Munduko lurralderik aberatsenetakoa da; bertako ondasun ia bakarra petrolioa da (2014an, mundu osoko petrolio esportazioen % 6,2).[3] Beti ere, gero eta pisu handiagoa du turismoak bertako ekonomian, batez ere Dubain.[4]
Geografia
Mugak
Arabiar Emirerri Batuak Arabiar penintsularen hego-ekialdean daude, ipar latitudeko 22°50' eta 26° artean, eta ekialdeko longitudeko 51° eta 56°25' artean.[5] Iparraldean Qatar, Oman eta Persiar golkoarekin dute muga; ekialdean, Omanekin; eta hegoaldean eta hego-mendebaldean, Saudi Arabiarekin.
Eskualde naturalak
Herrialdeak 650 kilometroko itsasertza du Persiar golkoaren hegoaldean. Gatzagek hartzen dute kostalde horren zati handiena, eta barnealderantz ere hedatzen dira. Dubai da portu naturalik handiena. Uharte asko daude golkoan, eta eztabaida dago Iran eta Qatarrekin horietako batzuen jabetzaz. Uharte txikienek, koralezko uharriek eta hondarpeek nabigazioa zailtzen dute.[5]
Hego-ekialdean 90 kilometroko kostaldea du Omango golkoan, Al Batinah eskualdearen iparraldeko muturra. Hajar mendigune garaiak bereizten du Al Batinah herrialdeko gainerako lurraldeetatik, eta Arabiar Emirerri Batuen eta Omanen arteko muga egiten du. [5]
Abu Dhabiren hegoalde eta mendebaldean duna eremu zabalak daude, Saudi ArabiakoRub al-Khali basamortuarekin bat egiten dutenak. Bi oasi handi daude bertan; hegoaldean Liwa dago, Saudi Arabiako mugatik gertu, eta 100 kilometro ipar-ekialderago Buraimi, Abu Dhabi eta Omanen arteko mugaren bi aldeetara zabaldua.
Basamortuko klima dago Arabiar Emirerri Batuetan; udak oso beroak dira eta neguak beroak. Udako batez besteko tenperatura maximoak 45° C-tik goragoak dira itsasertzeko zabaldian. Hajar mendigunean, garaiera dela-eta, tenperaturak freskoagoak dira. Neguko batez besteko tenperatura minimoak 10° C eta 14° C artekoak dira. Uda amaieran, kostaldeko giroa eramangaitza da, xarqi izeneko hego-ekialdeko haize hezearen erruz. Itsasaldean urteko batez besteko prezipitazioa 120 milimetro ingurukoa da, eta 350 milimetrokoa mendialdean. Tarteka hauts ekaitzak izaten dira.[5]
Gaur egun herrialdea osatzen duten emirerriakErresuma Batuaren babespeko lurraldeak izan ziren 1852tik aurrera. 1971n, independentzia lortu zuten gaur egun herrialdea osatzen duten zazpi emirerrietako seik eta, bat eginik, gaur egungo estatua osatu zuten. Arabiar Emirerri Batuetako zazpi estatuek zeinek bere erregea dute, eta Soberanoen Batzorde Nagusian biltzen dira guztiak; batzorde horretan hautatzen dira presidentea eta presidenteordea.
1981ean, Arabiar Emirerri Batuek Golkoko Estatuen Kooperazio Batzordean parte hartu zuten. Emirerri Batuek Irak babestu zuten Iranen kontrako gerran, baina beldur ziren Iranek petrolioaren bidea blokeatuko ote zien. 1982an, defentsa-hitzarmen bat izenpetu zuten Saudi Arabiarekin. Iran-Irak Gerran (1980-1988) aurrekontuaren % 60 defentsarako erabili zuten. Hala ere, nolabaiteko neutraltasuna gordetzen saiatu ziren eta Iranekiko petrolio- eta merkataritza-harremanak mantentzen.
1990eko abuztuan, Irakek Kuwait inbaditu zuenean, Emirerriek babesa eman zieten kuwaitar iheslariei, eta baita frantses eta britainiar gudarosteei ere. Golkoko Gerran, bai diruz bai gudarosteak bidaliz hartu zuten parte. Dena dela, parte-hartze horren ondoriozko ekonomiaren ahultzeak ez zuen luzaro iraun. Emirerri Batuen barruko bizitza politikoari dagokionez, fundamentalismo islamistak indar handia hartu du azken urteetan, eta lege islamikoa ezarri da orain arte epaitegi zibilen esku zeuden zenbait alorretan.
Gobernua eta administrazioa
Politika
Herrialdea oinordetzako monarkia absolutuen federazioa da. Abu Dhabi, Ajman, Dubai, Fujaira, Ras al-Khaima, Xarja eta Umm al-Qaiwain zeinek bere emirra dute, eta zazpi emirrek osatutako Soberanoen Batzorde Nagusia da autoritate gorena.[8] Soberanoen Batzorde Nagusiak hautatzen dituen arren, presidente eta lehen ministro karguak oinordetzakoak dira funtsean: Abu Dhabiko emirra da presidentea eta Dubaikoa lehen ministroa.
2016an, 9.269.612 pertsona bizi ziren Arabiar Emirerri Batuetan.[2] Adinaren arabera, biztanleria honela banatzen da:
0-14 urte bitartekoak % 21 dira,
15-24 urte bitartekoak, % 13,5
25-54 urte bitartekoak, % 61,1,
55-64 urte bitartekoak, % 3,2, eta
65 urtetik gorakoak, %1,1.
Bizi itxaropena 77,7 urtekoa da; 75 urtekoa gizonezkoena eta 80,4 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak).[8] Etorkin asko dagoenez, gizonezkoak emakumezkoak halako bi dira herrialdean (2,18 2017an).[8]
Banaketa etnikoa
Biztanleriaren % 11,6 besterik ez da jatorriz emirerribatuarra. % 59,4 Asia hegoaldeko etorkinak dira (% 38,2 indiarrak, % 9,5 bangladeshtarrak, % 9,4 pakistandarrak), % 10,2 egiptoarrak eta % 6,1 filipinarrak (2015eko zenbatespena).[8]
Arabiar Emirerri Batuak LPEEko (Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea) kide dira. 1990ean, Golkoko Gerraren ondorioz, atzerriko kapitalek alde egin zuten, baina berehala itzuli ziren eta Emirerrien ekonomiak gorantz jarraitu zuen. Harrezkero, nabarmen aldatu da herrialdearen egoera, eta Europako mendebaldeko herrialdeetakoen antzeko biztanleko errenta du gaur egun.
Gobernua beste diru-iturri batzuk sendotzeko ahaleginak egiten ari da, petrolio-erreserba mugatuekiko mendekotasunetik askatzeko, eta indar handia hartzen ari da turismoa, batez ere Dubain. Izan ere, Dubai hiria munduko norako turistikoetan bosgarrena da.[4]