Ioritz Gisasola

Ioritz Gisasola

Bizitza
JaiotzaMallabia
Herrialdea Bizkaia
Jarduerak
Jarduerakaizkolaria

Facebook: ioritz.gisasolaagirregabiria Instagram: ioritz_gisasola Edit the value on Wikidata

Ioritz Gisasola Agirregabiria "Zelai IV.a" (Mallabia, Bizkaia, ) herri-kirolaria da, harri-jasotzailea.[1]

Biografia

Learreta-Markina eskolan ikasi zuen.

Herri kirolen munduan jaio eta hazitakoa da. Familiatik datorkio herri kiroletarako zaletasuna, betidanik ikusi baitu etxean. Aizkoran ibilia da aita, Agustin Gisasola (Zelai II.a). Jose Antonio Gisasola (Zelai I.a) osaba harri jasotzailea izan da. Karmele Gisasola Zenikazelaia (Zelai III.a) lehengusina du eta harri-jasotzen ibiltzeaz gain, ingude-jasotze, txinga eramate, aizkoran eta trontzan ere aritzen da. Jon Gisasola Zenikazelaia (Zelai V.a) lehengusua, besteak beste, harrijasotzen aritzen da.

Pentatloi ibilbidea

2018an herri kirolen banakako pentatloi txapelketa berreskuratu zenetik, Herri kirolekiko ikusminak gora egin du eta urteroko hitzordu bihurtu da. Kirolariak diziplina askotan beharrean ipintzea arrakasta formula izan da. Olatua aprobetxatuz, zenbait aldaera sortu dituzte eta Euskadiko binakako txapelketa da euretariko bat.

Jon Gisasola, Xabier Zaldua eta Ioritz Gisasola, 2021

2021ean Durangaldeko Ioritz Gisasola eta Jon Gisasola lehengusuak Binakako Pentatloi finalerdietan lehen postuan sailkatu ziren.[2] 12 bikotek parte hartu zuten finalean eta txapeldunordeak izan ziren.[1] Bikoteak pentatloi txapelketaren errege (Euskadiko banakako hasierako hiru txapelketa irabazitakoa) Xabier Zaldua zumarragarra izan zuen entrenatzaile. Aurretik zuten harremana. Zalduak banakako pentatloian parte hartzen hasi zenean, harri-jasotzen hobetu nahi zuenez, Zelai I.ari (Jose Antonio Gisasolari, Ioritzen osabari) eskatu zion laguntza. Zaldua Mallabira sarritan etortzen zenez, hartu-eman itzela sortu zen berarekin. Zaldua entrenatzaile izateak lehengusuei asko erraztu zien lana. Laguntza handia izan zen: trantsizioak zelan egin, zailtasun bakoitzaren aurrean zelan jokatu…[1]

Bikote bakoitzaren lanak hauexek izan ziren: 20 altxaldi 100 kiloko bolari, giza proban plaza bana, kanaerdiko enbor bi moztu aizkorarekin, sei plaza txingak eskuetan hartuta, eta kilometro bi korrika. Bikoteko kide bakoitzak lan minimo bat egin behar zuen proba bakoitzean. Lehengusuen kasuan, bakoitzak bere espezialitatean aritu zen gehien: Ioritz aizkorarekin eta Jon harri-jasotzen. Giza proban eta txinga eroaten lan berdina egin zuten: plaza bana eta hiru eramanaldi bakoitzak, hurrenez hurren. Azkenik, korrika Ioritzek 1200 metro eta Jonek 800 metro.

2022ko irailean Bakarkako V. Pentatloian 12 partaide izan ziren. Horietako 8 partaide urtean zehar eskuratutako lorpenekin pasatu ziren finalera, (Jon Gisasola Zelai V.a, Beñat Amade, Julen Kañamares, Aritz Irazabal, Julen Gabirondo, Iñaki Errazkin, Joseba Otaegi eta, Andoni Iruretagoiena Izeta VI (2021eko txapelduna) pasatu ziren. Bestalde kanporaketa jokatu ondoren sailkatu ziren (Ioritz Gisasola edo Zelai IV.a, Aitzol Atutxa, Jokin Urretabizkaia Basozabal eta Xabier Zaldua (hasierako hiru edizioetako txapelduna)).[3]

Jon Gisasola eta Ioritz Gisasola IV. Pentatloirako gertu, 2023.06.08

2023ko ekainaren 11n IV. Binakako Euskal Pentatloia jokatu zuen Jon Gisasola lehengusuarekin Tolosako zezen plazan. Durangaldeko lehengusuek bikote hauexek izan zituzten lehiakide: Andoni Iruretagoiena-Xabat Olaizola, Xabier Zaldua-Aratz Mugertza, Julen Gabirondo-Beñat Telleria, Aritz Irazabal-Beñat Amade eta Julen Kañamares-Jagoba Otaegi. Hauxek izan ziren gizonezkoen lehia horretan osatu beharreko lanak: Harriari 40 jasoaldi, giza-proban lau plaza, aizkoran lau kanaerdiko, txinga-eramaten zortzi plaza eta korrika lau kilometro.[4]

2023ko Binakako Pentatloiaren IV. edizioan Ioritz Gisasola lehena izan zen hasierako txandan lehena izan bazen ere [5]Julen Gabirondo eta Beñat Telleria izan ziren txapeldunak, 36 minutu eta 35 segundutan lanak beteta, inoizko marka onena egin zuten.[6]

Palmaresa

  • 2021ean binakako Pentatloian txapeldunordea Jon Gisasola lehengusuarekin batera.[1]

Pentatloia, herri kirolen berreskurapena

Banakakoa

28 urte egin gabe egon ondoren,[7] 2018an berriz ekin zitzaion banaka Pentatloia ospatzeari. Lehen berrekitaldian 5 lagunek parte hartu zuten, kopuruak gura eginda, 2022an 23 partehartzaile izan ziren. Bi edizio beranduago hasi zen emakumezkoena ere bai.

Egin beharreko lanak hauexek dira: 100 kiloko harria 10 aldiz altxatu, giza-proban 400 kilo eraman, 2 enbor( kanaerdikoa eta 45 ontzakoa), 50 kiloko txingekin 3 plaza bete, eta kilometro bat korrika.[7]

Erreferentziak

  1. a b c d «Gisasola lehengusuek elkarregaz parte hartuko dute Euskadiko pentatloi txapelketan, eta Xabier Zaldua izango dute botilero - Mallabia» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2023-07-04).
  2. «Ioritz eta Jon Gisasola lehenengo postuan sailkatu dira Euskadiko pentatloi txapelketako finalerako - Mallabia» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2023-07-04).
  3. (Gaztelaniaz) Zugasti, Xabier Beristain. (2022-09-02). «Una docena de aizkolaris peleará por entrar en la final» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2023-07-04).
  4. «Ioritz eta Jon Gisasola lehengusuek IV. Euskal Pentatloian parte hartuko dute domekan, Tolosako zezen plazan - Mallabia» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2023-07-04).
  5. (Gaztelaniaz) Castaño, Iker. (2022-09-25). «Pentatlón vasco en Azpeitia: Las txapelas se quedan en casa» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2023-07-04).
  6. «Gabirondo eta Telleria, pozik Binakako Euskal Pentatloia irabazi eta inoizko marka onena ezarri ostean» EITB 2023-06-14 (Noiz kontsultatua: 2023-07-04).
  7. a b (Gaztelaniaz) «El pentatlón vasco regresa 28 años después» Mundo Deportivo 2018-06-27 (Noiz kontsultatua: 2023-07-04).

Kanpo estekak

Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!