Garai batean Aritzakunen baserri ugari ziren, eta denetan bizi zen jendea. Aritzakungo erdialdean haurrendako auzo-eskola eta pilotalekua eraiki ziren, Arizkun edo Erratzu herri hurbilenak urrutiegi baitzeuden; elizara joateko ere, bertako bizilagunek historikoki Bidarraira jo izan dute.[2] Argi elektrikoa duela gutxi sartu zen,[3] eta 2007an baserri gehienak utziak zeuden; hirutan bakarrik bizi zen jendea: Burkaitzean, Itsusiko Bordan eta Lezetan. Gainera bi jatetxe eta taberna zeuden: Burkaitzeako eta Lezetako bentak.[1] 2014ean, auzo-eskola zaharra auzo-elkarte bihurtua zen.[4] 2021ean, Aritzakunen eta Urritzaten guztira 22 pertsona bizi ziren urte osoan;[5] baina badira kanpoan bizi arren etxea mantendu eta opor egunetan itzultzen diren auzotarrak ere. Hain zuzen ere, 2000 urteaz geroztik "Aritzakundarren Biltzarra" ospatzen da irailean; eskola eta 1895eko frontoi zaharraren inguruan 100 lagunetik gora biltzen dituen auzoko antzinako bizimoduaren omenezko festa eguna. [2]
Geografia
Harana mendiz inguratuta dago: hego-ekialdeanGorramendi (1.074 m), mendebaldeanLizartzu (793 m) eta Antsestegi (800 m) eta iparraldeanArtzamendi (926 m). Aritzakun erreka HM-IE norabidean doa. Gorramendiren beste aldetik dator Urritzate erreka, eta biek Urbakura izeneko parajean[2] bat egiten dute, Sumutsuko Borda inguruan.[1]
Baztan eta Aritzakun lotzeko errepidea AEBetako armadak eraiki zuen, 1950eko hamarkadan. Gorramendiko gainean iparramerikarrek base militar bat eraiki behar zutenez, basea errepide nagusiarekin lotzeko, 10 kilometroko mendi errepide bat egin zuten Otsondoko mendatetik (580 m) Gorramendiraino. Horrela, Aritzakunera eta Urritzatera autoan joateko aukera zabaldu zen.[1]
Gaur egunean, bi bide nagusi daude Aritzakun eta Uritzatera iristeko. ElizondotikN-121-B errepidea hartu behar da Dantxarineako norazkoan, eta Otsondoko mendatean, eskuinetara hartuta, Gorramendiko mendi errepidea hartu behar da. Zortzi km ondoren Itzuliko lepora iristen da errepidea, eta handik, ezkerreko bidea hartuta, Aritzakun eta Urritzaten barrena mendi bide batek segitzen du, asfaltaturik gabe[5] eta uholde eta luperien mende[6] dagoena. Bidarraitik Aritzakunera doan bidea jarraitzea da bertze aukera.[1]
Inguruan dauden mendien artean Alkaxuri edo Irubelakaskoa mendia da gailur garrantzitsuenetakoa eta ikusgarrienetakoa,[1] eta Baztango Udalak prestatutako PR ibilbide labur desberdinak jarrai daitezke.[7] Inguruan aberastasun ekologikoa babesteko, zenbait kontserbazio bereziko eremu izendatuak dira:[2]
Itsusiko natura erreserba: bertan sai arreen kolonia handi bat bizi da, eta ugatzaren hegaldi-esplorazio zona da. Bertan ikus daitezkeen beste zenbait espezie: belatz handia, sai zuria, arrano sugezalea, mirotz zuria, gabiraia, urubia, hontz ertaina eta miru gorria.
Alkaxuriko natura erreserba: haltz ekosistema Aritzakun errekaren ibar eskuinean, ipar aldean alegia. Ira espezie desberdinak, eta putzuetako espezieak
Iparlako basa faunaren babesgunea: Urritzate erreka gainean. Aurreko gune babestuekin lotua, eta Nafarroan ugatza errekuperatzeko planarekin lotua.
B-122 zenbakidun Hegaztien Babes Bereziko Zona (ZEPA): Aritzakun eta Urritzate erreken eta Gorramendi mendi multzoaren eremu osoa hartzen du.
Kultura ondarea
Historiaurreko megalito anitz badira inguruko mendi kasko eta lepoetan. Horien artean, garrantzi handia dute Amabirjinei Arpea deituriko lepoan daudenak, Gorramakil eta Alkaxuri artean. Lepo horretan, Eneolitiko eta Brontze Aroko zazpi trikuharri daude.[1]
Bertzalde, Aritzakunen, Itzulegi eta eskola zaharraren artean,[1]prospekzioarkeologikoek antzinako meatzeen arrastoen presentzia baieztatu dute, Minetako Zokoa deritzon parajean. Lekukotasun historiko argirik egon ez arren, hipotesi batzuen arabera ustiaketa eremu hauek Erromatar Inperioaren garaiko urre bilaketa lanetan erabilitako ruina montium prozedurarekin lotuak leudeke. Eskualdeko mitologian hipotesi honekin bat datozen kondairak gorde dira, zehazki urre-putzuekin eta laminekin lotuak.[3]
Antzina gaztainak ekonomian izandako garrantziaren lekuko, basoetan gaztain espilen aztarnak aurki daitezke, baita berreraikitako kisulabe bat ere.[2]
Urritzateko haranean, Erratzu eta Bidarrai artean galtzada zaharra dago, "Napoleonen bidea" esaten zaiona (frantsestadan bere tropen erretiradarako erabili omen zutelako); beraz, inguruotan kontrabandoan aritutako gau-langileen istoriak ere ez dira gutxi.[3]
Urbakura parajean (Aritzakun eta Urritzate errekek bat egiten duten lekuan), Harpeko Saindiaren kobazuloa dago.