Artikulu hau Lidiako hiriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Magnesia».
Magnesia Sipilokoa (latinez: Magnesia ad Sipylum; antzinako grezieraz: Μαγνησία ὑπὸ Σιπύλῳ) Lidiako hiri bat izan zen, Esmirnatik 65 bat kilometrotara kokatua, Sipilo (Sipylum) mendiaren ipar-mendebaldeko oinean eta Hermo ibaiaren (gaur Gediz) hegoaldean. Joniako bere homonimoa bezala, ustez TesaliakoMagnesia hiriak sortutakoa da. Gaur egun Manisa hirian dago, Turkian.
Erromatarren azpian hiri garrantzizko bat izan zen. Tiberioren erreinaldian lurrikara batek suntsitu zuen, baina enperadoreak berak diruz lagundu zuen haren berritzea.
Asia Txikiko parte hartan Otomandar Inperioaren azpian aberats izaten jarraitu zuen hiri gutxietako bat izan zen. Sultan turkiarren aldi baterako egoitza izan zen.
Antzinateko aztarnarik ospetsuena Niobe Sipiloskoa da (Suratlu Tash), mendiaren inguruan kokatua, hiritik 6 bat kilometrotara. Irudi eseri erraldoi bat da, arroka-hobi batean ebakia, jatorri hititakoa, agian Pausaniasek "jainkoen Amaren estatuarik zaharrena" zeritzona, BroteasTantaloren semeak zizelkatua, eta Homerok kantatua. Honetatik gertu hiri zahar baten aztarna asko daude, eta kilometro bat ekialderago beste estatua bat dago, agian Pausaniasek Peloperen tronua zeritzona. Iturri beroak ere badaude, eta Apoloren harpe sakratu bat.