AlfaroErrioxako ekialdean dagoen udalerria da, 2020. urtean 9.611 biztanle zituena. Errioxan bosgarren hiri handiena da, baina azalera handiena duen udalerria, 200 km2 ingurukoa. 3.000 urte inguru dituen herria da, erromatarren garaian garrantzi handia izan zuena.
Alfaron zikoina zuriaren hiri barneko koloniarik handiena dago, 120 habia baino gehiagokoa. Mundu mailan eraikin bakarrean dagoen zikoina kolonia handiena osatzen du[1].
Arabiar jatorrikoa da gaur egungo izena. Arabieraz Al-faruh izan zen, "faroa" edo "talaia" esan nahi du[2]. Inoiz esan izan da arabierazko al-fahhar-etik etor litekeela, "eltzegilea".
Geografia
Errioxako ekialdeko puntan kokaturik dago, Alfaroko eskualdean, eta Nafarroak inguratzen du iparraldetik, ekialdetik eta hegoaldetik. Alhama ibaiak Ebro ibaiarekin bat egiten du bertan[3].
Yerga mendia (1.101m) da udalerriko punturik altuena[4]. Aipatzekoa da Tambarría mendia (374m) ere, La Plana ezizenaz ezagutzen dena. Herria 302 metrotako altueran kokaturik dago[3].
Historia
Antzinaroa
Eras de San Martín aztarnategian Burdin Aroko (K.a. VIII. mendea) populazioaren aztarnak aurkitu dira. Bigarren Burdin Aroko asentamendua beroiekin eta arebakoekin lotu izan da eta Ilurcis izena izan zuen[5]. Izenaren aipamen bakarra erromatarrek Gracurris sortu zutenekoa da.
«
Gracchuris urbs Hiberæ regionis, dicta a Graccho Sempronio, quæ antea Ilurcis nominabatur "Gracchuri, Ebro eskualdeko hiria, Grako Sempronioren omenez hala deitua, lehen Ilurci izena zuena"
K.a. 179. urtean Tiberio Sempronio Gracok konkistatu zuen eta Graccurris izena eman zion. Asentamendu berria egin zuen, erromatarrek Ebro harana okupatzeko zuten estrategiaren barnean[5]. Sertorioren gerran (K.a.81-72) baskoiek Ponpeioren alde egin zuten eta Calagurris hiriak aldiz Sertorioren alde. Ponpeio nagusitu zenez Calagurris Cascantum eta Graccurris hiriak baskoien esku gelditu ziren[6]. Tiberio enperadorearen garaian hiria bihurtu zen eta Graccurriseko txanpon-etxea asak eta brontzezko semisak ekoiztu ziren.
Erdi Aroa
Musulmanek hiria konkistatu zutenean tokiz aldatu eta izen berria eman zioten, Alfaro. 1126. urtean Alfontso Borrokalariak (Iruñeko eta Aragoiko erregea) hiria eskuratu eta harresiak eraiki zizkion[7]. 1253. urtean Alfontso X.a Gaztelakoak villa eskutitza eman zion eta hurrengo erregeek pribilejioak gehitu zizkioten.
Aro modernoa
Filipe IV.ak eman zion hiri titulua 1629. urtean 40.000 marabediren truke[2]. XVII eta XVIII. mendeetan garapen handia izan zuen eta familia ilustreen etxe ugari daude herrian. XIX mendearen hasieran Soriako probintziaren parte zen eta 1833an Logroñoko probintziara aldatu zen[2].
Espainiako Gerra Zibilean bando nazionalari aurre egin zion Errioxako hiri bakarra izan zen, baina 1936ko uztailaren 21ean hiria hartu zuten.
Ekonomia
Alfaroko enpresen gehiengoak zerbitzu sektorean egiten du lan. Nekazaritzan biztanleriaren %11k baino jarduten ez duen arren 3.900 hektaera hartzen dituzte mahastiek eta Errioxako ardoaren ekoizle nagusietakoa da, Errioxa Beherea azpieskualdean.
Industriari dagokionez jarduera aipagarrienak aulkigintza eta teila eta adreilugintza dira[3].
San Migel Goiaingeruaren kolegiata: Errioxa osoko tenplurik handiena da eta Monumentu Nazional izendatu zuten 1976an. XVI eta XVII mendeen artean eraiki zen.
Burgoko Andre Mariaren eliza (XVII. mendea)
San Francisco eliza
San Roke baseliza
Alfaroko udaletxea
Abadearen eliza
Sáenz de Heredia jauregia
Ninfeo erromatarra: I. mendeko iturria
Eras de San Martineko aztarnategia
Sotos del Ebroko erreserba naturala (Interpretazio zentrua udaletxean dago)[8]
Burgoko Amabirjinaren jaiak (irailaren 8-10 artean)
Zikoinak
San Migel Goiaingeruaren kolegiata gainean zikoinen 140 habi daude, guztira 400 zikoinatik gora izaten dira kumatze garaian[1]. Habia bakoitzak 500 kg-ko pisua har dezake. Urtero handitzen doan kolonia izanik mundu mailan eraikin bakarrean dagoen zikoina kolonia handiena osatzen du[1].
Gastronomia
Los Rusos de Alfaro ("Alfaroko errusiarrak") Alfaroko pastel tradizionalak dira. Zuriak direlako daukate errusiar ezizena[10].
Kirolak
Hiriko kirol taldea Club Deportivo Alfaro da. 1933an sortu zen eta futbol taldeak La Molineta futbol zelaian jokatzen du[11]. 2001 eta 2009 artean 6 denboraldi egin zituen 2. B mailan eta emaitzarik onena 2004ko 9. postua izan zuen[12].
Alfarotar ezagunak
Tomás Caballero (1935-1998), politikaria, Iruñeko alkatea (1976-1979)