Lefevre 1852an Arte Ederren Eskolan sartu zen, urtero 1000 franko beka batekin ikasketak egiten jarraitzeko. Léon Cogniet-en ikaslea izan zen. 1855ean Parisko Saloian parte hartu zuen lehen aldiz, eta, handik aurrera urtero hartu zuen parte; 1898ra arte hirurogeita hamabi erretratu aurkeztu zituen. 1861ean Erromako saria irabazi zuen Priamoren heriotza lanarekin. Erromako egonaldian Italiako maisu handiak ezagutu zituen. Garai horretan, emakumezkoen biluziekiko erretratuen zaletasuna areagotu zen artistarengan; lehenengoa 1863an margotu zuen. Urte horretan bertan, gurasoen eta arrebaren heriotzek depresio larri batean murgildu zuten. Behin depresioa gaindituta, Parisera itzuli zen, orduan artearen beste ikuspegi berri batekin.
Erretratugile ospetsua, bere La Vérité (Orsay museoa) margolanak ospe handia eman zion. 1870ean Ohorezko Legioaren zaldun izendatu zuten eta Académie Julian erakundeko irakasle izendatu zuten; ikastegi horren ezaugarria bi sexue artistak biltzea zen. 1878an eta 1886an Paris Erakusketan dominak lortu zituen eta 1891an Arte Ederretako Akademiako kide hautatu zuten. Azkenean, 1898an Ohorezko Legioaren komandante mailara igo zuten.
Pintura erotikoaren generoan William-Adolphe Bouguereau margolariarekin norgehiagoka ibili zen. Lefebreren lanak museo askotan ikus daitezke. Haren lanen artean hauek aipa daitezke: