Pedro Albéniz Basanta (Logroñon, 1795eko apirilaren 14an – Madril 1855eko apirilaren 12an), musika-konpositorea izan zen.
Biografia
Logroñon jaio zen 1795ean. Aitarekin, Mateo Albeniz musikariarekin, hasi zituen musika-ikasketak. Donostiara joan ziren bizitzera, eta 10 urte zituela hasi zen Pedro Albeniz San Bizente parrokiako organoa jotzen. 1826an Parisera joan zen Herz eta Kalkbrenner-ekin ikastera. 1829an Parisetik itzuli zenean Donostiako Santa Mariako elizan kapera-maisu jardun zen, bere aitak utzitako postuan. 1830ean kontzertuak eskaini zituen Eskudero biolinistarekin eta Madrilen ezagutzera eman zen. Urte berean Maria Kristina erreginak Madrilgo Kontserbatorio sortu berriko piano- eta akonpainamendu-irakasle izendatu zuen.
1834an Errege Kaperako organista izendatu zuten, eta 1837an erregeren pianista titulua lortu zuen. Madrilen hil zen 1855ean, eta plaka batek gogoratzen du hiriko Arenal kaleko 26an, hil zen etxean hain zuzen.[1]
Pianoko eskola modernoaren sortzailea izan zen Espainian. Pianorako idatzitako fantasia eta bariazioez gain, musika erlijiosoa eta obertura bat ere idatzi zituen.[2]
Hainbat lan didaktiko egin zituen, eta transkripzio lanetan ere jardun zen, Juan Ignazio Iztuetak 1826an argitaratu zuen kantu-bilduma transkribatu baitzuen, Jose Ignazio Ansorenak ikertu duen bezala.[3]
Erreferentziak
Kanpo loturak