New Image edo Nazioarteko transabangoardia delakoaren ordezkari nagusietako bat da. Margolari moduan Bad Painting izeneko mugimenduan kokatu dute Schnabel.
Biografia
1965ean familiarekin Brownsvillera (Texas) joan zen bizitzera. Houstoneko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta 1972an, New Yorkeko Whitney museoaren Azterketa Independenteen Programan parte hartu zuen. 1976an, Texasen, bere lehen erakusketa egin zuen, Houstoneko Gaur Egungo Artearen museoan. Aurrerago bi bidaia egin zituen Europara. Bartzelonan, Gaudiren mosaiko arkitektura interesatu zitzaion bereziki. 1979an New Yorkeko Mary Boone galerian egin zuen erakusketan Plate Paintings aurkeztu zuen, orez betetako oihalak eta orean plater hautsiak sartuak. Arrakasta handia lortu zuen eta oso artista ezaguna egin zen. 1981ean beste erakusketa bat egin zuen Mary Boone eta Leo Castelli galerietan. Hurrengo urtean neoespresionistatzat hartu zuten, europar margolariekin batera.
1983an eskultura egiten hasi zen, brontzezko pieza handiak: Tomb Panels (1989), Joseph Beuysen omenezkoa. Margolari gisa, material berriek eskaintzen zizkioten aukerak aztertzen jarraitu zuen. 1986tik aurrera hitzak tartekatu zituen bere ikonografian, eta literatura eta erlijio erreferentziak erabili zituen Recognitions sailean (1978-1988). Schnabelen lanaren ezaugarri guztiak biltzen dituen obra nagusietako bat King of the Wood (1984) da; plater hautsien sailekoa da, eta gai mitiko eta erlijioso bat adierazten du. Bere koadroek arkeologia indusketak gogorazten dituzte, eta hildakoak oroitarazten dituzten ustel itxurako koloreez margotuta daude, 60ko hamarraldiko koadro koloretsuei kontrajarri nahiz bezala. Schnabelen lanean era askotako eraginak antzematen dira, Pollock eta Beuysena batez ere. Koadro handiak dira, eta tonua, oro har, erromantikoa da, bortxazkoa, niaren eta historiaren, eta bizitzaren eta heriotzaren arteko harreman pitzatuen halako adierazpen bat. Erabiltzen duen ikonografia greziar eta erromatar tradizioko, egungo kulturako eta judu eta kristau erlijioko sinboloez betea dago.