Juan Migel Gartzia de Bakedano Eulaten jaio zen 1739ko maiatzaren 15ean. Aita Larragoakoa zuen eta ama, erditzean hila, Eulatekoa. Aitona-amonak ere, inguru horretakoak.[2] Aita Eulateko beste emakume batekin ezkondu zen gero, eta ume gehiago izan zituzten. Ondoren, aita hil, eta amaordea berriz ezkondu zen.[1]
Gramatika ikasketak Lizarrako gramatika estudioan egin zituen, TeologiaGasteizen, eta Filosofia eta Morala Calatayuden. 1761eankapilautza bat lortu zuen sorterrian, Larragoako elizan izan zen gero, eta handik Arabara salto egin zuen. 1767az geroztik, Urabaingo eta Bikuñako parrokietan ibili zen. Ondoren jaioterriko parrokiara itzuli zen, 1796an uko egin zuen arte, bista eta erreuma arazoak tarteko. Ez omen zuen, edonola ere, ez eliztarrekin ez familiarekin harreman onik izan.[1]
1820ko abenduaren 18an hil zen, 81 urte zituela, eta herriko San Joan Bataiatzaile elizan ehortzi zuten.[1]
Lehenbiziko zatia Juan IrazustaHernialdeko erretorearen dotrinaren zati baten eskuzko kopia da. Baina testuaren orrietan aurrera egin eta, bat-batean, eten bat dago. Une batetik aurrera, beste tinta bat, beste luma bat erabili zuen idazleak. Bestelako idazkera… eta bestelako hizkera! Mintzo berezia, Nafarroako eta ekialdeko ezaugarriak mendebaldekoekin batera erabiltzen dituena! Hori bai, hori izan zitekeen, ustez behintzat, Eulateko ordu hartako mintzoa.[1]
Testu anonimo hori nork idatzi zuen jakitea izan zen hurrengo lana. Testu erlijiosoa izaki, egilea apeza izan zitekeen. Parrokia liburuak izan ziren lan horretan lagun. Liburu horietan bataioak, ezkontzak, heriotzak eta bestelakoak eskuz apuntatzen dituzte parrokoek, eta sinatu. Aski zen, beraz, testuko idazkera eta mendez mende Eulateko parrokiako liburuetan idatzi duten apezena konparatzea. Era horretan jakin zen, dudarik gabe, Juan Migel Gartzia de Bakedanok idatzi zuela.[1]
Eulateko dotrina dokumentuaren bost orritxoak urregorria dira Ameskoako XVIII. eta XIX. mendeetako euskara nolakoa zen jakiteko. Gainera, ezaugarri linguistiko berezi batzuk garai berekoa den Artatzako dotrinan ere daudenez, seguruago jakin dezakegu benetan erabiltzen zirela Ameskoan.[1]