The Great Train Robbery (euskaraz Tren Lapurreta Handia) 1903ko Edwin S. Porter estatubatuarrak zuzendu, ekoitzi eta idatzitako western film mutu bat da. 1896ko Scott Marble antzerkigilearen antzezlan batean oinarritua dago, gainera 1900ean Butch Cassidy bidelapurrak burututako tren lapurretan ere oinarritua egotea baliteke. Alfred C. Abadie, Broncho Billy Anderson eta Justus D. Barnes aktoreek antzeztu zuten.
Garai hartan Porter lanbidez Edison Studios ekoiztxean kameralaria zen.
Estatubatuar zinemako lehenbiziko ekintza filmatzat jotzen da, bai eta aurreneko western filma ere.
Western bat izan arren New Jerseyko Milltown udalerrian filmatu zen eta denera 8 sekuentzia eta 12 minutuko iraupena du.
Film honetako eszenan ospetsuenetako bat Justus D. Barnes aktorea pantailan eserita eta aurez-aurre ikuslegoari aurpegi mehatxagarriz begiratuz pistolarekin tiro egiten duenekoa da, eszena labur honek ez zuen argumentuaren kontakizunarekin inongo loturarik era filmaren hasieran ala amaieran pantailaratzen zen. Noski, zinemaren hastapenaren aroa izanik eta jendea oraindik ere zinemaren efektu bisual berriak ikustera batere ohitu gabea zegoenez, eszena hark ikusleengan sekulako zirarra eta harridura eragiten zuen, eta lagun gutxiko aurpegia zuen bibotedun pistolari hark tiro egitean ikusle asko izutu edo ustekabeak eraginda jauzi egin, eta zinemaren lasterka irten zenik ere egon zen, bere bizian arriskuan ikusi zuelakoan.