Maria Isabel Perelló Domenech (Sabadell, Bartzelona, Katalunia, 1958ko martxoaren 18a) bartzelonar-coruñar abokatua, epailea da, Espainiako Auzitegi Goreneko magistratua 2009tik. 2024ko irailaren 4an, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Goreneko presidentea izan zen lehen emakumea izan zen.[1][2]
Bartzelona probintzian dagoen Sabadell herrian jaio zen, 1958ko martxoaren 18an. Umea zela, familia Coruñara joan zen bizitzera eta bertan hazi zen.[3][4] Coruñako Mariaren Lagundian ikasi zuen eta Zuzenbidean lizentziatu zen Santiagoko Unibertsitatean.[5] 1981ean, Kriminologiako diplomatura lortu zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta, urtebete geroago, Cesar Carlos graduondoko ikastetxe nagusian hasi zen, epailetzarako oposizioa prestatzen.[6]
1985ean sartu zen Ibilbide Judizialean. Coruñako Carballo eskualdeko epaitegian jardun ostean, Mahongo (Menorca) Lehen Auzialdi eta Instrukzioko Epaitegian, Bartzelonako Probintzia Auzitegian eta Kataluniako Auzitegi Nagusian lan egin zuen.[5]
Administrazioarekiko auzietako magistratu espezialista da. Andaluziako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan (1991) eta Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Salan (1994) aritu zen. 1993an Auzitegi Konstituzionalean legelari izatera pasatu zen, eta kargu horretan jarraitu zuen 2003ra arte.[7]
2009an Auzitegi Goreneko magistratu mailara igo zen, eta Administrazioarekiko Auzien Salan bete zuen bere lana.[8] Kargu horretan, kontrol ekonomikoan espezializatu zen, erakunde arautzaileen jarduera gainbegiratuz, hala nola Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalarena edo Espainiako Bankuarena.[9]
2022an Auzitegi Konstituzionaleko magistratu izateko hautagaia izan zen. 2024an, Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidente aukeratu zuten, eta posizio horretan zegoen lehen emakumea izan zen.[1][10] Kontsentsuzko hautagai gisa aurkeztu zuten, eta Kontseiluko 20 kideetatik 16ren babesa lortu zuen.[11] Erregeak izendatu ostean, hurrengo egunean zin egin zuen Auzitegi Gorenaren aurrean, eta karguaz jabetu zen Auzitegi Gorenaren Osoko Bilkuran.[12][13]
Demokraziarako emakumezko epaile eta gizonezko epaileen elkarteko kidea da.[11]