Silvia Pérez Cruzen gurasoak musikariak ziren biak. Haurra zela hasi zen solfeo, pianoa eta saxofoia ikasten. 12 eta 18 urte artean saxofoia jotzen aritu zen hainbat funky, bossa nova eta jazz taldetan eta "Nit de juny" abesbatzarekin Italia, Hungaria, Frantzia eta Norvegian abestu zuen[1]. 18 urte zituela Bartzelonara joan zen eta Kataluniako Musika Goi Eskolan (ESMUC) kanto-jazz ikasketetan lizentziatu zen[2].
Bere aurreneko kontzertuak 2001 urtean egin zituen Sergi Sirvent pianojolea eta Damián Muñoz lagun zituela. Bereziki aipagarria izan zen Bartzelonako Teatre Lliuren aurkezturiko "34 negro" emankizuna[1]. 2004 urtean Marta Robles, Isabelle Laudenbach eta Lisa Bauserekin batera Las Migas flamenko taldea osatu zuen[2][3]. Beste hainbat proiektutan ere aritu zen, Llama bikotean, Coetus perkusio orkestran, Xalupa musika katalan tradizionala jotzen duen taldean eta Raül Refree-rekin bikotea osatuz. Joan Díaz Trio jazz hirukotearen We sing Bill Evans diskoan hartu zuen parte eta Sol Picó flkamenko garaikideko konpainiarentzat ere abestu du.
2012 urtean 11 de Noviembre diskoa argitaratu zuen[4]. Katalanez, gazteleraz, portugesez eta galizieraz abesturiko kantuak batzen ditu[5]. Bartzelonako Gran Teatro del Liceun aurkeztu zuen diskoa, apirilaren 13an. Urte berean Blancanieves filmean "Chicuelo" abestu zuen Juan Gomez gitarjolearekin batera eta Goya saria jaso zuen[6]. 2013an Franz Kafkaren "Informe per a una Acadèmia" antzezlanaren soinubanda egin zuen eta honekin Freiheit diskoa osatu zuen.
2014 urtean Granada diskoa argitaratu zuen Raül Refree-rekin elkarlanean[7]. Urte bereko otsailean Toti Soler gitarjolearekin batera Bartzelonako Kataluniar Musikaren Jauregian egin zuen kontzertuaren DVDa klaleratu zuen, Celebrem 20 anys de Mediapro.
Cerca de tu casa filmearen soinubanda egin zuen 2016an eta honekin Domus diskoa atera zuen. Filme honetako soinubandari esker bigarren Goya saria eskuratu zuen[8].
2017an Vestida de nit diskoa atera zuen soka boskote batek lagunduta[7].