Teresa Velasco Soto (Logroño, Errioxa, 1902ko urriaren 29a – ezezaguna) zigarrogilea eta politikaria izan zen. Errioxako Logroñoko elkarte sozialistako kidea izan zen. 1930. urtean elkarte horretako juntakideetako bat izan zen.[1]
Bizitza
Velasco Logroñon jaio zen 1902 urtean eta tabako lantegian hasi zen lanean.
UGTko Tabako Federazioko kidea izan zen, baita Logroñoko Elkarte Sozialistako afiliatua ere. 1930. urteko uztailean Zuzendaritza Batzordeko kide bihurtu zen.[2]
Fronte Popularraren hauteskunde kanpainan parte hartze oso aktiboa izan zuen 1936 urtean, mitin ugaritan parte hartuz:
- urtarrilaren 27an, Villamediana de Ireguan
- urtarrilaren 29an Logroñon
- otsailaren 6an Haron
- otsailaren 13an, Calahorrako kanpainaren itxieran
1936 urtean bertan, apirilaren 14an hain zuzen ere, Alfredo Martinez Sanchez Casalarreinako alkate sozialistarekin ezkondu zen.
1936ko uztaileko estatu-kolpea gertatu zenean, hil horretako 27an atxilotu zuten, 33 urte zituela, eta Logroñoko espetxean sartu zuten. Hurrengo urteko urriaren 23tik 1937ko otsailaren 5era arte Logroñoko ospitalean egon zen, eta neskato batez erditu zen, umea jaio eta hilabete gutxira hil egin zen, ama kartzelatuta zegoen artean.[3]
Logroñoko espetxe probintzialean sartu zuten berriro, eta martxoaren 13an Industria Eskolako espetxera eraman zuten, eta hil bereko 31n Beti-Jai pilotalekuko espetxe egokitura; azkenik, 1937ko abuztuaren 19an, Alfaroko espetxean sartu zuten. 1939ko irailean aske atera zenean, Alfredo Martinez Sanchez senarrarekin elkartu zen Donostian, muga zeharkatu nahian, baina ez zuen lortu.
Ez dago bere heriotzari buruzko daturik.
Erreferentziak
Kanpo estekak