Uri Durangon jaio zen 1950ean, gerrak eta faxismoak jotako herri eta etxe batean.
Haurtzaro eta gaztaro gogorrak
Bizitzari, gizarteari eta etorkizunari buruz etxean eta gizartean jasotako ikuspegi kontrajarriek moldatu zuten neskato hura. Urik amamaren altzoan aditu zituen gerraren bortizkeriak, justizia ezak, gizonen maltzurkeriak, errepresioa, askatasun eza eta boteretsuen ase-ezintasuna. Eskolan eta gizartean, ostera, faxismoaren aldeko gorazarreak entzun zituen etengabe, langarrak lurra bustitzen duen legez.[3][4][5]
Gaztetan jabetu zen bere bizitza gidatuko zuten zerez: euskararen eta euskaldunen bazterketa, emakumeen eta gizonen eskubide berdintasun eza, zapalduen eta gizarteak baztertuen egoera latza eta elizak faxismoarekin zuen konplizitate maltzurra jasan ezinak moldatutako zedarriak.[3][4]
Euskaldunduta ikastolako andereñoa (1970-1979)
Euskara ikasi zuen gaztetan eta hizkuntzaren biziberritze-ekimenetan aritu zen gero. 1970ean Iurretako Goiuria ikastolako andereño izan zen, eta urtebete jardun zuen han, ikastola itxi zioten arte. Hurrengo bi urteetan, Bizkaiko Ikastolen Elkartea izango zenaren koordinatzaile izan zen, eta gero Elorrioko ikastolara joan zen (1975-1979). [6][7][8]
Hasiera zail, bihurri, korapilatsua ezagutu zuen Bizkaiko ikastoletako irakasleen koordinatzaile zela, ikastoletako lehenbiziko lan gatazkak eta Adela Ibabeandereñoaren heriotza barne.[9][5]
Eskola publikoko irakaslea (1979-1989)
Geroago hezkuntza publikora joan zen, garai hartan irakasle-mugimendu indartsua sortu baitzen eskola publikoa euskalduntzeko, Urte horietan sartu ziren lehenengo maisu-maistra euskaldunak eskola publikoan, hurrengo urteetan euskalduntze- eta modernizatze-prozesuan aldaketa handiak eragingo zituen belaunaldi bat. Arabara mugitu zen, euskarazko eskolak ematera. 1979anLegutioko eskola publikoan hasi zen A ereduko ikasleekin.[7]Eusko Jaurlaritza hezkuntzaren eskumenak garatzen hasi zenean, euskara ikasteko lehen liburuak idatzi zituen. "Hegaz" liburuak lehenengo materiala izango ziren, horretan ere aitzindaria izan zen Uri.[10][11][12] Hala, Gasteizen euskara eskolak ematen hasi ziren irakasle guztien irakaslea izan zen Ruiz Bikandi, "maistra eta gidari".[13]
Oroz gain, bigarren hizkuntzaren didaktika eta irakasleen prestakuntza izan zituen lan eta ikergai.[7] Hezkuntzan beti egin zuen pedagogia eraldatzaile eta berritzailearen alde, autoritarismoaren aurka.[3] Ama hizkuntzaren eta bigarren hizkuntzaren jabekuntza-prozesuez mintzatu da maiz, eta ahozkotasuna lantzeak duen garrantzia azpimarratzen zuen.[8]
2005ean doktore-tesia aurkeztu zuen Anna Camps Mundó eta Itziar Plazaola Rezola irakasleen zuzendaritzapean. Murgiltze-programetako irakasleekin egindako ahozko hizkuntzazko prestakuntza-prozesu bat analizatu zuen (Análisis de un proceso formativo en lengua oral (L2) con docentes de programas de inmersión).[14]
Ruiz Bikandik koordinatu eta idatzi zuen liburu bat gidari izan da hizkuntzak irakasten dituzten irakasleentzat: Bigarren hizkuntzaren didaktika Haur eta Lehen Hezkuntzan. Liburu hori asko zabaldu da, eta hogeita hamar urte igaro badira ere, oraindik ez du gaurkotasuna galdu.[13]
20 urtez (1994-2014) Zuzendaritza Batzordekoa izan zen Graó argitaletxeko Textos de Didáctica de la Lengua y de la Literatura sailean (Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika Saila, Ed. Graó. Barcelona),[7][15] baita batzorde editorialeko kide ere Educational Review Journal aldizkarian (Birminghamgo Unibertsitatea).[16][17]
Emakumeen eskubide ezaz jabeturik, gogor eta ozen errebindikatzen zuen genero berdintasuna, eta indar osoz salatzen zituen injustiziak eta gizonkeriak, Durangoko Talde Feminista ere sustatuz. Faxismoaren eta gizakiaren zapalkuntzaren aurkako borrokak mugimendu sozio-politikoetan parte hartzera eta komunismora eroan zuen Uri, injustiziaren aurka eta gizakion berdintasunen alde.[3]
«
Lagunen artean dena ematen zuen emakume Indartsua, konprometitua eta kuriositate handikoa zen, eskuzabala, bizi-bizia, alaia, kontraesankorra. Oso apasionatua zen, pasioa zen bere ezaugarri bat, kulturzalea, liburuzale porrokatua. Irakurle klubean ere parte hartzen zuen; hamarkadak eman ditu bertan.