Sirken ponteko izena Hans Detlef Sierck zen eta Hamburgon jaio zen. Gurasoek jatorri danimarkarra zuten, eta haurtzaroa Danimarkan eman zuen; gaztetan bueltatu zen Alemaniara. Unibertsitatean ibilita, antzerkiaren munduari lotu zitzaion 1922an, Weimar Errepublikaren garaian, eta hainbat lan zuzendu zituen Hans gazteak. 1934an UFA (Universum Film AG) film ekoizpen etxearekin sinatu zuen, baina 1937an Alemaniatik hanka egin behar izan zuen arrazoi politikoengatik eta pertsonalengatik (emaztea judua zen). Amerikako Estatu Batuetara ailegatu orduko, izena aldatu zuen. 1942an Hollywood zen lanean: Hitler's Madman izan zen bere aurreneko lana, diktadorearen aurkako film anti-nazia.
1952 eta 1958 bitartean Universal Studios film ekoizpen etxerako sortu zituen melodramek ospetsu egin zuten: Magnificent Obsession, All That Heaven Allows, Written on the Wind, Captain Lightfoot eta Imitation of Life. Ameriketako esperientzia alde batera lagata, Europara itzuli zen eta 1970 inguruan Alemanian egin zuen saiotxo batez aparte, ez zuen pelikula gehiagorik sortu. Luganon hil zen 1987an.
Sirken lanek ez zuten izan bere garaian behar besteko aitorpenik, gai hutsalak aztertzen bide zituztelakoan (emakume koittaduen arazoak edo familien liskarrak) eta begirada ez benetakoa eskaintzen zutelako (Sirken estiloa aipatu dute hemen eta, batik bat, koloreari ematen zion garrantzia). Baina 1970etik aurrera eta Ingalaterrako eta Frantziakozinema-kritikariek egindako azterketari esker, bestela hartua izan da Sirken filmografia, gizarte estatubatuarraren interpretazio oso kritikotzat alegia. Guretik denboran gertuagoko zinemagile askorengan eragin du Sirkek: Rainer Werner Fassbinder, Quentin Tarantino, Pedro Almodóvar, eta bereziki Todd Haynes, zeinaren Far from heaven (2002) erabat erlazionatua dagoen zuzendari alemaniarraren estiloarekin.
Filmografia
Film luzeak
Das Mädchen vom Moorhof (1935)
April, April! (1935)
Stützen der Gesellschaft (1935)
La Chanson du souvenir (1936), Zuzendaritza konpartitua.
't was een april (1936), Zuzendaritza konpartitua.