Leninen testamentua

Leninen testamentua
Jatorria
Egilea(k)Vladimir Lenin
Ezaugarriak

Leninen testamentua edo Kongresurako Gutuna (errusieraz Pismo K Syezdu) 1922ko abenduaren 23-26an eta 1923ko urtarrilaren 4an Vladimir Leninek diktatutako txostena izan zen, etortzekoa zen Alderdi Komunistako Kongresurako zuzenduta.

Txostenean, Sobiet sistema aldatzeko jarraibideak nahiz alderdiko sei bururen (Joseph Stalin, Leon Trotski, Grigori Zinoviev, Lev Kamenev, Nikolai Bukharin, eta Georgi Piatakov) deskribapen labur bana agertzen ziren. Lenin bihotzeko larri batetik sendatzen ari zela idatzita, testamentuan aholkatzen zen Stalin alderdiko Idazkari Orokor postutik ken zezaten. Dokumentu honen interpretazioak anitzak izan dira. Ondorengoaren hautaketan gidatzeko ahalegina izan zitekeen, edo, hil baino lehenago boterea kenduko ziotelakoan, alderdikideen barne-mugimenduak zapuzteko saioa.

Txostenaren nondik norakoak

Txostenaren lehendabiziko erdian, Komite Zentrala handitzea iradokitzen zen. Gainera, Komite Zentralerako arrisku handiena Stalin eta Trotskiren arteko hartu-eman korapilatsua zela adierazten zen. Leninen hitzetan, eskuratutako botere eskerga kudeatzeko zuhur aski ez zen Stalin. Trotski, aldiz, Komite Zentraleko kide trebeena izanda, bure buruarengan konfidantza handiegia zeukan eta administrazio-atazetarako joera nabarmenegia zuen. Bukharin alderdiko teorizatzailerik hoberenetzat jo zuen, dialektikan erabat menderatzean kale egin arren. Halaber, Kamenev eta Zinoviev ez ziren zigortzekoak Urriko Iraultzan jokatutako paperengatik. Izan ere, boltxebikeen estatu-kolpearen kontra agertu ziren, eta matxinadaren planak argitara eraman zituen.

Bigarren erdia geroago idatzi zen, Stalinen gaineko iritziak okerragora egindakoan. Stalinek Georgiako nahigabea konpontzeko gaitasun eza erakutsi zuen, eta Krupskaia Leninen emaztearekin ez zen oso adeitsu agertu. Gizalege gabeko pertsonatzat jo zuen Leninek, eta Idazkari Orokorreko postutik kentzeko proposamena luzatu zion Kongresuari. Testamentuaren kopiak Leninek berak baino ez ziren irekitzekoak, edo, hilez gero, Krupskaiaren esku geratu zen eskubide hori.

Txostenaren hedadura

1924ko maiatzean, Lenin hil eta 4 hilabete geroago zein Alderdiaren XIII. Kongresua bildu baino egun batzuk lehenago, Krupskaiak Komite Zentralari helarazi zion testamentua, Leninek Kongresuari irakur ziezaioten nahi zuela adierazita. Komite Zentrala jadanik Stalinen esku zegoen. Testamentuaren argitalpena, baita aipu bezala ere, debekatzea eta Kongresuan ez irakurtzea, baizik eta kide batzuei jakinaraztea, erabaki zen. Honen ondorioz, Sobiet Batasunean barnan testamentuaren inguruko ezagupenak ez ziren oso zabalak izan. Stalinen agintaldian, gai debekatua bilakatu zen, eta honi buruzko aipamen irekia ia hiru hamarkadaz desagertu zen.

Sobiet Batasunetik ateratzeko bidea, ordea, aise aurkitu zuen txostenak. Max Eastmanek zati batzuk argitaratu zituen 1925ean. The New York Times egunkariak dokumentu osoa plazaratu zuen 1926ko urrian, Krupskaiarengandik zeharkako eran lortu ostean. Sobiet Batasunean, 1956ko Alderdiaren XX. Kongresuan, Nikita Khrustxevek testamentuaren zati batzuk tartekatu zituen Komite Zentralaren aurrean emandako hitzaldi sekretu eta ospetsuan, Leninen izenak abian jarri nahi zuen destalinizazio kanpaina bultza zezan.

Txostenaren zati aipagarriak

<<Nire ustez, egonkortasunari eusteko faktore nagusia Batzorde Zentraleko kideak dira; hala nola, Stalin eta Trotski. Nire iritziz, haien arteko harremanek, neurri batean, banaketa sor dezakete. Hori ez gertatzeko, uste dut Batzordde Zentraleko kide kopurua handitu beharko genukeela, 50 edo 100era arte. Stalin burkideak, idazkaritza orokorra lortuta, botere izugarria kontzentratu du bere eskuetan, eta ni ez nago ziur botere hori beti behar adinako zuhurtziaz erabiltzeko gai izango ote den. (...). Stalin zakarregia da, eta komunista garen aldetik ditugun harremanetan akats hori eramangarria izan daitekeen arren, ez da onargarria idazkari orokorrak jarrera hori izatea. Horrenbestez, alderdiko kideei proposatzen diet saiatzeko Stalin kargu horretatik kentzen, bestee pertsona bat jartzeko: eroapen handiagokoa, leialagoa, atseginagoa, kideei arreta handiagoa eskainiko diena eta ez hain apetatsua.>>

Kanpo estekak

Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!