María Teresa Josefa Antonia Joaquina Rodríguez del Toro Alayza (Madril, 1781eko urriaren 15a-Caracas, 1803ko urtarrilaren 22a)[1] emakume gazte espainiarra izan zen, Simón Bolívar askatzailearen emaztea. Elkarrekin bi urte ibili ondoren ezkondu ziren eta, handik zortzi hilabetetara, emakumea sukar hori gaixotasunaz hil egin zen. 21 urte zituen. María Teresa hil ondoren Bolívarrek hitza eman zuen inoiz ez zela berriro ezkonduko eta hitza bete zuen. Bien arteko zorigaiztoko maitasuna sarritan zineman eta literaturan jaso egin da.
Biografia
Maria Teresaren gurasoak Bernardo Rodríguez del Toro y Ascanio, Caracasen jaioa, eta Benita de Alayza Medrano ziren. Madrilen jaio zen 1781eko urriaren 15ean, Karlos III.aren erregealdian. Maria Teresa oso lotuta zegoen Caracasko gizartearekin. Simón Bolívar Madrilen ezagutu zuen, 1800an. Bolívar Espainiara 17 urtekin bidali zuten ikasketekin jarraitzeko. Madrilen bere tutorea zen Jerónimo de Ustáriz y Tovar markesaren etxean bizi zen; han María Teresa ezagutu zuen. Neskak Bolívarrek baino bi urte gehiago zituen. 1800eko abuztuan neskak senargaitzat onartu zuen Bolívar gaztea.[2] María Teresaren aitak neska Bilbora eraman zuen eta, handik gutxira, 1801ean, Bolívar ere Euskal Herrira etorri zen, ondoren Parisera joateko.
1802ko apirilaren 5ean, Bolívarrek ezkontzeko eskatu zion María Teresari. Haren aitak konpromezua bedeinkatu zuen. Ezkontza Madrilgo San Jose elizan egin zen, 1802ko maiatzaren 26an. Hogei egun geroago A Coruñara joan ziren eta ekainaren 15ean Caracasera joateko itsasontzia hartu zuten. Uztailaren 12an La Guairan lehorreratu ziren. Handik gutxira María Teresa sukar horiz gaixotu zen. Ezkonkideak Caracasera jaon ziren, orduan, eta 1803ko urtarrilaren 22an María Teresa hil egin zen, zortzi hilabete ezkondu ondoren. Haren gorputza Caracasko katedralean lurperatu zuten, Bolívar familiaren panteoian.[3] María Teresa hil ondoren Bolívarrek hitza eman zuen inoiz ez zela berriro ezkonduko eta hitza bete zuen.[4]
Erreferentziak
Kanpo estekak