The North Star (Ameriketako Estatu Batuetan Armored Attack izenburua ere izan zuen) 1943ko filma da, RKO etxeak ekoiztu eta banatua. Lewis Milestonek zuzendua, Lillian Hellman idazlearen istorio bat du abiapuntu; idazleak berak sortu zuen gidoia. Anne Baxter, Dana Andrews, Walter Huston, Walter Brennan eta Erich von Stroheim izan ziren antzezle nagusiak. Musika Aaron Coplandek sortu zuen, eta abestiak Ira Gershwinenak ziren; argazkia James Wong Howerena. Film hau Farley Granger aktorearen lehena izan zen.
Ukrainako alegiazko herri batean gara, Iparrizar deritzona. 1941eko urtean alemaniarrak Sobiet Batasuneko errepublika hura bereganatzen hasiak ziren. Filmak herriko biztanleek erakutsitako portaera agertzen du: haien eguneroko bizimodua, ume, gazte, heldu zein zaharrena, erabat itxuraldatuko da. Biztanleek eurek su emango diote herriari alemaniarrak gertu sentitzean; hala ere, naziek bere egingo dute lekua eta ospitalea antolatuko dute bertan. Alemaniar soldadu zaurituak sendatzeko herriko umeen odola darabilte lasai askoan. Filmak hiru testu-inguru jorratzen ditu: setiatuei laguntzeko armak lortzen saiatzen direnena aurrena (Baxter, Brennan, Granger, Andrews eta Withers); herrian geratutakoena hurrena (Huston, Harding eta Von Stroheim), eta gerrilla sortu dutenena azkena.
Filma aurkeztu zenean harrera ona izan zuen, kontuan hartuta Sobiet Batasunaren defentsa sutsua egiten zuela, eta Oscar sarietarako sei izendapen lortu zituen. Une horretan komunismoaren mamua ernaldu barik bide zetzan amerikarren kontzientzian. Urte nahikotxo pasatu ziren propaganda filmtzat hartua izan arte. Esaterako, alemaniarrek bonbardatutako herrian eragindako txikizioa girotzeko filmaren soinu bandak Internazionala darabil.