Jacques Léonard Muller (Thionville, 1749ko abenduaren 11 – Saintes, 1824ko urriaren 1a) frantziar militarra izan zen, Mendebaldeko Pirinioetako Armadaren eta Alpeetako Armadaren buruzagia Frantziako Iraultzako Gerretan
Bizitza
1765ean sartu zen Frantziako Errege Armadan. 1791n, Iraultzaren ostean, kapitain bilakatu zen, eta Jemappesko guduan borrokatu zen 1792ko azaroaren 6an. 1793ko maiatzean brigada-jeneral mailara goratua, Pirinioetako Armadaren estatu nagusiko buru izendatu zuten uztailean, eta Mendebaldeko Pirinioetako Armadaren buruzagi nagusi urriaren 4an. 1794ko otsailaren 5ean, aurre egin zion Ventura Caroren erasoari Tellatuetan (Urruña).[oh 1] Uztailaren 23tik aurrera, Baztan haraneko gudu erabakigarria zuzendu zuen; abuztuaren 1ean, San Martzial, Irun eta Hondarribia frantsesen esku geratu ziren, eta Donostia abuztuaren 3an.[1]
Abuztuaren 21ean Alpeetako Armadaren buruzagi nagusi izendatu zuten; Bon-Adrien Jeannot de Monceyk ordeztu zuen mendebaldeko Pirinioetan. Osasunez makal baitzegoen, erretiroa hartu zuen 1795eko martxoaren 3an, baina 1798an zerbitzura itzuli zen. Rhineko Armadaren buru izendatu zuten 1799ko uztailaren 18an, eta irailaren 18an garaitua izan zen Mannheimgo guduan. 1804an, Ohorezko Legioko komandante izendatu zuten. 1824ko urriaren 1ean hil zen Saintesen.
Oharrak
- ↑ Frantsesez Croix des Bouquets edo Camp des Sans Culottes deitua.
Erreferentziak