"Akilesen tendoi" izena 1693an agertzen da lehen aldiz, Philip Verheyen anatomistak idatziz jaso zuenean, "normalean horrela esaten zitzaiola" adieraziz.[4]
Izen honek Akiles heroi greziarrari egiten dio erreferentzia, zeinaren ama Tetisek haurra orpotik helduta Estigia ibaian murgildu zuen, bere gorputza zauriezin bihurtzeko. Orpoa bera, ordea, uretatik kanpo gelditu zen bere puntu zaurgarri bakarra bihurtuz ("Akilesen orpoa"); azkenean, bertan jo zuen azkon pozoitsu batek hil zuelarik.[3]
Egitura
Orpazurda bernaren atze aldean dago. Beste tendoiek bezala, muskulua eta hezurra lotzen ditu; zehazki, gastroknemio, soleo eta plantaris muskulua eta orpo hezurra.[5] Tendoia berna erdi aldean hasten da, eta muskulu-zuntzak barru aldetik hartzen ditu, bereziki soleo muskuluarenak; jaitsi ahala estutuz doa, harik eta orpo hezurraren tuberositate kalkaneoarekin lotu. Azken puntu honetan tendoiaren zuntzen norabidea irekitzen da, beraz horrenbestez Akilesen tendoiaren gunerik estuena 4 bat zm orpoaren gainean dago.[6]
Tendoia fasziaz eta azalez estalia dago, eta inguruko ehunen artean erraz nabari daiteke. Haren zuntzek norabide espiralean 90º inguru desbideratzen direnez, gastroknemioaren fibrek kanpo alderantz egiten dute, eta soleoarenak barne alderantz.[6] Orpazurda eta hezur / artikulazioaren arteko tartea ehun areolar eta adiposoz betea dago. Tendoiaren eta orpo hezurraren artean burtsa bat dago.
Muskulu-paketearen alde batean, azalaren azpian, zain safena txikia eta nerbio surala jaisten dira, Akilesen tendoiaren albotik oinera igaroz.[7]
Orpazurda gorputzeko tendoirik sendoena da: gorputzaren pisua bider 3,9 jasan ohi du oinez ibiltzean, eta bider 7,7 korrikan.[8]
Tendoiak odoleztatze ahula du; odol gehiena tibialis posteriorarteriaren adar batetik jasotzen du, eta zerbait gehiago inguruko muskuluetara datozen zenbait arterietako adarretatik.[6]
Funtzioa
Kizkurtzean, orpazurdarekin lotutako muskuluek orkatilaren flexio plantarra eragiten dute. Gastroknemioak, gainera, belaunaren flexioa eragiten du.
Akilesen tendoiaren gainean eragindako bibrazioek posturaren gaineko erantzun nabarmena dute:[9] zutik dagoen pertsona bati, "aurrerantz erortzeko sentsazioa" sortzen diote, erantzun bezala gorputza atzerantz eramango duelarik. Hau bernako muskuluen ardatz neuromuskularrengatik da: hauek estimulatzean, garunak gorputza aurrera erortzen ari dela ulertzen baitu.[10]
Patologia
Orpazurdaren arazoen klasifikazioa kokapenaren arabera, edo fisiopatologiaren arabera egin daiteke.
Fisiopatologiaren arabera
Tendinopatia
Orpazurdaren tendinitisean, inflamazioa da arazo nagusia. Tendinosian, berriz, tendoiaren gogortasuna edo malgutasun falta.
Tendinopatien sintoma mingarriak batez ere aktibitatean agertzen dira, tendoia kargan jartzean alegia. Pixkanaka agertzen da, eta ohiko sintomak min zorrotza eta hantura izaten dira; mugimendurako gogortasuna ere igar daiteke.[12] Mina, batez ere, ariketarekin hastean igartzen da.[13]
Tratamendurako erabiltzen diren ohiko teknikak farmakologia eta fisioterapiarekin lotuak daude: atsedena, ariketa terapeutikoa, crioterapia eta farmako antiinflamatorioak. Podologian, plantillak edo takoiaren altzak erabil daitezke. Sei bat hiletan hobekuntzarik lortu ezean, kirurgia ere kontuan hartu behar da.
Endekapena
Orpazurdaren endekapen edo dejenerazioan, erresonantzia magnetikoak zein ekografiak tendoiaren loditze bat erakuts dezakete; baita haren inguruko ehunen handitzea (fasziak, burtsak, adipozitoak), tendoiaren barneko odol-fluxuaren aldaketak, zuntzen desantolaketa edo etenak. Halere, aurkikuntza hauek beti klinikarekin alderatu behar dira, positibo faltsuak ekiditeko.[14]
Zahartzaroan errazago ager daitezke, baita arazo artritikoekin ere, hala nola hezueria edo espondiloartritisa. Gainera, orpazurdaren endekapena bernako muskuluen zuntzen etena izateko arrisku faktorea da.[15]
Etena
Akilesen tendoia etetea, askotan, oinaren bat-bateko kontrakzio indartsuaren ondoren izaten da. Zuzeneko traumatismoak edo luzaroan izandako tendinopatia edo endekapenek ere eragina izan dezakete. Baita farmakoen erabilpenak (fluorokinolonak, kortikosteroideak), ariketen intentsitate aldaketa handiek, artritis reumatoideak eta hezueriak ere.[16]
Orpo aldeko bat-bateko mina sentitzen da, askotan krakada soinuarekin batera, eta oinez ibiltzeko ezintasuna izaten da. Irudi probetan zuntzen etena ondo nabari daiteke.[17]
Orpazurdaren etenak urtero 1/10.000 pertsona ingurutan gertatzen dira, gizonezkoak gehienetan, eta 30-50 urte artekoak.[16]
Tratamendua kontserbatzailea izan daiteke (oinaren immobilizazioa flexio plantarrean) edo kirurgikoa.[18]
Xantomen pilaketa
Xantomak tendoian sortzen diren kolesterol pilaketak dira. Akiles tendoian ere gerta daitezke, lipidoen metabolismoaren arazoa (hiperkolesterolemia) duten pazienteetan.[19]
Kokapenaren arabera
Paratendinopatia
Arazoa Akilesen tendoia biltzen duen mintza edo faszian dago. Mintz honek orpazurda inguruko egituren igurtziez, narritaduraz eta traumatismoz babesten du.[20]
Entesopatia
Tendoiak eta hezurrak bat egiten duen lekuan gertatzen da. Gehiegizko erabilpenak (korrikalariak, saltariak) eragin dezake. Gune honetan kaltzio pilaketa sor daiteke, mikrofraktura / sendatze prozesuen eraginez; egoera konpontzen ez bada, honek hezurraren hazkunde makroskopikoa eragin dezake (Haglunden deformitatea, zapatak janztea oztopa dezakeena).[21]
Tendoiaren erdigunea
Akilesen tendoiak orpo hezurrarekin bat egiten duen lekua baino 2-7 zm gorago gertatzen da.[22]
Beste animalietan
Akilesen tendoia laburra da beste hominidoetan, baina luzea Hylobatidaeprimateetan eta gizakietan.[23] Salto,[24] oinez eta korrika egitean energia elastikoa biltzeko aukera ematen du. Ikerketen arabera, energia biltzeko ahalmen honek korrika abiadura maximoa %80 baino gehiago handitzen du, eta korrikaren kostua %75a baino gehiago gutxitzen du.[23]