Zamakola lantegi-etxea

Zamakola lantegi-etxea
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaEibar
Koordenatuak43°10′48″N 2°29′19″W / 43.18011°N 2.48861°W / 43.18011; -2.48861
Map
Historia eta erabilera
EraikuntzaXX. mendea -
Arkitektura
Materiala(k)obra-hondakina
Estiloafuntzionalismoa
Ondarea
EJren ondarea125

Zamakola lantegi-etxea Eibarko eraikina da.

2015eko uztailaren 14an Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].

Deskribapena

Zamakola lantegi-etxea Eibarko udalerrian dago, Otaola kalearen 28. zenbakian. Unibertsitate Laboraletik gertu dago ingurune hori, Eibarko kanpoaldean, Eibar-Ermua N-634 errepidean. Etxea, zehazki, errepide horren eta Ego ibaiaren artean dago. Ibaia estali gabe iragaten da etxearen atzealdean. Lantegi-etxeari erantsitako garajeak, ekialdean, muga du etxe baxuago eta antzeko batekin (Otaola, 26), eta, mendebaldean, eraikin industrial batekin (Otaola, 30).

Hainbat solairu dituen lantegi-etxe bat da, eta eranskin bana du ekialde eta mendebaldean, instalazio osagarriak barne hartzen dituztenak. Bizilekua eta ekoizpena batzen dituen eredu hori oso ohikoa zen Eibarren, 1930-1940 hamarkadetan. Egun, lantegia ez da gehiago erabiltzen, baina, garai batean, «ehiza xeheko eskopetetarako» kanoiak egiten ziren han, ekoizpen espezializatuko sistema erabiliz, Debabarreneko arma-industrian erabiltzen zen gremio-sistema zaharraren ondorengo sistema, alegia. Lan espezializatu horrek sorburu zeuzkan arma-ekoizpenaren ezaugarri espezifikoak, hau da, artisau-lana eta, are, lan artistikoa. Izan ere, industrializazio-garaian nolabaiteko mekanizazioa aplikatu arren, trebetasun handia behar zen langintza hartako fase askotan.

Turbina hidrauliko baten indar eragilearen bidez funtzionatu zuen lantegiak hasieran. Turbinaren mugimendua eragiten zuen azpiegitura hidraulikoak atal hauek zituen: presa bat, ibaian gora 303 m-ra zegoena egun, ez dago haren arrastorik; 142 m-ko ubide bat, zati ireki bat eta lur azpiko beste bat zituena azken zati hori baino ez da kontserbatu; eta antepara edo biltegia, itxura irregularrekoa, aldameneko lantegi bateko turtukietarako ere erabiltzen zena. Hustubideko arkutik ateratzen zen urak inguruko errota bateko Bekoerrotako aprobetxamendu-ubidea elikatzen zuen. Egun ere, ubide horretako erregulazio-uhatea ikus daiteke hustubidean. Egun, instalazioan geratzen diren atalek ubide-zati batek, turbinaren ganbarak, irteera-arkuek eta erregulazio-uhateak argi erakusten dute nolakoa zen Euskal Herrian energia eragilea ekoizteko ohiko sistema aurre-industriaren aroan eta industrializazioaren hasieran.

Ondoren, zehatzago deskribatzen dira zein ziren lantegi-etxea osatzen zuten elementuak:

Lantegi etxearen eraikina

Lantegi etxearen beste ikuspegi bat, Ego ibaiaren ondoan Ermuara begira.

Oinplano angeluzuzena dauka lantegi-etxearen eraikinak, 12m x13m-koa gutxi gorabehera, eta alboetan bi eranskin dauzka. Ekialdekoa garaje moduko eranskin bat da; mendebaldekoa, berriz, estalpe txiki bat, bi isurkikoa, eta handik bigarren mailako lantegi batera sar daiteke, sutegira, alegia.

Lantegi-etxearen eraikina XIX. mendeko azken herenean egin zen, eta atal hauek ditu: behekoa eta beste bi solairu; eta ganbara bat, bi isurkiko teilatu batek eta, fatxadaren paraleloan, gailur batek estalia. Aurrealdean, hiru bao-ardatz daude, sarrera-atea ezkerreko ardatzean du, eta lehenengo eta bigarren solairuko erdiko ardatzean, fatxada-arraseko balkoiak. Etxea harlangaitzez eginda dago, eta fatxada nagusia zarpiatua dago eta solairuak bereizteko zerrenda molduratuak ditu. Etxeko egitura egurrezkoa da.

Atzealdean, lehenengo eta bigarren solairuan, egurrezko galeria luze bat dago, egurrezko beso batzuen gainean bermatuta. Lehenengo solairuan, jatorrizko leihoak daude oraindik, gillotina erakoak. Inguru horretako arkitekturan asko erabiltzen ziren halako leihoak, baina egun ia erabat desagertu dira. Solairu bakoitzean, irtengune bat dago: tranpadurak dira.

Etxeko sarreratik ezkaratz batera sartzen da, eta handik lantegira, eskailera-tarte txiki bat jaitsita. Ezkaratz horretatik ere, goiko solairuetara igotzeko eskailerak abiatzen dira.

Lantegia

Etxeko bebarruan dago lantegia, eta ezkaratzetik nahiz mendebaldeko eranskinetik sar daiteke hara. Gela angeluzuzena da, gillotina erako bao bertikal handi batzuetatik sartzen zaio argia, eta kanoiak egiteko makinak hartzen ditu barnean. Jaisteko atearen ezkerraldean daude makina gehienak, erdiko pasabide baten albo banatan ordenatuta eta mendebaldeko eranskineko sarrerarekin lerrokatuta. Antolamendua, oro har, zeharkakoa da ezkaratzeko arteko hormarekiko. Makina asko kontserbatu dira: zulatzeko edo barrenatzeko makinak, zuzengailuak, leungailuak edo laugailuak, tornua...

Zulatzeko edo barrenatzeko makinak ziren elementu nagusia: mutur zorrotz eta kiribildua zuten burdinazko makilak ziren, eta barra zulatzeko eta eskopeten kanoia egiteko erabiltzen ziren. Metalezko astoetan instalatzen ziren barrenatzaileak, eta haiei eragiteko, turbina mugitzen zuen transmisio-sistema erabiltzen zen. Bestalde, zuzengailuak kanoien «kalitate-kontrola» ziren, eta argi naturala sartzen zen aldean jartzen ziren beti lantegian, kanoien akatsak atzemateko. Mailu txiki batez zuzentzen ziren gero akats horiek. Azkenik, kanoia leundu egiten zen, horretarako prestatuko makinan. Etxean egindakoak ziren makina gehienak.

Hasiera batean, egungo garajearen azpian zegoen turbina batek transmititutako indar hidraulikoaren bidez funtzionatzen zuten makina horiek guztiak. Aurrerago, ordea, sistema eragile elektriko bat erabili zen, eta sistema horretarako erabiltzen zen motor txiki bat kontserbatu da lantegian gaur egun arte. Makinak martxan jartzen zituzten barra-multzoa, poleak eta uhaleriaren zati bat daude ikusgai lantegiko sabaian.

Lantegian, gainera, tresna eta erreminta txiki ugari daude, bai eta leuntzeko harri bat, ingude bat eta kanoiak egiteko metalezko barrak ere.

Ekialdeko eranskina edo garajea: «Biltegia eta makina-etxea»

«Makina-etxea» ekialdeko eranskinean dago. Garaje bat da, eta, haren azpian, antepara edo biltegia dago, hau da, sistema mekanizatuaren turbina eragilea martxan jartzen zuen azpiegitura hidraulikoaren antepara. Antepara zaharrera, tranpol batetik sartzen da, eta, han, honako hauek ikus daitezke: lur azpiko ubidearen ahoa eta metro batzuk, eta adarrak eta bestelakoak turbinaren aldera igarotzea eragozten zuen sareta.

Garajeko solairuan, ardatz eragile bertikala dago: turbinari eragiten zion mekanismoa zen, eta lantegiko makineriari indarra transmititzen zien (egun, makineria horren zati bat baino ez dago). Sistemak polea handiak ditu, larruzko transmisio-uhalak eta guzti. Transmisio-uhalak poleekin dago konektatuta, eta poleek mugimenduan jartzen dute makina bakoitza. Makinei eragin ondoren, ibaira itzultzen zen ura hustubidetik, erdi-puntuko eta euskarri zentraleko arku bat zeharkatuz.

Beherago, lantegiaren bulegoak daude, ibaiaren gaineko irtengune batean, zati kanalizatuaren aurretik. Eranskinaren eta etxearen behealdean, ura irteteko bi arku kontserbatu dira, eta, horietako bat etxeko turbinaren biltegiko hustubidea da.

Mendebaldeko eranskina: «Sutegia»

Etxeko mendebaldeko hormari erantsita, estalpe bat dago, etxeko lantegiaren kotan, eta fatxadarekiko atzera emanda. Kaletik estalpera sartzeko, igarobide txiki bat dago, bi isurkiko estalkia duena. Handik igarota, estalperaino jaitsi daiteke. Estalki txiki horrek helburu zuen maldan beherako kalezuloko sarrera partez estaltzea, handik, burdinazko barrak sartzen baitziren lantegira. Hori zen lantegira sartzeko bide nagusia, sutegiko edo lantegi-eranskineko toki hori zuzenean komunikatuta baitzegoen etxeko lantegiarekin.

Estalpeak edo «sutegiak» oinplano angeluzuzen luzea du, eta, ibai aldera, bao bertikalak. Dirudienez, labe txiki bat edo sutegi bat egon zen han, bai eta zenbait makina ere. Egun, ez dago labearen arrastorik. Eranskin horretan, poleadun mekanismoak egon ziren, eta, lantegiko sarbidea hasten den tokian, oraindik ere ikus daitezke makineriari eragiten zioten mekanismo horien hondarrak (barrak mozteko zerra, esmeril-harria).

Zamakola lantegi-etxeak instalazioak eta makinak barne hartuta ondare-interes berezia du, eta interes horren oinarria da, hain zuzen ere, han egiten zen jardueraren berri ematen duten elementu guztien konjuntzioa. Garai batean, barrenatzeko halako lantegi asko egon ziren, eta, auzo horretan bertan, hainbat izan ziren, baina, joan den mendean, desagertzen hasi ziren, eta Zamakola geratu zaigu lantegi-etxe haien lekuko. Lantegiak bi interes mota biltzen ditu: batetik, interes historikoa, gizartearen eta lanaren historiako garai bateko erreferente den aldetik, eta, bestetik, interes tipologikoa, armagintzako lantegi-etxea zen aldetik. Ildo horretatik, bizilekuaren eta ekoizpenaren arteko konbinazioaren erreferente da inguru horretako industrializazioan ohikoa zen konbinazio hori, eta, gainera, Eibarko garai bateko armagintzaren lekuko berezia da, eta aintzat hartu behar da hiribildu horretako funtsezko jarduera izan dela armagintza.

Erreferentziak

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa

Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!