2003. urtean, munduko estropada gogorrenetako batean, Le solitaire de Figaro proban, parte hartu zuen; proba bukatzea lortu zuen aurreneko euskal herritarra izan zen. 2004ko martxoan beste errekor bat lortu zuen, Iberiar penintsula (Bilbo-Bartzelona) 15 egunean inguratzean, geldialdirik egin gabe. 2006an, VELUX 5 Oceans Race estropadan parte hartu zuen (munduaren bakarkako bira) Pakea Bizkaia izeneko Open 60 motako belaontziarekin, eta hirugarren egin zuen, marka ikusgarria ezarrita: 158 egun, 18 ordu eta 25 minutu. Hala, Unai Basurko da munduari bakarrik bira eman dion bigarren itsasgizon euskal herritarra, Jose Luis Ugarte bizkaitarraren ondoren, eta baita estropada ozeaniko batean podiumera igo den lehenengoa ere. Hori dela eta, 2007ko Kirolari Onenaren Saria jaso zuen, Eunate Agirrebodyboardlariarekin batera.
2008an Artemis Transat izeneko estropadan parte hartu zuen, Ozeano Atlantikoa zeharkatzen zuena. Pakea Bizkaia berregindako itsasontzia erabiliz, ezin zuen estropada bukatu. 2008ko azaroaren 9an, Pakea Bizkaia bere itsasontzia FrantziakoLes Sables-d'Olonneko portutik irten zen 2008-2009ko Vendée Globe estropadan parte hartzeko. 2008ko abenduaren 7an utzi egin behar izan zuen lasterketa, bere belaontziaren istriborreko lemak izan zuen arazo baten ondorioz.