KAE Ligako 2021eko denboraldiaKAE Liga arraun lehiaketaren hamaseigarren denboraldia izan zen. Bi mailako txapelketak ekainaren 19n hasi ziren Pasaian, eta abuztuaren 21ean (bigarren maila) eta 22an (lehen maila) bukatu ziren Hondarribiko eta Bilboko uretan hurrenez hurren; guztira, 27 estropada jokatu ziren[1]. 2021ekoa lehiaketa ez-ohikoa izan zen, COVID-19 pandemiak zenbait estropada baldintzatu baitzituen; esate baterako, lehenengo mailan lau ontzik ezin izan zuten arraun egin astebururen batean. Aurreko denboraldianTKE Ligan arraun egiteko aukera galdu ostean, Pedreña eta San Pedro elkarteak igoera play-offa jokatzeko txartela lortzen saiatu ziren berriro. Lehian lehen mailatik jaitsitako Kaiku eta KAE 2 mailatik igotako Castro eta Lapurdi elkartu zitzaizkien[2]. Guztira, 23 ontzi aritu ziren txapelketan, 13 lehen mailan eta 10 bigarrenean[3].
Denboraldi honetako txapeldun nagusia Getariako Arraun Elkartea izan zen. Guztira, 11,53 puntuko batezbestekoa eta 5 bandera eskuratu zituzten gipuzkoarrek, horietatik 2 beraien herriko estropadetan. Txapeldunordea, berriz, Kaiku Arraunaren Kirol Elkartea izan zen. Bizkaitarrek lehiaketaren bigarren zati paregabea egin zuten Jose Luis Korta entrenatzailearekin[4], eta 6 bandera eta 11,13 puntuko batezbestekoa lortu zuten. Bi ontziak, gainera, azkarrenak izan ziren irailaren 18an eta 19an jokatu zen igoera play-offean eta hurrengo denboraldian lehen mailan arituko dira[5]. Bestetik, ohorezko txanda Pedreñak eta San Pedrok osatu zuten; kantabriarrek 2 bandera eskuratu zituzten, sanpedrotarrek 1, eta seigarren egin zuen San Juanek beste 1[6].
Sailkapenaren beheko aldean, bestetik, Lapurdik (2,29 puntu) eta Astillerok (2,67) maila galdu zuten. Lapurtarrak ligako motelenak izan ziren eta lortutako emaitza onenak bi 10. postu baino ez ziren izan. Kantabriarrek, aldiz, beherakada handia izan zuten denboraldiaren amaieran eta 15 estropadetatik 7tan azken postuan gelditu ziren[6].
Guztira, 13 elkarte izan ziren hamaseigarren denboraldian parte hartu zutenak; horietatik 5 gipuzkoarrak izan ziren, 4 kantabriarrak, 3 bizkaitarrak eta lapurtar 1[3]. Aurreko denboraldiarekin alderatuz gero, berritasuna Kaiku, Castro eta Lapurdi elkarteen parte hartzea izan zen. Bizkaitarrak 2020ko denboraldian azken postuan gelditu ziren TKE Ligan eta mailaz jaitsi behar izan zuten[7]. Kantabriarrak eta lapurtarrak, aldiz, lehenengo bi postuak lortu zituzten KAE Ligako 2020ko denboraldian; beraz, lehen mailan arraun egiteko txartelak eskuratu zituzten[2].
1 Camargo, Destu-Bilbo, San Pedro eta Zumaia elkarteak ezin izan ziren lehian aritu jardunaldiren batean edo hainbatetan taldean COVID-19 positibo bat izateagatik. Araututakoaren arabera, kale egin zuten estropadetan ez zuten punturik jaso eta denboraldia amaitu zenean batezbesteko emaitza kalkulatu zitzaien.