta, beraz, eskandalua eta probokazioa sortu zituen bazterretan. Idazle errealista askok gizarte burgesak isilpean eduki nahi zituzkeen miseriak eta injustiziak jendaurrera atera zituen: esnobismoa, nazioen aurreiritziak, gizartearen harrokeriak eta lilurak, ohorearen faltsukeria, egiaren eta gizarte-bizitzaren arteko hipokrisia, bizioak, lotsagarrikeriak, interesen nagusitasuna.

Eta, lehendabizikoz literaturan, maitasunaren alderdi sentsuala argi eta garbi adierazi zen, eta sexua zilegitasun osoz agertu zen testu errealistetan.

Literatura errealista, oro har, gizartearen oinarrien kritika zorrotza zen, baina gizarte burgesak aurre egin zion kritika horri zenbait idazle auzitara eramanez: Flaubert, Baudelaire, Osear Wilde. Baina kritika hori sistematikoa nola baitzen, literaturak gizartearen alderdi jakin batzuei eman zien lehentasuna; lohia, etsipengarria, gaiztoa, lotsagarria ez zen guztia ez bide zen errealismoarentzat errealitate. Ikuspegi erromantikoaren gehiegiaz akituta, errealismoak ikuspegi horri kontra egiten zioten alderdietara mugatu zuen mundua, eta, azkenerako, benetako errealismoa izan ordez, errealismo hark zinikoa, zeharo kritikoa eta gizakiaren ikuspegi ezkor eta doilorra zuen errealitatera mugatu zuen bere ikuspegia.

Errealitate osoa erakutsi nahiak eguneroko bizitzaren hutsalkeria erakustera eraman zuen errealismoa. Kontzientziaren lilurek engainatua izateko beldurrak nork bere baitako sinesteak lilurakeriatzat hartzera eraman zituen errealistak. Askatasuna bera ere ukatu zuten, kontzientziaren sentimendu bat-batekoa baitzen: determinismo historikoaren, bilakaera biologikoaren, herentziaren kate hutsezinek arautzen zuten gizakien bizitza. Aldez aurretik erabakita zeuzkan errealitatearen alderdiak hobetsi zituen errealismoak, errealitatearen ikuspegi bat-batekoa iraultzen zutenak hain zuzen, errealitatea bera iraultzen zutenak agian.

Errealismoak errealitatea mugatu zuen beraz, eta kanpoaldearekin identifikatu zuen. Sentimenduen subjektibismoa, kontzientziaren barneko mundua ez zuten errealitatetzat hartzen: errealitatea, lehenik eta behin, gauza zehatzak, fisikoak, sumagarriak ziren. Fisiologia nagusitu zen, beraz.

Errealismoak ez zituen sentimenduak ukatzen, baina portaeren deskribapena hobetsi zuen azterketa psikologikoa baino, hobeto kontrola zezakeelakoan. Pertsonaia bere itxura fisikoaren, bere keinuen eta hitzen bidez definitzen eta gorpuzten zuten: hortaz, elkarrizketen eta deskribapenaren teknika oso zehaztu eta doitu zen; Maupassant, Tolstoi eta Txekhov, adibidez, maisuak izan ziren giza sentimenduak begien bistan dagoenaren bidez iradokitzen.

Errealismoak errealitate osoa atzeman nahi zuen, eta errealitateak berak bere burua erakusten zuelako irudipena sortu.

Arte inpertsonal bat iritsi nahi zuen, idazlea bera bazterturik. Idazle errealista saiatu zen, beraz, obran ez agertzen, bere sentimenduen isilmandatua edo bere aitorpen filosofikoak obran ez egiten. Eta saiatu zen berebat bere egiletasuna ezkutatzen. Balzac-ek bere nobeletan erabiltzen zituen trikimailuak bertan behera eroriak ziren. Nobelagileak ez zeukan bere pertsonaien ahotsa bere ahots propio orojakileaz ordezkatzeko eskubidea. Bere pertsonaiez ez daki egileak beste pertsonaiek jakin dezaketena baizik, eta behatzaile pribilejiatu eta orojakile izateari utzi baitio, ezjakinarena eta ezikusiarena egin beharra dauka. Elkarrizketek gorpuztu zuten orduan, gehienbat, kontaketa bera. Baina idazleak ez zuen, noski, bere burua erabat ezkutatzea lortu.

Errealismoa erromantizismoaren aurkako erreakzio gisa definitu izan bada ere, erromantizismoaren luzamendu bat zen berez: erromantizismoak utzia zuen leku berean hartu zuen errealismoak literatura.

Errealismoak baztertu egin zuen erromantizismoak aldeztua zuen askatasun subjektibo horren adierazpena, eta dena esatea izan zen aurrerantzean haren helburua, ez baitzegoen ez gai hobetsirik ez gai debekaturik, eta gauzak ahalik eta zuzenen esatera eman zitzaion bete-betean, erretorika desagertua baitzen; ondo idaztea, errealismoan, gauzek berek idazlearen ordez hitz egingo balute bezala idaztea zen.

Courbet. Harginak.
Courbeten Harginak.

Errealismoak errealitatearen bestelako uste bat ekarri zuen, eta idazleari bere obran egoteko beste modu bat. Literatura-lanak gaitzat hartzen duen errealitate hori errealitate aukeratua da. Eta idazlan oro estiloa da, aukera den bezalaxe, eta adierazpenik xumeenean ageri da, nahitaez eta bere gogoz kontra agian, idazlearen eskua. Hortaz, errealismo ideala literaturatik kanpo baizik ezin eman zitekeen: eguneroko bizitzako gertaera hutsalen zerrenda amaigabe batean adibidez, edozein egunkari puskatan, edozein elkarrizketa edo egintza xumetan.

Obra errealitatera makurrarazi nahi hori muga-mugaraino eramanez gero, literatura bera suntsitzea zekarkeen. Eta errealismoaren barnean bazen adierazmoldearen erdeinu bat, literaturaren halako umiliazio bat gauzen, bizitzaren eta ekintzen aurrean.

Hala eta guztiz ere, literatura errealista bere burua suntsitzeko logika horri itzuri zitzaion, oro har. Baina errealismoaren eta literaturaren artean liskarra zegoelako kontzientzia oso errotua zegoen errealistengan. Flaubert izan zen errealismo arruntak literatura hondamenera zeramalako uste finkoa izan zuenetako bat, eta gogotik saiatu zen konponbideren bat bilatzen, errealismoa eta batez ere naturalismoa arbuiatuz, eta artearen bidez balio erabatekoa eman nahian literaturari; zeren eta, haren ustean, errealismoak ezin zuen dagoeneko errealitate osoa bere barnean hartu, ez zeukan jadanik zehatz deskribatzerik, eta ez zeukan adierazpide oso eta beteginik hura adierazteko. Irtenbide bakarra, Flaubertentzat, errealitatea ezabatzea zen, arteak bere burujabetza irits zezan: ezeri buruz izango ez zen liburu bat idatzi, estiloaren barne-indarrak soilik eutsiko zion obra alegia, estiloa bera baitzen gauzak ikusteko erabateko modu bakarra.

Beraz, errealismoaren azken aldian bere burua suntsitzera zeraman joera geldiarazteko, erabateko balioa eman zitzaion arteari.

Idazle batzuek ezagutu nahiaren grinaz forma arbuiatu bazuten ere, beste askok ulertu zuten azkenean forma zorrotz-zorrotz lantzeak eta doitzeak baizik ez zezakeela justifikatu aukeratutako errealitatearen hutsalkeria. Gizarte-egoera berri baten edo pentsamenduari zegokion alorreko joera berrien eraginez ez ezik, arrazoi huts-hutsik estetikoak nagusitu ziren azkenik errealismoan. Erromantizismoaren adierazpidearen arriskuak oso kontuan harturik, lan zehatz eta saiatuaren bidez, bat-bateko bultzadari men egin gabe, forma eta estilo zaindua eta betegina iristea aukeratu zuten idazle errealistek .

Garai hartako literaturaren aldiak aurkakotasunezko eta kidetasunezko loturez daude elkarri atxikiak. Erromantizismoaren ukazioa izanik, errealismoak harekiko loturan baizik ez du zentzurik. Eta errealismoak errealitateak berez eta bere baitan ezereztasuna baizik ez duela agerian jarri baitzuen, bere baitan zeuzkan jadanik beraren aurka zeuzkan eta beraren azkena ekarriko zuten elementuak: errealitatea ezabatzea, arte hutsaren edo arte erabatekoaren borondatea, errealitatearen sorkuntza sinbolikoa. Egitura eta forma klasikoak, erromantizismoaren subjektibismoa eta naturalismoaren objektibismoa alde batera utzirik, prosaren eta poesiaren teknika eta joera berriak ari ziren nagusitzen.

Erreferentziak

Kanpo estekak

Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!