Palestinan jaio arren, ibilbide akademiko eta literarioa AEBetan osatu zuen Saidek. Postkolonialismoaren pentsalaririk gorenetako bat izan zen, eta autobiografia batean jaso zuen bizi guztian garraiatu zuen lekuz kanpo bizitzearen sentipena. Miñan liburuaren antzera, Out of Place autobiografian zehazki pertsona baten ahotsa, kontakizuna eta gorputza azaltzen dira, Saidenak, eta, haren bitartez, palestinarren bizitzak humanizatzen dira. Saidek, ikerlari gisa, aztertu zuen nola garai kolonialetik abiaturik arabiarren bizitzak beti talde gisa, beti txiro, beti gatazkatsu errepresentatzen ziren; eta bere bizitza kontatuz, gizabanako baten bizitza kontatzen du, arabiarren irudi estereotipifikatua apurtuz. Hain zuzen ere, Said lekuz kanpo sentitzen zelako izan zen gai ideologiak hain modu finean aztertzeko.[1]
Biografia
Said1935eko azaroaren 1ean jaio zen Jerusalemen, garai hartan britainiar agintepean zeuden, eta kristau familia arabiar batean.[2] Aita merkatari bat zuen, estatubatuar nazionalitatea hartu zuena, eta ama palestinarra, kristau libanoarren ondorengoa. SaidJerusalemen hazi zen eta Kairon, Egipton. Mendebaldeko Jerusalemen San Jorge Akademia Anglikanoan izan zen hamabi urte bete arte.
1947ko abenduan, Israelgo indarrek lurralde palestinarra okupatu ondoren, Saiden aitak bere familia Kairora eraman behar izan zuen, han baitzuen bere enpresaren sukurtsal bat.[2] 12 urte besterik ez zituela, Nakbaren lekuko izan zen, 700.000 palestinar baino gehiago beren lurretatik eta etxeetatik kanporatu edo ihes egin zuten 1948koArabiar-Israeldar gerran indar israeldarren bultzadaren ondorioz. Bereziki markatu zuen bere familiako kide ugari "gauetik goizera aterperik gabeko, dirurik gabeko, noraezean eta izututako pertsona bihurtu ziren".[2] 14 urte zituela, Said Victoria Ikastetxean sartu zen Alexandrian (Egipto), eta 1951nMassachusettseko (Estatu Batuak) Mount Hermon eskolan. 1957anPrincetongo Unibertsitatean lizentziatu zen, eta 1960an eta 1964an, hurrenez hurren, Harvard Unibertsitatean ingeles literaturako doktoretza eta maisutza egin zituen.[3]
SaidekHarvard, Johns Hopkins eta Yaleko unibertsitateetan ere irakatsi zuen, eta hitzaldiak eman zituen Ipar Amerikako, Europako, Afrikako eta Asiako 200 unibertsitate baino gehiagotan. Irakaskuntzaz gain, herrialde askotako egunkari eta aldizkarietan kolaboratu zuen, eta hogei aldizkariko kontseilu editorialean parte hartu zuen. Harvard University Press-ek argitaratutako Convergences liburu-bildumaren editore burua ere bazen.[4]1992an, UNESCOren Jakintsuen Foroko kide izendatu zuten.[5]
Lekuz kanpo bizitzearen zailtasunak
1991nleuzemia diagnostikatu ziotenean, Edward Saidek bere bizitza idaztea erabaki zuen. 1999anOut of Place autobiografia plazaratu zuen. Bere identitatearen eraikuntzaren kontaketa da, zeina haurtzarotik abiatzen den, eta gaztaroaren bukaeran amaitzen. Bere bizitzaz idazteko zuen xedea, hain zuzen, txikitatik lekuz kanpo izatearen sentipenaz hausnartzea zen. «Familia guztiek asmatzen dituzte euren gurasoak eta seme-alabak, bakoitzari ematen diote istorio bat, izaera bat, patu bat, hizkuntza bat barne. Betidanik zegoen zerbait oker ni asmatu ninduten moduan eta nire gurasoen eta arreben munduarekin bat egiteko eran».[1]
«
Familia guztiek asmatzen dituzte euren gurasoak eta seme-alabak, bakoitzari ematen diote istorio bat, izaera bat, patu bat, hizkuntza bat barne. Betidanik zegoen zerbait oker ni asmatu ninduten moduan eta nire gurasoen eta arreben munduarekin bat egiteko eran
»
—Edward Said
Haurtzarotik ikasi behar izan zuen bere izen-abizenen artean, hau da, kulturen arteko kakofoniarekin bizitzen. Batetik, Edward, hain izen anglofiloa, Edward printzearen ohorez aukeratua; eta, bestetik, Said, hain abizen arabiarra. Haurtzarotik bere burua ikusten du kulturen artean leku jakin bat aurkitu nahian. Gurasoen kokapena ez zen ohikoa: familia aberatsa eta kristaua. Maiz, amak ingelesez hitz egiten zion, baina Said gazteak ezin zuen antzeman nongoa zen amaren ingelesa. Gaztetan, bai ikastetxe ingelesean bai estatubatuarrean ikasi zuen, oso testuinguru kolonialetan, eta ikastetxe horietan bizi izan zuen lehendabizikoz bere gorputza gorputz arrazializatu gisa. Betidanik izan zen ikasle mugitua, autoritatearen kontra ekiten zuena. Irakasleek, baita gurasoek ere, pentsatzen zuten ez zuela gauza handirik egingo bizitzan.[1]
Eskolako urte aldrebes horietan, Saiden ezkutalekuak liburuak eta filmak izan ziren. Bestalde, musika zuen bere buruaren eta emozioen arteko lokarria. Piano-jotzaile fina zen, eta haren ibilbidean musika klasikoak garrantzi handia du. Familian amarekin partekatzen zituen liburuak, euren arteko harreman estua literaturak elikatzen zuen. Aitarekin, aldiz, ezintasunetik eraikitako hitzik gabeko harremana zuen. Autobiografian argi dago familiaren harremanak, helduaroan, psikoanalistaren eserlekuan, ondo astindu zituela. Hori horrela izanda, ez du hizkuntza psikoanalitikorik erabiltzen, kontakizun literarioak beti du pisu handiagoa.[1]
Oso emankorra da The Question of Palestine saiakera (1979) Out of place autobiografiaren osagarri gisa irakurtzea. Hizkuntzaren erabileran jartzen du arreta: arazo, auzi, gatazka hitzak beti palestinarrekin lotuz, komunitate baten errepresentazio ezkorra bultzatu ohi da. 1948ko galera ulertzeko, testu kolonial britainiarrak irakurriz, britainiarrek eta sionistek antzeko hizkuntza erabiltzen zutela azpimarratzen du: palestinarrek ez daukate kulturarik, herri atzerakoia eta txiroa da, ez dute ezer galtzeko; beraz, sionistek europarren lekua hartu beharra zuten, modernizazioaren izenean. Horretaz gain, hasieratik izandako indar-asimetriari buruz ere azterketa bikaina eskaintzen du, balio handikoa 2023ko egoera aztertzeko: israeldarren sarraskian 1.200 lagun hil ziren, eta Gazan ia 30.000 palestinar.[1]
Deshumanizazioaren kontra
Saiden autobiografiak lortzen duena ulertzeko bada egokia den euskarazko liburu garaikide bat: Amets Arzallusek eta Ibrahima Baldek elkarlanean ondutako Miñan liburua (Susa, 2019). Liburu bien arteko lotura beste pertsona baten deshumanizazioak bideratzen duen bazterkeria litzateke. Ideia hori Amets Arzallusek oso garbi azaldu du: «Askotan migrantearen errealitatea zenbakietan ematen zaigu; oso konkretua dirudi, baina azkenean abstrakzioaren itsasoan galtzen da. Deshumanizatua gelditzen da matematika horretan, eta, bestetik, aktualitatea oso modu frenetikoan jasotzen dugu gaur egun».[1][6][7]
Hori dena ekiditeko, irakurleak konkretuki pertsona bat bere ahotsean, Saidek bere istorioan, bere gorputzean entzutea nahi zuen, patxadaz eta pentsatuz, hitzaren indarra denboran baitatza.[1]
Saiden aburuz, arrazismoaren eraikuntza hizkuntzaren erabilera jakin batean oinarritzen da; esate baterako, terrorista hitzaren erabilera. Horrekin loturik, palestinarren aldeko aktibista ezagun bihurtu zenean, irain gisa Edward Saidi «terrorearen katedraduna» deitzen zioten Ameriketako Estatu Batuetako talde sionistek.[1]
«
Saidek literaturaren eta ideologiaren gainean egindako ikerketa lerroak elkarri loturik daude, hots, biek dihardute mimesiaren inguruan; beraz, literaturari buruz dioena ulertu gabe ezin da bere pentsamendu postkoloniala ulertu.