Pío Baroja

Artikulu hau Pío Barojari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Baroja».

Pío Baroja

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakPío Baroja
JaiotzaDonostia1872ko abenduaren 28a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
BizilekuaMadril
HeriotzaMadril1956ko urriaren 30a (83 urte)
Hobiratze lekuaMadrilgo hilerri zibila
Madrilgo hilerri zibila
Heriotza modua: gaixotasun kardiobaskularra
Familia
AitaSerafin Baroja
Haurrideak
Familia
Hezkuntza
HeziketaUnibertsitate Zentrala doktoretza : medikuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea, mediku idazlea, eleberrigilea, antzerkigilea, medikua, poeta eta okina
KidetzaReal Academia Española
Mugimendua98ko Belaunaldia

IMDB: nm0056179 Musicbrainz: e2e7d9a1-ad29-4477-a2d4-4b1e20fcd26b Discogs: 5015477 Find a Grave: 7536711 Edit the value on Wikidata

Pío Ynocencio Baroja Nessi[1] (Donostia, Gipuzkoa, 1872ko abenduaren 28a - Madril, Espainia, 1956ko urriaren 30a) gaztelaniaz idatzi zuen eleberrigile euskalduna izan zen. Aro Garaikidean, euskal herritar idazle ezagunenetarikoa da Euskal Herrian nahiz munduan. 98ko belaunaldiko kidea izan zen eta oso idazle emankorra, ehun liburu baino gehiago argitaratu zituen.

Bizitza

Barojatarren jatorrizko familiak, Arabako Barojako herrikoa, "Martínez de Baroja" abizen konposatua eduki zuen 400 urtetan.[2]

Itzea, Barojatarren etxea (Bera, Nafarroa).

Serafin Baroja Zornoza eta Carmen Nessi Goñi izan zituen gurasoak. Hiru anaia-arreba izan zituen: Dario, 1894an hila; Ricardo, margolaria eta idazlea; eta Carmen, Rafael Caro Raggiorekin ezkondua. 1879an familia Madrilera joan zen bizitzera, eta 1881ean, Iruñera. Píok medikuntza ikasi zuen Madrilen eta Valentzian. Zestoan jardun zuen mediku urtebete inguru, baina gero Madrilera joan zen, okindegi baten ardura hartzera. Beran (Nafarroa) bizi izan zen hainbat urtez; hango Altzate auzoan dago Itzea, Barojatarren etxea.[3]

Mediku, anarkista?

Barojak, aitaren lana eta bere ikasketak zirela eta, gazterik utzi zuen sorterria —Zestoan mediku egindako hamahiru hilabeteetan izan ezik—; familiatik, berriz, inoiz ez zen aldendu, eta hura izan zuen beti helduleku sozial eta pertsonal funtsezkoena. Barojatarrak oso arte eta literatura zaleak ziren: Pioren anaia Ricardo margolaria izan zen eta koinatu Rafael Caro adiskide mina eta argitaratzailea izan zuen. Ikasitako ogibidea —medikuntza— baztertuta, familiaren okindegiaren buru jardun zuen Madrilen. Han hasi zen idazten, ipuinak eta artikuluak, Madrilgo eta Donostiako ezkerreko aldizkarietan. Aldi berean, Madrilgo bohemia literarioan sartu zen, eta orduan egin zituen Azorín, Maeztu eta Valle Inclán adiskide.

Paristik etorrita, 1899an, ipuin bilduma bat argitaratu zuen, Lur ilunak eta La casa de Aitzgorri eleberria, zibilizazioaren eta aurrerabidearen arteko gatazkari buruzkoa. Ondoren kaleratu zituen Aventuras de Silvestre Paradox (1901), Camino de perfección (1902). Barojaren obra bere historia pertsonalaz dago hornitua.

Iberiar penintsula osorik ibili zuen, eta aski ongi ezagutzen zuen Europa. Bidaia horietatik atera zituen gertalekuak, apaingarriak, gaiak. Baina Nafarroako Beran etxe bat erosi, eta lanaren erritmoa aldatu zuen: ordutik aurrera, negua Madrilen eta uda Beran ematen zuen. Espainiako gerra zibilak Berako etxean harrapatu zuen; 1936ko uztailaren 22an Almandozera zihoalarik, Donezteben karlistek atxilotu zuten eta justu-justu libratu zen karlisten eskuetan hiltzetik.[4] 1940an Madrilen hartu egoitza, eta hil zen arte idazten segitu zuen. Gerrakoak ikusita, bi alderdietako basakeriak gogoan, etsipenak hartu zuen gaztetan anarkista zalea izan omen zena (bera ez zen horrela definitu), eta gizonarenganako itxaropen oro galdurik hil zen.

Barojaren eleberrigintza: euskal gaiak, Madrilgo bizimodua

Pio Barojaren argazkia Mundo Gráfico aldizkarian (1912).
Sorollak Pio Barojari egindako erretratua (1914).
Ainara Azpiazu "Axpik" egindako erretratua

Barojaren lehen liburuetan bere mundua ageri da: eleberrietako gaiak errealitatetik oso hurbilekoak dira. Zalakain abenturazalea (1909) da ezagunenetariko bat, Euskal Herriko giroa leialtasun handiz agertzen duena.[5]

Orobat ageri da euskal mundua, itsasokoa, marinelena, Xanti Andiaren kezkak (1911), El laberinto de las sirenas (1923), Los pilotos de altura (1929), eta La estrella del capitán Chimista (1930) liburuetan: lehenaren protagonista Barojaren pertsonaia handienetako bat da.

La lucha por la vida trilogian, zuzen eta gogor agertu zuen Madrilgo auzo pobreetako langile xeheen bizimodua.

Azpimarratzekoa da Aviraneta pertsonaiari buruzko sail luzea, Memorias de un hombre de acción, 22 liburu (1913-1935).

Egilea eta bere garaia ezagutzeko guztiz interesgarriak dira Barojaren oroitzapen liburuak: Juventud, egolatría (1917), eta bere oroitzapenez osatutako zortzi liburukiak, Memorias (Desde la última vuelta del camino) 1941 eta 1948 artean idatziak, Barojaren lana sortu zen giroa bizi-bizirik adierazten dutenak. Barojaren lan mardula, hainbat artikulu, biografia, bidaia liburu, saiakera, antzerki eta poesiak osatzen dute.

Baroja XIX. mendeko eleberrigile europar handien irakurlea izan zen; haiengan oinarrituta sortu zuen bere estilo guztiz berezia, arina eta zorrotza, latza eta fina.

Estilo biluzi hori, kontaketarako zuen dohain handia eta sormena, oso erakargarria gertatu zitzaien hurrengo idazle belaunaldiei. XX. mendeko eleberrigile espainiar askok aitortu dute Barojaren eragina.

Estiloa

Idazle emankorra izan zen eta orobat, sailkatzen zaila: Barojaren erregistroa errealista da, baina baita erromantikoa ere, historikoa, eta psikologikoa. Estiloa, betiere, bakuna da: Barojak ez zion aparteko garrantzirik ematen. Estilo ironiko eta sarkastikoaz, Barojak arretaz aztertu zuen bere inguruko gizartea —gogor gaitzesten zuena—, haren miseriaren eta handitasunen berri emateko.

Lan nagusiak

Sakontzeko, irakurri: «ZerrendaːPío Barojaren lanak»

Euskaratuak

Pío Barojak bere lan guztiak gaztelaniaz idatzi zituen arren, hainbat liburutan islatzen du euskararen presentzia, elkarrizketetan, esamoldeetan edo zeharkako aipamenetan. Eleberriez gain, hainbat ipuin ere itzuli dira euskarara.[6]

Zinema egokitzapenak

Pío Barojaren hainbat eleberri zinemara eramanak izan dira.[7][8]

  • Inquietudes de Santi-Andia (1946, Arturo Ruiz Castillo)
  • Zalacaín el aventurero (1955, Juan de Orduña)
  • La busca (1966, Angelino Fons)

Bestelakoak

Kaleak eta plazak

Errekonozimenduak

Donostia - Erregina Erregeordearen lorategia, Pio Barojaren eskultura.
Donostia - Nestor Basterretxea eskultoreak Pio Barojari eskainitako monumentua

Donostiako kaleetan badira Pio Barojari egindako hainbat errekonozimendu, Okendo kalearen hasieran Erregina Erregentearen kaleko kantoian Baroja jaio zen etxearen parean,[9] Victorio Macho eskultoreak egin zuen brontzezko bustoaren[10] kopia bat dago. 1972an jarri zen, Barojaren jaiotzaren mendeurrenean. Inskripzio bat dauka: Guipúzcoa a Pío Baroja 1872-1972. Gipuzkoak Pio Barojari 1872-1972. Eskultura horren orijinala harrizkoa da eta San Telmo Museoan gordeta dago.

Donostiako Pio Baroja pasealekuan Nestor Basterretxeak Barojari eskainitako burdinezko monumentua[11] dago. Donostiako Nazioarteko II. Eskultura Bienala (1971) irabazi zuen, idazlearen jaiotzaren lehenengo mendeurrenean.[12]

Erreferentziak

  1. Pío Barojaren bataio agiria, Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoaren webgunean.
  2. Baroja, P. (1953): El País Vasco, Destino, Bartzelona.
  3. «Pío Barojaren biografia» piobaroja.gipuzkoakultura.net (Noiz kontsultatua: 2018-10-29).
  4. (Gaztelaniaz) «Los liberadores inmediatos de Baroja el 22 de julio de 1936. Noticias de Navarra» Noticias de Navarra (Noiz kontsultatua: 2018-07-31).
  5. (Gaztelaniaz) «Pío Baroja - La novela de Pio Baroja» piobaroja.gipuzkoakultura.net (Noiz kontsultatua: 2018-10-29).
  6. «euskarari ekarriak» ekarriak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-29).
  7. (PDF) Pío Baroja: pasión por el cine. (Noiz kontsultatua: 2018-11-09).
  8. (Gaztelaniaz) [http://www.cervantesvirtual.com/portal/alece/pcuartonivel.jsp?conten=ficha&ficha=autor&nomportal=alece&id=595 «Adaptaciones de la literatura española en el cine español. Referencias y bibliografía. - Catálogo - Ficha del autor literario»] www.cervantesvirtual.com (Noiz kontsultatua: 2018-11-09).
  9. Sada, Javier Mª; Sada, Asier: San Sebastián. Historia de la ciudad a través de sus calles, plazas, barrios, montes y caminos. Txertoa, 2007, 228.orld.
  10. Donostiako eskulturen atlasa. (Noiz kontsultatua: 2018--11-21).
  11. [https://www.santelmomuseoa.eus/atlas/detalle.php?ni=EP-0019& q=Pio+Barojari+eskainitako+monumentua&lang=eu Donostiako eskulturen atlasa. ] (Noiz kontsultatua: 2018-11-21).
  12. Sada, Javier Mª; Sada, Asier: San Sebastián. Historia de la ciudad a través de sus calles, plazas, barrios, montes y caminos. Txertoa, 2007, 67.orld.

Bibliografia

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!