Kōbō Abe (japonieraz: 安部 公房, Abe Kōbō?)
(Tokio, 1924ko martxoaren 7a - ibidem, 1993ko urtarrilaren 22a), Kimifusa Abe (japonieraz: 安部 公房, Abe Kimifusa?)
idazlearen izengoitia[1], japonierazko eleberrigile eta antzerkigilea izan zen.
Bizitza
Tokion jaio bazen ere, laster joan zen Mantxuriara bizitzera, han mediku baitzen aita. Haurtzaroan, besteak beste, entomologiak eta Kafkaren literaturak erakarri zuten. 1941ean Japoniara itzuli eta 1943an Tokioko Unibertsitateko Medikuntza fakultatean matrikulatu zen, baina Mantxuriara joan zen berriro, Bigarren Mundu Gerra bukatu eta aberriratu zuten arte. 1948an amaitu zituen ikasketak.
Urtebete lehenago, berak finantzatu behar izan zuen olerki-liburu baten argitalpena. Aldi labur batean antzerkigintza marxista landu ondoren, bere estilo berezia finkatu zuen, absurdoa eta kafkiarra, sarritan egoera xelebreetan aurkitu ohi diren pertsonaiez betea. Olerkari eta antzerkigile ere izan zen arren, Abe Kōbōk eleberria landu zuen, gehienbat. S. Karmaren krimena obrarekin Akutagawa Saria lortu zuen, 1951n. Kostaldeko herri bitxi batean atzemandako entomologo amateur bati buruz diharduen Suna-no-onna (1962, Hondarretako emakumea) eleberria nazioartean ezaguna izan zen film baten oinarria izan zen. Tanin-no-kao (1964, Bestearen aurpegia) eleberriak aurpegia desitxuratua duen gizon batek nortasun soziala berreskuratzeko egiten dituen ahaleginak kontatzen ditu. Aberen eleberri garrantzitsuak dira, halaber, Mapa aurritua (1967) eta Ezkutuko topaketa (1977). Telebistarako eta beste komunikabideetarako idazteaz gainera, bere antzerki-konpainia ere izan zuen Abe Kōbōk Tokion.
Erreferentziak
- ↑ Who Was Who in America, 1993–1996. 11 New Providence, N.J.: Marquis Who's Who, 1 or. ISBN 0837902258..