Manolo eta Arrateren bost seme-alabetan zaharrena, aita Ermua futbol taldeko entrenatzailea zuen eta, umetan kirol horretan aritu bazen ere, 13 urterekin hasi zen eskolan eskubaloira jokatzen, Teodoro Zuazua ikastetxeko irakasle batek pilota eta futbolaren ondoan “kirol berritzat” aurkeztu zienean. Ezkertia zen eta hori abantaila zen eskubaloian, jokalari gutxi egoteaz gain posizio batzuk betetzeko mesederako delako.[1][2][3]
Kirol ibilbidea
Hainbat taldetan jokatu du: Eibarko Arraten, Barakaldon, Arrasaten, Gasteizko Caja Vital eta Castelloko Vinaros taldeetan besteak beste. Arratekoekin Euskadiko Liga irabazi zuen.[4]
Jokatzen zegoela oso garbi zuen entrenatzaile izatea nahi zuela eta horretan formatzeari ekin zion. 1992an Espainiako Entrenatzaile Nazionalaren karneta eskuratu zuenetik trebatu izan ditu talde amateurrak eta profesionalak, neskenak zein mutilenak, eskola kirolekoak, Euskal Herri mailakoak, Estatukoak…
Ermuan neska txikiekin hasi zen, Eibarren gero mutil gazteak hartu zituen eta Arrasaten beste talde bat. 1998tik 2006 beste lan batzuetan aritu zen, Eibartik deitu zioten arte, Asobal ligako profesionalak entrenatzeko. 2013an Donostiako nesken Bera Bera taldearen eskaintza jaso zuen, Reyes Carrere ordezkatuz.[4][5]
Hasi eta urte betera semea jaio zen eta aldi batez laga egin zuen Donostiako ekipoa, Ermuko nesken Errotabarri taldearen ardura hartuz. 2018an Bera Berara itzuli zen eta harrezkeroztik bertako lehen entrenatzailea da. 2017an Espainiako Selekzioko gazteak entrenatzen hasi zen eta 2021etik Espainiako nesken lehen selekzioa, bigarren entrenatzaile gisa.[6][7]
Aitortzak
2023an Eskubaloiko Espainiako Federazioak zilarrezko intsignia eta domina eman zion selekzio junior eta absolutuarekin garatutako lanaren aitorpen gisa[8]