Rudolph Arthur Marcus (Montreal, 1923kouztailaren 21a) Estatu Batuetakokimikaria da, jatorriz kanadarra. McGill Unibertsitatean egin zituen ikasketak. 1949an, Estatu Batuetara aldatu zen, eta hango hiritartasuna eskuratu zuen 1958an. Hainbat unibertsitateko irakasle izan da, besteak beste, Brooklyngo Institutu Politeknikokoa (1951-1958) eta Illinoisko Unibertsitatekoa (1964-1978). 1978an, Kaliforniako Teknologia Institutuan hasi zen lanean katedradun gisa. Sistema kimikoetako elektroien transferentziazko erreakzioen teoriaren inguruan egindako ekarpenengatik da, batez ere, ezaguna. Prozesu kimiko oinarrizko horretarako ezarri zuen ereduaren arabera, molekulen egituran gertatzen dira bi molekulen artean elektroi baten transferentzia gerta dadin behar diren aldaketak, eta aldaketa horiei esker jauzi egiten du elektroiak molekula batetik bestera. Bestalde, aldaketa horiek sistema molekularraren energian duten eragina ikertu zuen adierazpen matematiko sinpleak erabiliz, eta horrela kalkulatu eta azaldu zituen elektroi-transferentzietan gertatzen diren abiadura desberdinak. 1992an, Kimikako Nobel Saria eskuratu zuen, erreakzio kimikoen elektroi-transferentziari eta erreakzio kimikoen abiadura-desberdintasunari buruz egindako lanengatik. Gaur egun, irakasle ari da AEBetako Caltechen eta Singapurreko Nanyang Teknologia Unibertsitatean. Bestalde, Zientzia Kuantiko Molekularreko Nazioarteko Akademiako kide da.