Robert Owen (Newtown, Gales, 1771ko maiatzaren 14 – 1858ko azaroaren 17a) enpresaburu eta gizarte-ekintzaile bat izan zen, sozialismoaren eta kooperatiba-mugimenduaren aitzindaria izateagatik ezaguna. Gaztetan, New Lanark izeneko ehungintza-enpresa buru bihurtzen da eta bertako langileen egoera tamalgarriaz kezkaturik, hainbat erreforma egiten ditu beraien egoera hobetzeko, lan-ordutegiak arinduz eta lanpostu garbitasun eta segurtasun neurriak hobetzen. Geroago, eskola-sistema publikoaren bultzatzailea da. Bere ideia aurrerakoiak Europa osora zabaldu eta berak asmatutako "8 ordu lanean, 8 ordu aisian, 8 ordu atsedenean" leloa Lehen Internazionalaren eslogan bihurtzen da. Estatu Batuetan New Harmony komunitate utopikoa sortzen du, gerora porrot egingo zuena. Euren kabuz kudeatu eta jabetza pribaturik gabeko komunitateen sustatzailea ere izan zen eta horregatik kooperatiben sortzailetzat jotzen dute zenbaitek. Beste zenbaiten iritziz, kudeatzaile arrakastatsu, filantropo, paternalista eta gizarte-erreformatzaile bat besterik ez zen izan, pentsamendu nahiz teoria sakonik gabekoa.
Behean New Lanarkeko biztanleei egindako txosten baten zati bat agertzen da. Bera zuzendari zen fabrikaren inguruan sortu zuten hirian, 1816an idatzi zituen honakoak:
«
|
Sistema berriak oinarrian dituen printzipioek gizakiari gaitasuna emango diote guk eta gure aurrekoek bizi izan ditugun gaitz eta miseriei aurre egiteko hurrengo belaunaldietan (...). Ezjakintasuna amaituko da; grina txarrak indartzea galaraziko da; gizatasuna eta karitatea nagusituko dira; pobrezia ez da ezagutuko; gizaki bakoitzaren interesa munduko gizaki guztien interesei estu lotuta egongo da. Ez da kontrakotasunik egongo gizakien nahi eta gogoen artean.Gizartea osatzen duten guztiek neurriz eta giza legez jokatzea izango dute ezaugarri (...). Besteei kalterik egin gabe, bakoitzak bere erosotasun, ongizate eta zorionerako lagungarri duen guztia eduki ahal izango du (...). Denborarekikn, halako ezaugarridun elkarteak sortuko dira.
|
»
|
Robert Owen, 1816
|
Haurren lana Galesen
«
|
Gaur egun haurrek etenik gabe lan egin behar izaten dute, soil-soilik iraun ahal izateko: ez dakite zer diren kalterik gabeko dibertimendu osasuntsu eta zentzudunak; ez dute astirik nahi dutena egiteko, lehen hartara ohituta bazeuden ere. Ez dakite zer den aisialdia, lana etetea zer den baino ez baitakite. Egoera berean dauden beste haur batzuk dituzte inguruan; eta haurtzarotik gaztarora igarotzen direnean, pixkanaka-pixkanaka drogen eta mozkorkeriaren plazerei ekiten diete, gizonek batik bat; baina baita emakumeek ere. Eguneroko lan gogorrak, ohitura onik ezak eta burua hutsik izateak horretarako prestatu ditu, hain zuzen ere.
|
»
|
Robert Owen, Ekoizpen-sistemaren eraginei buruzko oharrak, 1815
|
1834ko hitzaldia
Estatu Batuetan New Harmony komunitate utopikoa porrot egin arren, inoiz ez zituen galdu bere itxaropenak, keskak ezta bere ametsak behean idatzi zuen moduan:
«
|
Sistema honetan, nagiek, balio ez dutenek eta biziotsuek gobernatzen dute munduko biztanleria; aitzitik, balio dutenek eta benetako bertutetsuek (...) aurrekoen irainak eta zapalkuntza jazan behar dituzte (...).
Langileok, zientzia -eta aberastasun- ekoizleok, eta gizarterako baliagarriak diren gauza guztion ekoizleok: batu itzazue orain zuen indarrak, gizakiontzat bidezko bizimodua sortzeko; Estatu berri bat sortzeko, lehia bakarra gizakiontzat zoriontasun gehien nork sor dezakeen izango duena.
|
»
|
Robert Owenen hitzaldia, 1834ko martxoa
|