Izar misteriotsua (frantsesez: L'étoile mystérieuse) Hergék idatzi eta marraztutako Tintinen abenturak kontatzen dituen komiki bat da, Tintinen komikien artean, zuzenean koloretan argitaratu zen lehena. Saileko beste komiki batzuk bezala, bi bertsio ditu, lehena 1942an egina eta bigarrena 1952an.
Istorioa
Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.
Tintinek Lurrera geroz eta gehiago hurbiltzen ari dela dirudien izar bat ikusten du. Behatokian Calys irakaslea ezagutzen du, ordu gutxitan Lurraren aurka talka egin eta munduaren amaiera eragingo duen meteorito bat dela esaten diona. Zorionez, zientzialariek huts egin zuten euren kalkuluetan eta meteorito aldendu egiten da, baina honen txatal bat Ipar Itsasoan erortzen da. Azterketa batzuk meteoritoak propietate bitxiak dituen metal ezezagun bat duela diote, Calys irakasleak metal hau calysteno bezala izendatzen duelarik. Espedizio bat antolatzen da itsasora erori den txatala berreskuratzeko.
Espedizioan, mundu osoko zientzialari ospetsuekin batera, Tintinek eta Haddock kapitainak parte hartzen dute. Baina beste espedizio bat antolatu duen eta protagonistak aerolitora bere gizonak baino lehenago iris ez daitezen edozer egingo duen eskrupulurik gabeko enpresaburu bati aurre egin beharko diote.
Bitxikeriak
Komiki honen lehen bertsioa Bigarren Mundu Gerran egin zen, Belgika nazien okupaziopean zegoenean, istorioan islatzen dena.
- Enpresaburu maltzurra Blumenstein izeneko judu estatubatuar bat da, bigarren bertsioan Bohlwinkel bihurtuko dena, latinoamerikako Sao Rico fikziozko herrialdeko bankaria.
- Enpresaburuak antolatutako espedizioak ez du AEBen banderarik eramaten behin betiko bertsioan, baina bai lehen bertsioan.
- Espedizioa osatzen duten zientzialariak, guztiak Erroma-Berlin-Tokio Ardatzaren barnean dauden herrialdeetakoak do herrialde neutraletakoak dira, bakar bat ere ez delarik Aliatuen arteko herrialdekoren batekoa.
1952an eginiko aldaketek istorioaren nazien aldeko kutsua arintzen dute, nabarmenak ere ez diren arren. Bohlwinkel ere judu abizena da (baina ez Blumenstein bezain ezagugarria) eta pertsonaiak propaganda antisemitan juduei ematen zaizkien ezaugarriak izaten jarraitzen du: sudur handia, ezpain sendoak...
Komiki honetan Haddock kapitaina bigarren aldiz agertzen da. Honen aurrekoa den Urrezko hagindun karramarroa komikian erremediorik gabeko alkoholiko bat bazen, honetan Alkoholaren aurkako Itsasgizonen Ligako presidentea da, baina konbentzimendu askorik gabe.
Kanpo estekak