Udalerri Autonomo Matxino Zapatistak (gaztelaniaz: Municipios Autónomos Rebeldes Zapatistas, MAREZ) Mexikoko Chiapas estatuko lurralde txiki batzuk dira, zapatistek kontrolatuak, 1994ko abenduan deklaratuak. EZLNk, egitura militarra den aldetik, adierazi du ez duela parte hartzen autogobernuzko eremu horietan, beren printzipioetan ez baitago boterea hartzea, eta, beraz, Batzorde Indigena Klandestino Iraultzaileko ezein agintari edo kidek ezin duela eremu horietan aginte edo gobernu kargurik bete.[1]
Lurralde horiek udalerri ofizialen barruan daude; lurralde horietako batzuk, baita udalerri berberaren barruan ere, hala nola San Andres Larrainzar eta Ocosingo. Udalerri Autonomo Matxino Zapatistak kontseilu autonomoen bidez koordinatzen dira, eta helburu nagusi dute beren lurraldeetan hezkuntza eta osasuna sustatzea. Lantzen dituzten beste arlo batzuk: lurreko, laneko eta merkataritzako arazoak; etxebizitzaren eta elikagaien gaiak; kultura sustatzea (batez ere hizkuntza eta tradizioak) eta justizia administratzea.[2]
Gehien-gehienbat Mexikoko hegoaldeko Chiapasko indigenek osatutako talde armatu bat 1994an matxinatu zen, neurri batean Mexikoko Gobernuak NAFTA edo Ipar Amerikako Merkataritza Askeko Ituna sinatu izanari erantzunez, beren lurrak aldarrikatzeko, Nazio Askapenerako Armada Zapatistaren ahanzturaren aurkako gerra deitu zuten horretan. Horrela, hainbat herri matxinatu ezarri zituzten, itxuraz Mexikoko legetik kanpo funtzionatzen dutenak eta komunitateen arteko tokiko garapena xede dutenak.
2003az geroztik, Udalerri Autonomo Matxino Zapatistak caracoles izeneko talde txikiagoetan koordinatu dira. Caracol horiek ezarri baino lehenago, neozapatistek aguascalientes deitura erabiltzen zuten 1994ko abuztuaren 8an EZLNk deitutako Konbentzio Demokratiko Nazionala egin zen lekua izendatzeko; deitura horren bidez, aipamena egin zioten 1914an Emiliano Zapataren eta Francisco Villaren armaden aliantza gertatu zen lekuari.
Mugimenduaren aldekoek diotenez, Udalerri Autonomo Matxino Zapatistetako lege edo arauak ez dituzte agintariek onartzen, komunitateetako ordezkariak koordinatuz gobernu parte hartzailea osatzen saiatzen diren Gobernu Oneko Batzordeek baizik. Hainbat komunitatetan, batzar orokorrak egiten dira astebetez, komunitatearen hainbat gai erabakitzeko. Batzarrak guztientzat zabalik daude, burokrazia formalik gabe. Komunitateek hartutako erabakiak, ondoren, hautetsiei pasatzen zaizkie, eta horien lana da erabakia ordezkari batzorde bati ematea, informaziotzat. Ordezkariak ezezta daitezke, eta txandaka aritzen dira. Horrela lortu nahi da jende asko izatea bere ikuspuntuak adierazteko gai.
Neozapatistek ezkerrekoak direla aldarrikatzen dute, beste ezein ideologia politiko zehatzi atxiki gabe. Hala ere, Udalerri Autonomo Matxino Zapatisten funtzionamenduak baditu ezker tradizionalarekiko desberdintasun programatiko batzuk: zapatismoan eta magonismoan inspiratutako indigenismoa aldarrikatzen dute, sozialismo autogestionatuaren, marxismo autonomoaren eta anarkismoaren ekarpenekin.