Hugh Leonard Thompson Murphy (1952ko martxoaren 2a, Shankill Road, Belfast – 1982ko azaroaren 16a, Glencairn, upper Shankill Road, Belfast) Ipar Irlandako paramilitar loialista bat izan zen. Ulsterko Boluntarioen Indarra (UVF) erakunde armatuko kidea izan zen, halere bere ospea Shankill Butchers ("Shankillgo Harakinak") hiltzaile taldeko buruzagia izateagatik datorkio.
Nahiz eta hilketak leporatu eta espetxeratua izan, oraindik hilketa gehiagoren arduraduna izatea ere eragotzi izan zaio, bai eta beste asko agindu edo antolatu izana ere. Bera eta bere talde odoltsuaren hilketa metodoa tabernan mozkortu ondoren eta haiek itxi ostean Belfast hiriko eremu katolikoetan taxi beltz batean barneratu eta kaletik zihoan biktima ausaz hautatu eta bahitzea izaten zen, ondoren bahitua katolikoa zela ziurtatu eta tortura latzen ostean hil egin ohi zuten (normalki zintzurra ebakiaz). Hori dela eta, sarri bai psikologiako adituek nahiz bera ezagutu zutenen arabera Murphyk serieko hiltzaile edo psikopata baten izaera zuela esan ohi izan da. Murphyk sekulako gorrotoa zien katolikoei, edozein solasalditan eurei buruzko iritzi eta biraoak aipatu ohi zituelarik, halere batzuen ustez bere arbaso batzuk katolikoak izatea baliteke, gainera Murphy abizena irlandar katolikoen artean oso ohikoa da, Murphyk hau ez zuela oso gogoka adierazi nahian, hortaz bere gorrotoaren iturria hor egongo litzatekela aipatu ohi da.
"Britainiar krimen historiako serieko hiltzaile handiena" gisa deskribatua izan da. Jende katolikoaz gain, bere taldearen aurkariak izan zitezkeen lehiakide protestanteak ere zirt eta zart hil zituen.
1972-1982 bitartean hamar hilabeteko denboraldian bakarrik egon zen aske, horietan ere hilketak burutu zituelarik. Espetxe barnean zegoela ere bere taldeari hilketa ugari agindu zizkion, honela bere gain zeuden susmoak desegiteko asmoz. Halere, ordurako bere patua idatzia zegoen. Komunitate katolikoaren aurka burututako sarraskiaren ondorioz, IRAk Lenny Murphy lehen mailako jomugen zerrenda beltzan sartu zuen.
1982ko azaroan 30 urte zituela Behin-behineko IRAk burututako atentatu batean hil zuten.
Esan ohi denez, UVF erakundeak berak eman izan omen zion IRAri Murphyren ohitura eta eguneroko mugimenduen berri, nahiz eta bi erakunde hauek elkarren arteko erabateko etsaiak izan, Murphyren sarraski eta tortura psikopatek kausa loialistari ematen zieten ospe txarraren ondorioz bai loialistek zein nazionalistek hartaz behin betiko desegitea aspaldi adostu omen zuten.
Ikus gainera
Kanpo estekak