Artze anaiakJoxean edo JosAnton (Usurbil, Gipuzkoa, 1939-2018) eta Jesus Mari (Usurbil, 1945-2002) ziren. Txalaparta ahanzturatik jalgi, eta kultur adierazpide garaikide eta modernoetara egokitu zuen taldea osatu zuten. Ez Dok Amairu taldeko kide izan ziren, eta taldearen ikuskizunetan leku garrantzitsu eta duina eman zioten txalapartari. Ez Dok Amairutik kanpo ere, musikari garaikide bikainekin elkarlanean aritu ziren txalapartari gisa. JosAnton Artze txalapartari buruzko disko-liburua prestatzen ari da egun, anaia zenarekin batera egindako grabazioetan oinarrituta.
Taldea
Txikitatik izan zuten bi anaiek harremana musikarekin. Usurbil eta Lasarte-Oriako parrokietako abesbatzetan kantatu zuten txikitan, eta, horri esker, 1956anParisera bidaiatu zuten, abesbatza horietako beste kide batzuekin batera, Pueri Cantores nazioarteko jaialdian parte hartzeko.
JosAntonek herritik alde egin zuen gaztetan, Jose Luis Zumeta pintorearekin batera, abentura bila. Parisera jo zuten lehenik, eta gero, Londrestik ere pasatuta, Stockholmeraino iritsi ziren. Bidaia haren ondotik, Euskal Herrira itzuli zen JosAnton, eta Euskal Herrian errotutako sorkuntza lanari lotu zitzaion, poesiaren eta ikuskari multidiziplinarioen arloan batez ere. Jose Antonio Sistiaga pintoreak Donostiako bere etxean zuen magnetofoia baliatuz, ahotsarekin grabazio esperimentalak egiten hasi zen JosAnton. Ondoren, Sistiagaren bitartez, Ez Dok Amairu taldearen hasierako bileretan parte hartzen ari ziren kantariekin harremanetan jarri zen: Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi, Julen Lekuona, Nemesio Etxaniz, Joxemari Iriondo, Jose Antonio Villar, Biurriak taldeko kideak... Haien bileretara joaten hasi zen berehala.
Ez dok Amairu
Jesus Artzek ez zuen parte hartu Ez Dok Amairuren hasierako bileretan, baina JosAntoni lagundu zion txalapartaren inguruko ikerketa lanetan. Lasarteko Sasoeta baserriko Migel eta Pello Zuaznabar anaiengandik ikasi zuten zer zen txalaparta eta nola erabiltzen zuten.
Ez Dok Amairuk -artean izen hori plazaratu gabe- egindako aurreneko bi kantaldietan -1966ko urtarrilaren 9an Hernanin, eta 1966ko urtarrilaren 23an Donostiako Viktoria Eugenia antzokian-, Zuaznabar anaiak aritu ziren txalaparta jotzen. Hirugarrengoan -Irunen, martxoaren 6an-, Artze anaiek hartu zuten lekukoa. Ondorengo emanaldian -Ez Dok Amairu izenarekin egindako aurrenekoan, Zumarragan, martxoaren 19an- janzkiz eta gorbataz jantzita jo zuten Artze anaiek, txalapartaren duintasuna aldarrikatzeko. Emanaldi horien ondoren, Jesus ere Ez Dok Amairuren bileretan parte hartzen hasi zen.
Ez Dok Amairutik kanpo ere, txalapartari lotuta lan handia egin zuten garai hartan Artze anaiek. 1968an, Txalaparta disko txikia grabatu zuten, Herri Gogoa-Edigsa diskoetxearen eskutik, Bartzelonan; huraxe da txalapartarekin grabatutako aurreneko diskoa. Horretaz gain, Romea antzokian zuzeneko emanaldiak egin zituzten astebetez, Pi de la Serra, Raimon eta Pau Riba kataluniar kantariekin batera.
Bixente eta Juan Mari Beltran anaiekin ere aritu ziren Artze anaiak txalaparta jotzen eta esperimentuak egiten: JosAntonek olerkiak errezitatu, Juan Marik txistua jo, eta Jesusek eta Bixentek txalaparta... Emanaldiak egin eta diskoa grabatzeko asmoa ere izan zuten, baina ez ziren halakorik egitera iritsi, Juan Mariren soldaduskak eten zuelako egitasmoa, 1969an.
Ez Dok Amairuren lehen emanaldietan, saioen arteko tarteetan jotzen zuten Artze anaiek, baina Baga, biga, higa sentikarian, txalaparta emanaldiko gainerako elementuekin uztartu zuten, 1970, 1971 eta 1972. urteetan. 1972ko ekainean, Iruñeko Topaketetan parte hartu zuten bi anaiek, eta harrituta eta liluratuta utzi zituzten abangoardiako hainbat musikari: Luis de Pablo, John Cage, Grupo Zaj taldeko kideak, Steve Reich...
Ikimilikiliklik
Ez Dok Amairu desegin eta gero, Ikimilikiliklik bidekidekarian parte hartu zuten Artze anaiek, Mikel Laboa, Jose Luis Zumeta eta Jose Mari Zabalarekin, 1973tik 1978ra bitarte. Euskal Herriko leku askotan ez ezik Venezian (Italia) eta Parisen ere eskaini zuten emanaldia.
Txalapartaz grabatutako lehen disko luzea grabatu zuten, 1975ean, Milango Ricordi estudioan: Txalaparta'75 iraila, Grupo Zaj taldeko kide Walter Marchetti olerkariak ekoitzia eta Cramps zigiluak plazaratua[1]. 1976anArea taldearen Maledetti (Maudits) diskoan parte hartu zuten[2].
Hurrengo urtean, Luis de Pabloren Zurezko olerkia obraren estreinaldian parte hartu zuten, Bonn hirian (Alemania): bi txalapartari, lau perkusionista -zurezko tresnen jotzaileak denak ere- eta zortzi ahotsetarako 60 minutuko kontzertua. Artze anaiek egindako lanaren bidez ezagutua zuen aurretik txalaparta De Pablok, eta obra horretan «ohea» eskaini zion, De Pablok berak esan zuenez.
Ikimilikiliklik bidekidekariaren emanaldien ondoren, 1978an, JosAnton Hitzez eta hotsez... olerki saioa prestatzen hasi zen, baina bakarka eta txalapartaren parte-hartzerik gabe. Hainbat ekitalditan elkarrekin txalaparta jotzen jarraitu bazuten ere, bien sormen bideak banatu egin ziren hurrengo urteetan: JosAntonek poesiara eta poesian oinarritutako ikuskarietara bideratu zuen bereziki bere lana; Jesusek txalapartari lotuta jarraitu zuen.
1977tik1984ra bitarte, jendaurreko agerpen gutxi egin arren, Andoni Alemanekin batera landu zuen txalaparta Jesus Artzek. «Txalaparta ikerketa» egin zuten urte horietan biek, Usurbilgo Aginaga auzoko elizan. Diskoa ere grabatu zuten elkarrekin Andoni Alemanek eta Jesus Artzek: Txalaparta (Elkar, 1986). Juan Mari Beltranekin ere aritu zen txalapartarekin esperimentatzen, 1986an eta 1987an.
Mikel Laboa, bost urtetik gorako etenaldi baten ondoren, zuzeneko emanaldiak egiten hasi zen berriro 1984an, eta ordutik 2001era bitarteko emanaldi gehienetan Jesus Artze izan zuen txalapartari. Aurreneko emanaldietan, JosAntonekin; gero, 1987ra arte, Andoni Alemanekin; 1987tik aurrera, Joseba Urzelairekin emanaldi gehienetan, baina baita Kirikoketa taldearekin ere -Pello de la Cruz, Mikel Artola eta Iker Muguruza-, eta inoiz edo behin Aitor Aizpuruarekin.
Mikel Laboaren emanaldietan egindako lanaren bidez ezagutu zuten elkar Jesus Artzek eta Iñaki Salvadorrek; bien arteko harremanak oso emankorrak izan ziren. Lehenik, 1997an, Iñaki Salvador & Zilbor Hestea proiektuko parte-hartzaile izan zen Kirikoketa taldea -Jesus barruan zela-, Iñaki Salvador, Josetxo Silguero, Gonzalo Tejada, Victor Celada, Luis Camino, Angel Unzu eta Amaia Zubiriarekin batera; jazza txalapartaren oinarriekin jotzea izan zen taldearen berezitasunetako bat. Ondoren, Iñaki Salvadorrek eta Kirikoketak piano eta txalapartako hainbat emanaldi egin zituzten.
Iñaki Salvador izan zen Jesus Artzek Kirikoketa taldeko kideekin batera grabatutako Sakanatik Arbaila Ttipira diskoan (Elkar, 1999) parte hartu zuten kolaboratzaileetako bat. Jesus Artzek urteetan egindako ikerketaren emaitza landu eta berritzailea jasotzen du diskoak.
Azken urteak
Baina sormen bideetan nork bere bidetik jo arren, elkarrekin ere txalaparta emanaldi asko egin zituzten Jesus eta JosAnton Artze anaiek 1978 eta 2001. urteen artean: JosAntonen Gizon haundia da mundua, eta mundu ttikia gizona ikuskariak izan zituen 40 inguru emanaldietan aritu zen Jesus txalapartari; Beñat Axiariren kantaldi ugaritan parte hartu zuten bi anaiek Frantzian; Beñat Axiari kantariak eta Jean Schwarz musikariak Goñi'ko Zalduna elezaharraren eszenifikazioa estreinatu zutenean -Ezpeletan, 1994ko azaroan-, bi anaiak zeuden parte-hartzaileen artean; urte bereko abenduan, Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat estreinatu zen Donostian, Viktoria Eugenia antzokian, JosAntonek sortu eta zuzendutako poemaldia, eta han ere aritu zen zen Jesus -txalaparta eta zanbonba jotzen-, Ines Elortza ehulearekin eta Zumarraga-Urretxuko Hits & Fits Bandarekin batera; 1998an, Mixel Etxekopar, Maddi Oihenart eta Mixel Arotzeren Lurralde zilarra diskoaren grabazioan parte hartu zuten bi anaiek, txalaparta jotzen; 1999ko azaroaren 12an Donostiako Kursaalean Plaza jaialdia zabaltzeko egin zen Oihana auhenka ikuskarian ere aritu zen, JosAntonekin, Beñat Axiari kantariarekin, Mixel Etxekopar txirulari eta ttunttun jotzailearekin, Ninh Le Quan perkusionistarekin, Jose Le Piez basozain eta eskultorearekin, Jean Claude Barboff margolariarekin eta Joxe Bikondoa eta Alfontso Gorosterazu aizkolariekin batera.
JosAntonek gutxitan jotzen du txalaparta jendaurrean, baina txalapartari buruzko disko-liburua prestatzen ari da, anaiarekin egindako grabazio ugarietan oinarrituta. Ibilbide luze, oparo, berritzaile eta eraginkorra du poeta gisa. IsturitzetikTolosan barru (1969), Laino guztien azpitik (1973), Eta sasi guztien gainetik (1973), Bide bazterrean hi ta ni kantari (1979), Ortzia lorez, lurra izarrez (1987) eta Gizon handia da mundua, eta mundu ttikia gizona (1998) liburuen egilea da, besteak beste. «Poesia plazara, eszenariora eraman duen lehen poeta izan da, eta bizitza literariotik eta eztabaidetatik urrundua egon da beti», dio Koldo Izagirre idazleak, XX. mendeko poesia kaierak bilduman JosAnton Artzeri eskainitako liburukian.