Laurence E. "Larry" Page (Lansing (Michigan, AEB), 1973ko martxoaren 26a - ) Google bilatzailearen sortzaileetako bat da, Sergey Brinekin batera.
Ibilbidea
Larry Page 1972an jaio zen eta bere aitak, Michigango Estatu Unibertsitateko informatika irakasleak, txikitatik ordenagailuekiko zaletasuna irakatsi zion. Gaztetan zuen azkartasuna agerian jarriz, nerabe zela Lego eraikuntza-jokoan oinarrituta, injekzio-inprimagailu programagarria fabrikatu zuen. Aitaren bideari jarraituz, Informatika Ingeniaritzan lizentziatu zen Michiganen.
Pagek eta Brinek 1995eko udaberrian ezagutu zuten elkar, Stanfordeko Unibertsitateak bertako Informatikako doktoretzarako hautagaientzat antolatutako ekitaldi batean. Zenbait hilabete beranduago, unibertsitate horretarako liburutegi digitaleko proiektu batean lanean hasi ziren. Pagek web diseinua menderatzen zuen eta Brinek datuen tratamendua eta matematika. Biek elkarlanean, Interneten datuak bilatzeko algoritmoei buruzko azterketak hasi zituzten, Google bilatzailea bilakatuko zenaren lehen urratsa.[1]
1998an Google formalki enpresa gisa osatu zutenean, Page bilakatu zen CEO edo zuzendari nagusia, eta formalki Brin presidentea izan zen, bainta tandem baten gisara kudeatu zuten enpresa hastapenetan. Enpresaren hazkundea eta fama azkarraren aurrean, kudeaketa profesionalago bat bilatu nahi izan zuten inbertsoreek, eta Pagek CEO lana utzi zuen Eric Schmidten eskuetan. Orduan Page enpresako produktuen presidentea bilakatu zen 2001eko apirilaz geroztik.
2011n berriro CEO bihurtu zen Schmidten ordez, txantxa eginez Twitterren, "nagusien gainbegirada jada ez zela beharrezkoa" esanez. Postu horretan jarraitu zuen 2015 arte, non Google kontsortzio handiago baten parte bilakatu zen, Alphabet Inc. delakoa bihurtuz, eta orduan Page izan zen Alphabereko CEO. 2019ko abenduaren 3an postu hori utzi zuen Sundar Pichairen mesedetan, eta harrezkero ez du Googlen edo bere enpresa multzoan funtzio exekutibo zuzenik.
- ↑ Simancas, Pepe. (2005). Larry Page eta Sergey Brin, urre bilatzaileak. Gipuzkoa.eus.