Municheko Musika Akademian egin zituen musika ikasketak, eta H. Kaminski musikagilearekin osatu zituen. Zuzendari-lanetan aritu zen Munich, Mannheim eta Darmstadten.
1930. urtean Schulwerk izeneko zuzendaritza- eta musika-ikasbidea argitaratu zuen. 1937. urtean Monteverdiren opera batzuen moldaketak argitaratu zituen, eta urte hartan bertan idatzi zuen lanik famatuena: Carmina Burana, antzeztokirako kantata, Erdi Aroko poema batzuetan oinarritua.
Ondoren greziar antzerkietan eta Erdi Aroko misterioetan oinarritutako lanak idatzi zituen: Catulli carmina (1943), eta Trionfo di Afrodite (1953) Carmina Buranarekin batera Triunfi trilogia osatzen dutenak. Beste lan batzuk ditu: Der Mond (1939, Ilargia), Die Kluge (1943, Maltzurra), operak; Comœdia de Christi Resurrectione (1956), Pazkoko kantata; Ludus de nato infante mirificus (1960), jaiotza-antzerkia; eta Antigonæ (1949), Oedipus der Tyran (1959) eta Prometheus (1966), opera-trilogia.
1924. urtean, Dorothee Güntherrekin batera, Güntherschule dantza- eta musika-eskola sortu zuen; bertan perkusioa eta mugimendua erabili zituen, musika-irakaskuntza teknika berriak sortzeko.