Eskualdeak barneko eta kostaldeko Kroazia elkartzen ditu. Karlovac Zagreb eta Rijeka arteko autopistak zeharkatzen du, Zagreb 56 kilometrotara eta Rijeka 130era dituelarik.
Historia
Izenak Karlosen hiria esan nahi du, Karlos II.a Austriakoak sortu baitzuen 1579an Austriar Inperioaren hegoaldea otomandarren erasoetatik babesteko. Kupa eta Korana ibaiek bat egiten duten tokian eraiki zen sei puntako izarraren itxurako gotorlekua. Hiria handituz joan ahala Mrežnica eta Dobra errekak ere hartu zituen.
Zazpi aldiz saiatu ziren otomandarrak hiria hartzen, azkena 1672an, baina ez zuten sekula lortu. Baina 1594ko suteak hiriaren zati handiena erre zuen eta 1773ko izurri pneumonikoak biztanleriaren erdia hil zuen.
XX.mendean hiriaren garrantzia gutxituz joan zen eta Kroaziaren independentziaren gerran oso kaltetua gertatu zen.
Ekonomia
Tradizionalki Karlovačko garagardoaren ekoizpena izan da hiriko industria handiena. 2000 urtetik aurrera ordea armagintzan diharduen HS Produkt enpresa da hiriko garrantzitsuena.
Ondasun nabarmenak
Karlovac hiriak bi ezizen ditu, Lau ibaien hiria eta Parkeen hiria. Parkeak aintzinako gotorleku militarrean eraiki dira eta Ginkgo zuhaitz bat da bertako altxorra.
Hiriaren gainaldean Dubovac gaztelua dago, XIII mendean eraikitakoa.