Karlos IV.aren eta Maria Luisa haren emaztearen erreinaldian, kargurik gorenak izan zituen: 1792rako Bulegoko lehen idazkari, gutxi gorabehera lehen ministro zen, Arandaren ordez. 1808ra arte zuzendu zuen Espainiako gobernua (1798-1800 urteen arteko tartean izan ezik). Bere aginpidean, Espainiako agintari nagusia Godoy bera zela esan ohi zen, eta Maria Luisa erreginaren maitale ere ba omen zen.
Frantses ereduari lotzen zitzaion estatu unitarioaren defendatzailea izanik, gogor ekin zuen Euskal Herriko foruen kontra, gobernutik haien zilegitasuna auzitan jartzen zuten azterlanak bultzatuz; tentsio handiak sortu ziren Euskal Herriko erakundeekin. Bere zentralizazio asmoek Zamakolada matxinada harrotu zuten Bilbon eta inguruan (1804).
Bizitza
Gaztaroa eta arrakasta politikoa
Probintzietako noblezia txikiko familia batean sortua zen. Aita koronela zen eta Badajozeko udaletxean administrazio postu bat zuen, eta karrera militar ona egin zezan semeari hezkuntza ona ematen saiatu zen.
1784an Madrilera heldu zen eta errege-tropan sartu zen, anaia zaharra bezala. Zortzi urte beranduago, 1792an Karlos IV.ak Bulegoko lehen idazkari izendatu zuen (gaur egun estatuko lehen ministro bezala uler daitekeen postua)[1]. Badirudi Karlos erregeak begiko zuela, 1788an erregetza hartu zueneik Godoyri ardura eta postu garrantzitsuak eman baitzizkion behin eta berriro. Garaiko zurrumurruek ziotenez, Maria Luisa Karlosen emazte eta Espainiako erreginaren maitale izateak asko lagundu zion bere karrera politikoan[2].
Godoyren lehiakideek garaiko krisialdei aurre egiteko ezintasuna ere aipatzen dute batzuk, Godoyren arrakasta azaltzeko (Floridablancako kondeak zuen Bulegoko lehen idazkariaren postua 1777tik 1792ra, eta Arandako konteak 1792an).
Lehen agintaldia
1792ko azaroaren 15ean hartu zuen bulegoko lehen idazkari postua, Arandako kondea ordeztuz. 1793ko urtarrilean Frantziako Luis VI.a gillotinaz hil zuten, eta Godoyk Frantziaren kontrako koalizioan bat egin zuen Britainia handiarekin. Urte hartako martxoan Espainiako koroak gerra deklaratu zion Frantziako konbentzioari.
Konbentzioaren Gerra 1793tik 1795era luzatu zen, eta azkenean, espainiarrek Basileako Ituna sinatu zuten. Espainiak gerra galdu zuela esan badaiteke ere (ez zuen deus irabazi, Frantziako Errepublikaren zilegitasuna aitortu behar izan zuen eta Hispaniola uhartearen zati bat utzi zien frantsesei), erregeak bake ituna lortzeagatik zoriondu eta Bakearen Printze titulua eman zion.
Bake itun horrek gauzak nahasi zituen. Alde batetik, gerran aliatua izan zen Ingalaterraren konfiantza falta agerikoa zen, Espainiak Basileako ituna Ingalaterrarekin adostu gabe sinatu baitzuen. Bestetik, Godoyk gorteko liberalak pozik mantentzeko zailtasunak zituen. Horregatik, konbentzioaren gerra bukatu eta urrengo urtean Godoyk Frantziarrekin Ingalaterraren kontra elkartzea adostu zuen. Horrek lehen aliatu zituen kontrako gerran jarri zuen Espainia, 1796 urtean. Gerran zehar, aitzin, ordea, 1798an, Frantziak Ingalaterrarekin bakea bere kasa negoziatu eta gerra utzi zuen. Kanpo politikan porrot eginik eta gorteko liberalek saldurik, Godoyk lehen idazkari postua utzi behar izan zuen 1798ko martxoan.
1797an Borboi eta Vallabrigako María Teresarekin ezkondu zen[2].
Bigarren agintaldia
1801ean Godoyk bere gorteko etsaiak (Jovellanos eta Francisco de Saavedra) alboratu eta berriro ere garrantzizko postuetan aritu zen. Bulegoko lehen idazkari postua ez zuen lortu, baina beragandik hurbil zen Pedro Cevallosek zuen postu hura. Godoyk nominalki agintea ez bazuen ere, itzal handieneko gizona zen gortean. Urte hartan, Frantzia eta Portugalen arteko gatazkan lehenengoaren alde egin zuen (helburua Portugal eta Ingalaterraren arteko aliantza haustea zen), Laranjen Gerra deitu zena hasiz. Gatazkaren kudeaketagatik ohore eta txalo handiak jaso zituen Godoyk, Portugal eta Espainiaren aldeko bake ituna lortu baitzuen, ia galerarik gabe, eta bere aliatu Napoleon kaltetu.
Napoleon ez zen gustora egoerarekin, eta Espainia ingalaterraren kontrako beste gerra batera bultzatu zuen. 1805ean Trafalgarren hondamena izan zuen. Napoleonen kontrako koalizio bat bultzatu ondoren, Ienako garaipenaren berri izan bezain laster, Napoleonen mende jarri zuen Espainia. 1805 eta 1806 artean Portugalen inbasioa prestatu zuen Godoyk Napoleonekin adosturik. 1807an sinatu zen Fontainebleauko ituna, Portugalen konkista eta banaketa adosten zuena. Napoleonek, ordea, inbasioan zehar banaketaren baldintzak gogortu zituen, Espainiako hainbat lurralde eskatuz. Godoy jabetu zen Napoleonen asmoa Espainia bera eskuratzea zela baina beranduegi zen. Herriak gorroto zion, eta Godoyk errege-erreginak Mexikora eraman nahi izan zituen. Muraten oste frantsesek Espainia hartu zutenean, Aranjuezko matxinada izan zen (1808) eta Godoyren asmoak ustel atera ziren. Godoy atxilotu egin zuten, eta Muratek askatu eta Baionara eraman zuen. Han Karlos IV.aren dimisioa prestatu zuen, Josef Bonaparteren mesedetan.
Erbestea eta heriotza
Errege-erreginekin bizi izan zen erbestean. Hasieran Frantzia egon ziren, Napoleonen kontrolpean, baina gero Erromara bidaliak izan ziren. 1819an hil zen errege ohia, eta bere seme Fernando VII.ak Godoyrekiko jarrera txarra izan zuen[2]: aitak emaniko noblezia tituluak kendu eta erreginaren testamentutik alboratu zuen. 1829an Godoyren emaztea hil zen, eta alarguna berehala ezkondu zen Pepita Tudó kondesarekin[2].
1832an Parisera joan zen bizitzera. Bertan idatzi zituen Memoriak (1836-1838). Isabel II.arekin titulu eta pentsio batzuk berreskuratu zituen 1840ko hamarkadan[2]. Azkenik, 1851an hil zen Parisen, eta Père Lachaise hilerrian dago hobiraturik.
Politika
Godoyren jokabidea, despotismo ilustratuko gobernatzaile batena izan zen; batetik, iraultzaren beldur zen eta, bestetik, hezkuntzaren eta ekonomiaren berrikuntza egiteko neurriak bultzatu zituen. Gortean arrotzat jo zuten beti eta berdin-berdin gorrotatu zuten Frantziako Iraultza miresten zutenek eta Fernando printzearen inguruan bildurik zebiltzan erreakzionario absolutistek.
Frantziako despotismoari jarraituz antolatu nahi izan zuen Espainia, baina 1798an kargua utzi behar izan zuen. 1800ean berriro aginpidean zela, Portugalen kontrako gerra egin zuen.
Godoyk bere egin zituen ideia ilustratuak, erreinuaren betidaniko osaera bai politikoa bai ekonomiko-soziala ukitzen ez zutenak soilik, baina hazkuntza ekonomikoan eta herriaren kultur maila igotzen lagunduko zutenak onartu zituen, egitura tradizionalen aurka jotzen ez zuten heinean. Godoyren jarrerarik ausartenak Elizarik kontserbadoreenarekin izan zituen gorabeherei dagozkie. Estatuaren agintea Elizarenaren aurretik jarri zuen. Hezkuntza eta era guztietako ezaguera zientifikoak babestu eta zabaldu zituen. Mezenasgo politikoa izan zuen hainbat arlotan hala nola, lehen Albaitaritza Eskola; Medikuntza, Kirurgia eta Zientzia Fisiko Osagarrietako Errege Kolegioa; Lan Hidrografikoetako Zuzendaritza; Bide, Zubi eta Galtzadetako Ingeniari Eskola...
Godoy eta Euskal Herria
Garaiko absolutismoaren ideiei jarraiki, edo ilustratuen berdinzalekeriari men eginaz, Godoyk politika zentralista burutu zuen eta Espainiaren menpeko foru eta berezitasunak deusezten ahalegindu zen. Euskal lurraldeetako legeen berezitasunak, koroaren ikuspuntutik pribilegio zirenak, ez zituen begi onez ikusten estatu gizonak[3]. Bestalde Konbentzio gerran zehar frantziar tropen kontra euskal probintzietan izan zen jarrera epela susmagarri zitzaion. Are gehiago, iraingarria eta arriskutsua ere bazeritzon, gerran zehar Gipuzkoak koroari traizio egin ziola kontuan hartuta, eta gainontzeko probintzietako zenbait pertsona frantziarrekin mintzatu zirelako susmoak ukanik[3].
Godoyk lurraldeekiko eta foruekiko zuen mesfidantzen ondorioetako bat izan zen zamakolada.