Nievako Santa Maria la Real monasterioaren jatorria garai hartako Nieva udalerriko zelai batean Mariaren irudi bat, Soterrañako Andre Maria, agertu zenean dago; segur aski arabiarrak Hispanian sartzean lurperatua izango zen. Katalina Lancasterrekoak Soterrañaren irudia hartuko zuen eliza bat eraikitzeko agindu zuen, bere herrira eraman nahi zuen Nievako apaizaren eta hiriburura eramatea erabaki zuen Segoviako nobleziaren iritziaren aurka. Hala ere, erreginak Klemente VII . aita santuaren bi bulda lortu zituen, 1393ko otsailean bidaliak, agerpenaren santutegia Nievako apaizaren eskumenetik aske gera zedin. Aita Santuak, aldi berean prior bat eta sei kapilau ezarri zituen, baseliza zenbait egunetan bisitatzen zutenei beharrezko zerbitzua eta induljentziak emateko.[1]
Katalina erreginak koroaren diruarekin ordaindu zituen obren zati handi bat, fededun askok ere diruz eta eraikuntzarako ekarpen pertsonalez lagundu zuten. Laguntza horiek Benedikto XII.a aita santuak 1395eanAvignonen emandako beste bi bulen bidez handitu ziren; horien bidez, multzoa eraikitzeko limosna ematen zutenei induljentzia ematen zitzaien.
Jatorrizko eliza laukizuzena zen, hiru habetartetan banatua, eta garai hartan ekialdera begira zegoen. Egunero erabiltzen zen sarrerako atea iparraldean zegoen; mendebaldean beste bat zegoen, barkamenaren atea izenekoa, urtean zenbait egunetan erromeriak eta prozesioak sartzeko bakarrik irekitzen zena.
1399ko otsailaren 2an, Toledon, Santa Maria irudia eta komentua Santo Domingo de Guzmango Predikarien Ordenari emateko gutuna eman zuen Erreginak, eta urte bereko irailaren 7an onartu zen. 1395ean, errege-aginduz, Santa Maria hiribildua sortu zen, eta denbora gutxian handitu egin zen bizilagunen errolda, baita Andre Mariaren irudia bisitatu nahi zuten erromesen kopurua ere; horregatik, tenplua txiki geratu zen hainbeste jende hartzeko. Orduan erabaki zen handitzea. Zehazkiago dakigu handitze horren hasiera- eta amaiera-data, gurutzadurako zutabeetan dauden hiru inskripzioei esker. Elizako lanak 1414ko urtarrilaren 23an hasi ziren, San Ildefonso egunean, eta 1432an amaitu ziren.
Mendizabalen desamortizazioaren ondoren (1836-1837), monasteriotzat hartzeari utzi zitzion, eta bere jabetza Segoviako gotzaindegiaren eta Santa María la Real de Nievako udalaren artean banatu zen. XIX. mendearen amaieran, monumentuak bi sute garrantzitsu jasan zituen, lehenengoa 1899an, monasterioaren hegoaldeko hegalari eragin ziona, eta hurrengo urtean elizako aldare nagusiari eragin ziona.[2] Monumentua behin baino gehiagotan zaharberritu dute, elizaren fatxada 1927an, klaustroa 1929an, 1954an eta 1976an. 1920an, bestetik, bi elementu monumentu nazional izendatu zituzten: elizako portada eta monasterioko klaustroa. Interes kulturaleko ondasunen denominazioa sortu zenetik, halakotzat katalogatuta daude monasterioa eta elizaren portada.[3]
↑A. M. Yurami eta A. Sánchez Sierra (1995), Historia de la Aparición de la Taumaturga Ymagen de nuestra Señora de la Soterraña de Nieva. ISBN 84-605-3511-8