Zagreb (zǎːɡreb ahoskatua) Kroaziako hiriburu eta hiri handiena da. Errepublikako gobernu, kultura, ekonomia eta zientzia hiri nagusia da. Austria-Hungariako Inperioaren garaian Agram eta Zágráb izenak izan zituen.
Geografia
Panoniako zabaldiaren hegoaldean kokatua dagoenez, Erdialdeko Europaren eta Itsaso Adriatikoaren arteko bide lotune garrantzitsua da. Hiria Medvednica (hartzen mendia) mendiko hegoaldeko magalaren eta Sava ibaiaren artean dago, gutxi gorabehera 122 metroko garaieran.
Bi muino ditu, bata Gradec, bertan Gornji Grad (hiri garaia) kokatzen delarik eta bestea Kaptol eta bien artean jadanik desbideratuta dagoen Medveščak erreka pasatzen zen tokian Krvavi most kalea dago. Hauen barrenean Trg Bana Jelačića plazak Donji Grad beheko hiri berriagoari paso ematen dio. Plazatik bertatik hasten da Zagrebeko etorbide nagusia den Ilica kalea ere, sei kilometro luze dena.
Historia
Erromatarrek Panoniako hiriburu izendatu zuten Andautonia k.o. I mendean.
Zagreben lehenengo aipamena 1094ko dokumentu batean ageri da, Hungariako errege Ladislao I.ak Kaptol fundatu zuenean Gradecen pareko muinoan. Hiri biak banatuta mantendu ziren mendeetan zehar, bata apezpikuaren herria izanik eta bestea erregeena. 1242an mogolek Kaptol erasotu zuten baina apezpiku hiriak aurrera egitea lortu zuen. Bela IV.a errege hungariarrak Gradec erresumako hiri aske bihurtu zuen, jauntxo feudaletatik salbu, artisauak erakarri nahi baitzituen hirira. Kaptol eta Gradecen arteko lehiakortasun handia etorri zen orduan, urteetan zehar istilu ugari izan zituztelarik. 1593anotomandarren erasoak etorri ziren, baina hauei ere ongi eutsi zieten.
XVII. mendean Nikola Frankopan Banak Gradec aukeratu zuen bizitzeko. Hurrengo mendeetan izurrite eta suteek hiri biak asko kaltetu zituzten eta hiri biek bat egitea erabaki zuten 1850an. Hiria nabarmen handitzen ari zen eta beheko lur lauetan zabaltzen hasi zen, Sava ibairaino iritsi arte.
XIX. mendean Zagrebek berpizkunde iliriar abertzalea hazten ikusi zuen. Lehen Mundu Gerraren ondoren Austria-Hungariako Inperioa desegitearekin batera esloveniar, kroaziar, serbiar, bosniar eta mazedoniarrek lehenengo Jugoslavia sortu zuten Alexandro I.aren agindupean. Hiriburua Belgrado aukeratu zuten, erregea zuen hiriburu bakarra baitzen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren ere egitura berdinak jarraitu zuen, herrialdea komunista bazen ere.
1991anKroazia askeko hiriburu bihurtu zen eta bertan daude Kroaziako gobernuaren egoitzak.
San Marko plaza (Trg Svetog Marka): Plazaren inguruan San Marko eliza dago, XIII. mendean eraikia, eta famatua teilatuan dituen Kroaziako eta Zagrebko armarriengatik. Horren alboan daude gobernuaren egoitza den Banski Dvor eta parlamentua den Sabor.
Santa Katalina plaza (Katarinin Trg): Plazaren inguruan daude Santa Katalina eliza dago eta bere alboan 1607an fundatu zen Lizeoa eta Kulmer jauregia, barruan arte garaikidearen museoa duena.
Kaptol:
Kaptol Katedrala: 1094ean aipatzen da lehen aldiz baina 1242an mogolek suntsitu ondoren berreraikia izan zen eta XIV. mendean gotortua izan zen otomandarren erasoen beldurrez. 1880an lurrikara gertatu zen eta suntsitutako zatiak berreraikitzean estilo neogotikoa erabili zen.
Donji Grad (Beheko hiria):
Ban Jelačićen plaza (Trg Bana Jelačića): Hiru auzoen elkargunea da plaza hau. Izena plazaren erdian dagoen estatuak ematen dio. Josip JelačićBanak 1848an hungariarrak Kroaziatik bota zituen herrialdearen askatasuna lortuz. Hasiera batean bere ezpatak Hungaria seinalatzen zuen baina komunistek erretiratu egin zuten eta 1991ean bere izeneko plazaren erdian jarri zuten ezpatak hegoaldera seinalatzen duen arren.
Kroaziako Antzoki Nazionala (Hrvatsko Narodno Kazalište): 1894-1895ean eraiki zen estilo neobarrokoan. Bere momentuan kritika ugari izan zituen hiritik aparte zegoelako eta artasoroak zeharkatu behar zirelako. Gaur egun bere inguruan Unibertsitatea eta Museoak daude.
Zagrebko Dinamo (Nogometni Klub Dinamo Zagreb): SplitekoHajduk taldearekin batera Kroaziako futbol talderik garrantzitsuena. 1966an Feria Kopa, UEFAren aurrekaria zena, irabazi zuen, Europako txapelketa bat irabazi duen talde kroaziar bakarra izanik.