Kataluniako Ezker Errepublikanoa (ERC) (katalanez, izen ofiziala, Esquerra Republicana de Catalunya) Katalunia eta Katalan Herrietako alderdi politiko ezkertiar, errepublikar eta independentista da.
2011tik alderdiko presidentea Oriol Junqueras da eta idazkari nagusia, Marta Rovira. Egoitza nagusia Bartzelonan dute.
Ezker Errepublikanoko Gaztediak (Joventuts d'Esquerra Republicana) gazte erakunde autonomoa alderdi honi lotua dago.
Alderdia 1931ko martxoan sortu zuten Sants auzoan (Bartzelona), Francesc Macia lehen presidentea zela. Urte hartako hauteskundeak irabazita, Macià Generalitateko presidente izatera iritsi zen. Maciá bi urte geroago hil zen, eta Lluis Companys alderdikideak karguan ordezkatu zuen 1938 arte, Francisco Francok errepublikaren erakundeak bertan behera utzi zituenean.
Francoren diktadura bukatu ondoren, 2000. urtean "Esquerra Republicana del País Valencià" (ERPV) alderdia sortu zuten ERCko federazio valentziarra eta "Front pel País Valencià" taldeek bat eginda. Ordutik hona 3.000-15.000 boto bildu izan dituzte hauteskundeetan, emaitzarik hoberenak 2004ko Europako Legebiltzarrerako lehian lortuta.
Bestela, 2003an ERCk Kataluniako gobernuan zortzi sailburu izan zituen lehen aldiz, PSC lehendakaritzan zela. 2006ko gobernuan berriro sartu ziren, bost ordezkarirekin.
2011ko Kataluniako Parlamentuko hauteskundeetan 219.173 boto eta hamar eserleku lortu zituen. Aldiz, 2012ko Kataluniako Parlamentuko hauteskundeetan 496.292 boto eta 21 eserleku lortu zituen.
Joventuts d'Esquerra Republicana de Catalunya (JERC) alderdiaren adar gaztea da, gaur egun 14 eskualdetako federaziotan banatuta dagoena: Alt Pirineu, Baix Llobregat, Barcelona, Camp, Catalunya Central, Catalunya Nord, Comarques Gironines, Illes Balears i Pitiüsses, Maresme-Barcelonès Nord, País Valencià, Penedès-Anoia, Ponent, Terres de l'Ebre eta Vallès.